Tubos Reunidosi 2021ean emaniko mailegua itzultzeko baldintzak «malgutzeko» prest dago SEPI industria partaidetzarako Espainiako sozietate publikoa. Azken egunetan zabaldu da hodigintza enpresa erosteko lehian dauden enpresetako bakar bat ere ez dagoela prest zor hori bere gain hartzeko, eta, keinu horren bitartez, haien konfiantza suspertu nahi izan du.
SEPIk gaineratu du legez nola egin aztertzen ari dela, Europako Batzordeak iragan astean jakinarazi baitzuen ezin duela zorra barkatu, eta Tubos Reunidos erosten duen konpainiak modu solidarioan hartu behar duela bere gain: enpresaren zor osoa 300 milioi eurokoa da, eta horien erdia du SEPIrekin.
Ikusi gehiago
Belen Gualda SEPIko presidenteak eskutitz bat bidali dio hartzekodunen konkurtsoko kudeatzaileari, eta bertan esan dio «borondate osoa» duela enpresaren bideragarritasunari bide emango dioten neurriak hartzeko. Betiere finantzaketa publikoaren legeak onartzen dituen mugen barruan.
Eskutitza hautagaiei bidal diezaiela eskatu dio Gualdak kudeatzaileari. Haiek lasaitzeko idatzitako agiri bat da, eta esaten die haien eskaintzak aztertzeko prest dagoela. Helburua argia da: «haien konpainientzat eta negozioentzat konponbide bideragarri bat aurkitzea».
Proposatzen dituen aukeren artean daude itzultzeko epeak edota beste baldintza batzuk aldatzea. Ikusteko dago proposamenak hautagaien jarrera aldaraziko duen, eta, ondorioz, langileen ordezkariekin egin beharreko bilerak egitera deitzen duten. Welspun Indiako hautagaiak gaurko zuen deitua bilera, baina bertan behera uztea erabaki zuen, SEPIren korapiloa argitu arte.