Ekintzailetzaren eta berrikuntzaren bitartez, Bizkaiko Foru Aldundiak herrialdeko ehun ekonomikoa sendotu gura du. Horregatik, Ekonomia Sustatzeko Sailak zuzeneko laguntzak lehenetsiko ditu datorren urteko aurrekontuan, Ainara Basurko diputatuak azaldu duenez. Guztira, 83,4 milioi euro izango ditu, aurten baino %2,5 gehiago. Baina igoera nabarmenenak laguntzetan igarriko dira. Berbarako, %24 haziko dira ekintzaileei eta start-up-ei emango zaizkienak —4,7 milioi euro—. Osotara, 13,4 milioi euro erabiliko dira ekintzailetzari lotutako programetan.
Berrikuntza arloak 30,8 milioi euro izango ditu —%15 gehiago— zerbitzu aurreratuak eta industriaren lehiakortasuna sustatzeko. Zenbateko horretatik 24,1 milioi euro enpresentzako zuzeneko laguntzen programetarako erabiliko dira; hau da, %7,3 gehiago. Laguntza horiek arlo askotako proiektuak garatzeko modua emango dute, diputatuaren esanetan: berrikuntza, nazioartekotasuna, digitalizazioa, ikerketa eta garapena, deskarbonizazioa, ekonomia zirkularra eta kudeaketaren hobekuntza.
Ogasunak 46 milioi erabiliko ditu informatika planerako
Bizkaiko Ogasun eta Finantza Sailak 169 milioi euro izango ditu datorren urtean; aurten baino %4 gehiago. Erdia baino gehiago, langileen soldatak ordaintzeko izango da. Beraz, geratzen zaizkion 75,1 milioietatik 46 Informatika Planean inbertituko ditu. Itxaso Berrojalbiz diputatuaren esanetan, besteak beste, Batuz sistemari erantzuteko izango dira berritasunak. Teknikari bi sortuko dituela ere iragarri du. Hiru milioi erabiliko ditu Loiun orube bat urbanizatzeko, gero etxebizitzak eraiki ahal izateko. Gainera, ia milioi bat jarriko ditu EAEko Ekonomia Itunaren 150. urteurrena ospatzeko ekitaldietarako eta ituna bera aztertzeko eta zabaltzeko ekintzak sustatzeko.
Era berean, 2,7 milioi euro gordeko dituzte BAT, B Accelerator Tower nazioarteko ekintzailetza zentroarentzat; lehen eta bigarren faseak egonkortu gura dituzte, eta hirugarrena bultzatu. Beste 2,4 milioi euro Seed Capital Bizkaia sozietateari emango dizkiote, enpresak sortzea eta haztea erraztuko duten finantzaketa tresnak garatzen jarraitzeko.
Herrialdeko garapen teknologikoko zentroen sareak 5,7 milioi euro izango ditu, aurten baino %70 gehiago. Horri esker hainbat zentro garatuko dituzte aurrerantzean ere: BIQAIN, Bizkaia Quantum Industrial Hub, Energy Intelligence Center, Automotive Intelligence Center, BIKE, Global Smart Grids Innovation Hub, Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa eta Hub Audiovisual Bilbao Bizkaia.
Talentuaren eta enpresek behar dituzten lan profilen arteko arrakala murrizteko, Basurkoren sailak 7,06 milioi euro jarriko ditu STEM eta kualifikatutako talentuak garatzeko, erakartzeko eta fidelizatzeko. Bost milioi euro erabiliko dituzte eskualdeen arteko oreka sustatzeko; gehienak Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiak eta eskualdeetako eragileekin bultzatutako proiektuek jasoko dituzte.