Tubos Reunidos erosteko, eta konkurtso kudeatzailearen galbahea, pasatu duten bost enpresetako bat ere ez dago prest konpainiak SEPIrekin duen zorra bere gain hartzeko. ESK sindikatuak jakinarazi duenez, kudeatzaileak langileei jakinarazi die bostek marra gorri bat jarri dutela hor: «zorra ez onartzea bost eskaintzen baldintzetan ageri da». Bostek atzera egiteko beta dute oraindik.
Kudeatzailea atzo bildu zen Trapagarango (Bizkaia), Amurrioko (Araba) eta Iruña Okako (Araba) langileekin eta bertan azaldu zien baldintza hori. Gauzak horrela, zor hori da konpainiaren enkanteak egun duen oztopo nagusia, eta hautagaiak uxatu ditzakeen mamua. Tubos Reunidosek 300 milioiko zorra du, eta erdia, 150 milioi inguru, SEPIrekin du. SEPI Espainiako Ogasun ministerioaren menpeko enpresa publiko bat da eta 2021ean 112 milioi euroko mailegua egin zion Tubos Reunidosi hura erreskatatzeko asmoz.
Hautagaiek Tubos Reunidos erosteko eginiko lehen eskaintzak ez dira lotesleak eta oraindik atzera egiteko aukera dute
Urteen eta interesen poderioz, baina, 150 milioi eurokoa bihurtu da, enpresak ia ez baitu ezer kitatu. Sindikatuek askotan salatu dute zuzendaritzak zor hori kudeatzeko modua izan zela egungo egoera txarraren arrazoietako bat. Hori gutxi ez balitz, Espainiako Auzitegi Nazionala mailegu hori baliatu zuten negoziazioak ikertzen ari da, ustez eskupekoak banatu zirelako eta influentzia trafikoa egon zelako. Auzi horrekin lotuta Guardia Zibilak Tubos Reunidosek Bilbon dituen bulegoak miatu zituen ekainean.
Buruhaustea larria da, eta atzera kontaketa baten menpe dago. Bost hautagaiek eginiko lehen eskaintzak behin behinekoak dira eta kudeatzaileak abenduko lehen astera arteko tartea eman die behin betikoak eskaintzak egiteko. Alegia, oraindik atzera egiteko denbora badutela, eta sindikatuak zabaldurikoaren arabera, ikusteko dago ausartuko diren. Bien bitartean bostek aurreratu dute langileen ordezkariekin bilduko direla.
ESK-k «inplikazio erreala» eskatu die Eusko Jaurlaritzari, Espainiako Gobernuari eta, bereziki, SEPIri. Orain arteko jarrera «itxia» aldatzeko eskatu dio, «operazioa arriskuan jartzen ari delako» eta parte hartzeko publiko «modu ezberdinak» azter ditzala. ELA sindikatuak zorra bideratzeko modu bat jarri zuen atzo mahai gainean: zorra akzio bilakatzea.
Zor solidarioa da
Korapiloa askatzea, baina, ez da erraza, Europako Batzordeak ez lukeelako baimenduko zorra kitatzea. El Correo agerkariak zabaldu duenez, eta EBk maileguari buruz eginiko txosten baten arabera, Espainiako Gobernuak ezin du zorra alde bakartasunez kitatu. Dioenez, mailegu hori «estatu laguntzak» izan ziren, eta horrenbestez Espainia haren itzulera exigitzera «behartuta» dago.

Are gehiago, laguntza jasotako enpresa eskuz aldatuko balitz, erosleak zor hori «modu solidarioan» onartu beharko lukeela zehazten du, eta hori da hain zuzen hautagaiek onartu nahi ez duten zama. Halaber, baldintza hauetakoren bat aldatzeko Bruselak espresuki onartu beharko lukeela argitzen du.
Gauzak hala, argi dago auzia jokaleku politikoan dago, eta mailegua zipriztintzen duen ustezko ustelkeria kasuak ez du laguntzen. Mailegua Espainiako egungo gobernuak onartu zuen, baina azaroaren 29an hauteskundeak daude eta ikusteko dago aldatuko den hala ez. Bien bitartean gobernuak indarrean jarraitzen du eta ikusteko dago hura saiatuko den Europarekin negoziatzen edo hurrengoaren ardura izango den.
Welspun astelehenean bilduko da Trapagarango langileekin
Azken asteetan zurrumurru ugari zabaldu da Tubos Reunidos erosteko interesa izan duten eta kudeatzailearen galbahea igaro duten konpainien inguruan. Apurka zerrenda argitzen joango da, langile batzordeekin bilerak eskatu hala. Pausoa ematen aurrenekoa Welspun Group Indiako multzinazionala izan da, eta astelehenean bilduko da Trapagarango langile batzordeko kideekin. Konpainia handia da, guztira 40.000 langile baino gehiago ditu eta sektore askotan ditu enprersak. Beste lehiakideetako bat Jose Antonio Jainaga buru duen enpresetako bat da. Baina nola da hain ziurra Jainaga sartuta dagoela? Bada Jainaga bera joan zelako Tubos Reunidoseko plantak ikuskatzera. Langile batzuek enpresaria ezagutu egin zuten bisitetako batean. Nabarmentzekoa da Jainaga ingeniari industriala dela ikasketaz eta badakiela zer den fundizio bat, besteak beste, Sidenorreko presidentea baita.