Antzerkia

Xaneukier taldeak jasoko du Lautan Hiru jaialdiaren antzezlanak sortzeko laguntza

'Komunikatzen' izeneko proiektua garatzeko jaso du babesa. 2.500 euro eskuratuko ditu, eta hurrengo Lautan Hiru jaialdian estreinatuko du, 2027ko otsailean. Giza harremanei buruzko umorezko «antzezlan esperimental eta parte-hartzailea» izango da pieza.

Xaneukier konpainiako kideak. EUSKALTZAINDIAK UTZIA
Xaneukier konpainiako kideak. EUSKALTZAINDIAK UTZIA
Inigo Astiz
2026ko urriaren 15a
13:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

2019an antolatu zuten lehenengoz Lautan Hiru jaialdia, eta euskarazko antzerki laburrak izan ditu ardatz geroztik. Euskaltzaindiak, Tartean konpainiak, Bira Kulturak eta Zazpi Katu gaztetxeak antolatzen dute elkarlanean, eta Bilboko Zazpikaleetan urtero egin ohi duten emanaldi zikloa izaten da haren alderik ikusgarriena. Baina antzezlan laburrak sortzeko laguntzak ere ematen ditu jaialdiak 2020az geroztik, Bilboko Udalaren babesarekin, eta oraingoan Xaneukier taldeak jasoko du babes hori Komunikatzen proiektua garatzeko. 2.500 euro jasoko ditu horretarako, eta hurrengo Lautan Hiru jaialdian estreinatuko du lana, 2027ko otsailean.

Oier Garamendik idatzi du piezaren gidoia, eta hura taularatzeko hiru hilabeteko epea izango dute orain Xaneukier konpainiakoek. Egileen hitzetan, «antzezlan esperimental eta parte-hartzailea» izango da emaitza, eta komunikazioa eta giza harremanak izango ditu ardatz. Gai horiek umorearen bidez landuko dituztela ere zehaztu dute. Proiektuak aztertu dituen epaimahaiaren hitzetan, «testu bizia» ondu du Garamendik, «hausnarketarako bideak irekitzen dituena, elkarrizketa zirikatzaileekin zipriztindua». Eta, gaineratu dutenez, gaurkotasun handiko gaia jorratzen du lanak.

Euskarazko antzerkia sustatzea eta, batez ere, lan laburren sorkuntzari bultzada ematea dira laguntza horien xedeak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA