Zuzenean

Donostiako finalaurrekoa zuzenean

Gaur ari da jokatzen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako azken faseko lehen bertso saioa, Donostiako Illunben. Sei bertsolari arit dira kantuan: Agin Laburu, Aitor Mendiluze, Aner Peritz, Joanes Illarregi, Julio Soto eta Saioa Alkaiza.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa | Finalaurrekoak | Donostia
Iratxe Muxika
2026ko azaroaren 21a
16:30

Donostiako Illunbe bertsozalez bete da gaur, hantxe hasi baita Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen bigarren buelta. Edo, bertzela erranda, txapelketaren azkeneko fasea. 24 bertsolaritik hemezortzi pasatu dira lehen bueltatik bigarrenera, eta horietatik sei ari dira gaur kantuan: Agin Laburu, Aitor Mendiluze, Aner Peritz, Joanes Illarregi, Julio Soto eta Saioa Alkaiza. Gai emaile, berriz, Ander Aranburu Arriola ari da. 

Irabazlea zuzenean sailkatuko da finalerako, eta gainerakoek fase amaierara arte itxaron beharko dute, puntuazioaren arabera erabakiko baita abenduaren 20ko finalean nor arituko diren. Finalaurrekoen lehendabiziko bueltan lortutako puntuak eta bigarren honetan lortutakoak gehitu eginen dira, eta puntu batuketa horrek emanen du buruketaren emaitza: zer zazpi bertsolarik kantatuko duten Maialen Lujanbiorekin Iruñeko Nafarroa Arenan. 

Bi saio gehiago izanen ditu fase honek, Gasteizkoa eta Bilbokoa, eta azkeneko horretan itxiko da finala, abenduaren 5ean.

azken momentuan

«Telefonoa etxean ahaztu duzu goizean, eta dagoeneko arratsaldea da». Halaxe zioen Illarregiren egoerak, eta ongi-ongi osatu ditu lanak. «Zenbat mezu izango/ dituzu bueltan/ mila izango dira/ hasiz zenbaketan/ baina hontara ezkero/ diotsut benetan/ erantzun gabe egon/ behar dute bertan», izan da bigarren bertsoa, eta hauxe hirugarrena: «Ahaztea bilaka/ liteke ohitura/ hola askatuz orain/ daukadan lotura/ mugikorrak jartzen du/ gehienontzan muga/ bizi ahal izateko/ lasai ta gustura».

«Kamioilaria zara; egun asko igarotzen duzu etxetik kanpo», zioen Peritzen puntu erantzunetarako gaiak. Hiru bertso osatu behar ditu bertsolari bakoitzak, eta hauxe izan da Peritzen hirugarrena, gai emaileak lehen puntua jarrita: «Etxera itzulera/ beti da goxoa/ ta hartzen duzunean/ babes erosoa/ sentipen arraro bat/ da kuriosoa/ nik sofan pasatzen dut/ atsalde osoa».

Bikoteka aritzeko lanak bukatu dituzte jada, eta bakarkako ariketetara egin dute salto. Mendiluze izan da lehena, eta egoera honen aitzinean hiru puntu erantzun osatu behar izan ditu: «Aspaldi ez duzu jendearen aurrean antzeztu, baina oholtzan zaude berriro ere». Zehatz eta agudo osatu ditu lanak. 

Alkaiza eta Laburu pisukideak izan dira. Laburuk ordu erditik goiti pasatzen du egunero komunean, eta gaur ere haren zain da Alkaiza. 

Umorez abiatu da Alkaiza: «Ze kristotan zabiltzan/ kontatu, xuxurla/ ta ez esan orrazten/ pasatzen duzula». Eskuak astindu ditu Labururen erantzunak: «Lentillen bila nabil/ Saioa, ez pentsa/ zure krema tartian/ ez dago erreza». 

Erantzuten bizkorra da Alkaiza: «Agian dinamika/ ez duzu pillatu/ betaurrekoak jantzi/ ta gero bilatu». Eta berearekin segitu du Laburuk: «Garbitzeko ez degu hainbeste gaitasun/ hilabete hontan zuri/ tokatzen zitzaizun». 

Hiru bertsoetan asmatu du bikoteak. «Bai, beraz garbitzeko/ sartu egin beharko/ utz ezazu lentillen/ kontua biharko/ pisukide maitia/ beti zaude guapo/ ta hau komuna deitzen da/ komuna delako», akabatu du Alkaizak, eta entzulea txaloz jarri Laburuk: «Libre utziko dizut/ pasa, lasai, pasa/ ta bazpare kanpuan/ har zazu arnasa».

Lagunak izan dira molde berean Peritz eta Soto. Bizikletan egun pasa bat proposatu zion Sotok Peritzi, ingurua ongi ezagutzen zuelakoan, eta bigarren aldiz pasatu berri dira ermita beretik. 

Aitzineko ofizioari egin dio keinu Peritzek: «Joanesen publikoa/ izan nahi al duzu?». Eta hala segitu du Sotok: «Jakin dakit zarela/ nahiko pekatari/ sartu ta errezatu/ goian dagonari/ ez dio kalte egingo/ zure arimari». 

Umorea egiten asmatu du Peritzek: «Julio bide honetaz/ nago narda-narda/ utzi bakean nire/ arimaren karga/ hemen fedea baino/ google maps behar da», baita hirugarren bertsoan ere: «Utzi behar al niduzun/ itoen antzeko/ Stravan super ona/ zarela jartzeko». Halaxe itxi du lana Sotok: «Ez zaitezela itzan/ zu nire epaile/ Stravan jarriko dut/ detailez detaile/ Julio aurretik ta/ Aner laguntzaile». 

Umorera egin du saioak salto, zortziko txikira. Mendiluze eta Illarregi izan dira estreinakoak lanean, lehena polizia eta bigarrena abadea. Mendiluzek herri txiki bateko irteeran kontrola jarri du, eta Illarregik askogatik gainditu du alkohol tasa. 

«Ez esan zazpigarren/ meza dela jada/ gaur ez dizu balio/ gaur larunbata da», hasi da Mendiluze, eta txalo artean jarraitu Illarregik: «Polizi ta abade/ gabiltza desberdin/ ta nere aitzakiarik/ ez duzu atsegin/ publiko gabe ditut/ zazpi meza egin/ igandekotarako/ entrenatu nendin».

«Bazegoen ogia/ ta kriston odola/ hoixe da arazoa/ kristona dagola», segitu du umorez poliziak, eta gaitasun handiz eutsi abadeak: «Kriston odola edan/ hori zen ordena/ nahigabe harrapatu dut/ Jesukristorena». 

Leher egin dute txaloek hirugarren bertsoetan: «Ba tori zazu multa/ boligrafo gorriz/ eta zure soldata/ zenduko ez balitz/ igande hontan poltsa/ pasatu bi aldiz», erran dio Mendiluzek. «Behin pasatzen dugu ta/ niretzako aski/ zuk ere pekatuak/ badazukazu, noski/ elkarri barkatzea/ ez legoke gaizki», borobildu Illarregik. 

Zortziko handian kantatzen azkenak, Alkaiza eta Soto. Langile baten erreminta kutxa izan da Alkaiza, eta Soto enpresari baten eskuko maleta. Autobus berera igo dira, eta hala hasi zaio kantuan Alkaiza: «Zu larruzkoa, zu hain burgesa/ zuk diruaren kultura/ zure antzekoak betetzen dira/ nere antzekoen kontura». Eta agudo erantzun Sotok: «Nik laguntzen dut zu izan zaitezen/ ez zaitez tranpan erori/ ez dut ulertzen nigana duzun/ gorroto aurpegi hori».

«Orain batera tokatu gara/ nunbait bertatik bertara/ baina autobus publiko baten/ ze kristotan ari zara?», galdegin dio Alkaizak, ironiaz, eta egokiro segitu du kantuan Sotok: «Autobus hontan zer ari naizen/ esan beharrean nago/ barruan daukat zuk uste baino/ askoz ditu gutxiago».

Hirugarren bertsoan borobildu dute elkarrizketa. Alkaiza: «Zuri begira desiran nago/ ahaztu zaitzaten seko/ zure jabeak utzi zaitzala/ nere jabeak hartzeko». Soto: «Beranduago etxeratuko/ zara zu nire desberdin/ plazer handi bat zu ezagutua/ animo egunarekin».

Mendiluze eta Laburu izan dira zortziko handian aritzen hurrenak. Elkarren ondoan dauden bi zubi izan dira: Laburu erromatarren garaikoa, eta, Mendiluze, berriz, duela gutxia AHTarentzat eraikia. 

Laburu: «Zure onduan nago gaur baino/ bizi oso bat daramat/ ta biak izango gara laister/ inperioen aztarnak». 

Mendiluze: «Oraingoz ondoz ondo gaude gu/ baina ez zaitez lasaitu/ nere gainean pasako denak/ dar-darka jarriko zaitu».

Laburu: «Lan baldintzetan ere, begira/ ez dira gai atseginak/ zu ere igual izango zera/ esklabu batzuk egina».

Mendiluze: «Ez du inporta gero herriak/ ez badu obra atsegin/ zubi mota bat eraikitzen da/ baina beste bat desegin».

Laburu: «Zubi gehienak puskatu dira/ ni horretan ados nago/ ta zeinek nahi du egon gaitezen/ gero eta urrunago?».

Mendiluze: «Ez baitu inporta helburu soilak/ baizik ta eraikitzeak/ horretan nahiko berdinak gera/ zubiak eta etxeak». 

Zortziko handia dute eguneko bigarren lana, eta Peritz eta Illarregi izan dira horretan lehenak. Pertsona beraren bi orbain izan dira: txikitako zauri bat Peritz, eta bihotzeko ebakuntza batek eragindako orbaina Illarregi. 

Peritzi egokitu zaio hastea: «Zauriak ez du zertan eduki/ beti minen bat barnean/ niri irrifar bat egiten dit/ begiratzen didanean». Eta ederki erantzun Illarregik: «Buru arina eta gogoa/ sokasaltoan aitzeko/ nahiz bihotzean zauri txiki bat/ den oraindik orbaintzeko/ oraindik ere badu indarra/ jolasean jarraitzeko».

Dir-dirka segitu du Peritzek: «Zuk ere poza ematen duzu/ nola ez duzu ba emango/ zauririk gabe igual ez luke/ bihotzik ere izango». Illarregi: «Igual bihotzik ez nukeela/ zuk hain modu seguruan/ nahiz salbatu den bera egonda/ sekulako apuruan/ orbain bat dauka bihotz ondoan/ baina beste bat buruan».

Hirugarren bertsoan jarri dira segidan. «Segi dezagun ba zauriz zauri/ bidez bide, kalez kale/ orbain bakoitza izan dadila/ bizirik gauden seinale», bota du Peritzek, eta bukaerako puntua jarri Illarregik: «Bizirik gauden seinale dela/ esan didazu xuabe/ baina bizitzan omen nahikoa/ sufritu baitu halare/ ea bizitzen asmatzen duen/ min gehiago hartu gabe».

 

Ariketa honetako azken bikotea izan dira Soto eta Laburu. Bi euskal iheslari politiko ohi izan dira, ihesean egon zirenean hainbat etxetan hartu zutenak aterpe. Horietako familia batengana joan dira gaur, eskerrak ematera. 

Julio hasi da kantuan: «Donibane Lohizune/ zen gure kozina/ eskerrik asko esan/ diegu, jakina/ nahiz eta hein baten den/ eskertu ezina».

Laburu: «Ta esker ona soilik/ heldu da gugandik/ baino jendia dakar/ hamaika ur haundik/ eta nor babestua/ badago oraindik».

Bikain segitu du lanean Sotok: «Babestu gintuena/ hemengo ta hango/ maiz neure buruakin/ hausnarrean nago/ biotan nork hartu zun/ arrisku gehiago». Eta berehala erantzun dio Laburuk: «Ta orain galdera bat/ nola badakartzun/ arrisku gehiago nork/ nahi nuke erantzun/ galdera da arriskuak/ merezi izan zun». 

Elkarrizketa itxi dute hirugarren bertsoan: «Ihesaldi bizitzak/ nola egun ta gau/ merezi izan zula/ nik pentsatzen dut hau/ herriak ta hizkuntzak/ bizirik badirau», bota du Sotok.

Illarregi eta Alkaiza izan dira hamarreko txikian kantatzen hurrenak, bi ozeanograforen larrutan. Urteak daramatzate itsasoko urak aztertzen: uraren kalitateak behera egiten du, eta itsasoko tenperaturak, berriz, goiti. 

Hala hasi da Illarregi: «Tenperatura goruntz/ beti doa, hara/ ez gara helduko mundu/ hobe batetara/ honengatik gu soilik/ kezkatzen bagara».

Eta erantzun Alkaizak: «Baina ez du deus aldatzen/ goian den mutilak/ bere horretan dirau/ gizarte zibilak/ oraindik erabiltzen/ erregai fosilak».

Illarregi: «Pentsa millonario/ ta pentsa enpresen/ munduak ze dirutza/ uzten duen ezen/ txosten hauek kajoian/ geratu daitezen».

«Guztia da aholku/ alditik aldira/ lege betearazleak/ ezarri behar dira», erran dio Alkaizak, eta elkarrizketa itxi Illarregik: «Gu soilik bi gixajo/ baikara guztira/ gaurtik jarri ezean/ biharrai begira/ olatu handiagoak/ iritsiko dira». 

Hamarreko txikian kantatzen lehenak Mendiluze eta Peritz izan dira. Donostian halabeharrez kalean bizi direnei janaria eskaintzen dion talde batean hartzen dute parte, eta, Udalak Kaleko Afari Solidarioak debekatu zituenez, ogitartekoak banatzera atera dira gaur. Lan txukuna osatu dute: 

Mendiluze: «Ta Udalak nahi gintuzke/ alfonbra azpian/ hau atera ez dadin/ bere argazkian».

Peritz: «Honek postal zurian/ gaizki ematen du/ guk geuk ere nahiago/ genuke sustengu/ hau ematen aritu/ behar ez bagendu».

Mendiluze: «Baina susmagarririk/ baletor, etorri/ Aner, otartekoak/ hartu eta korri».

Peritz: «Boluntario xumeak/ horixe gara gu/ ai, Insausti maitea/ kalean bost gradu/ harentzat pobreen janak/ zapore txarra du».

 

Ander Aranburu gai emaileak lehen aurkezpenak egin ditu, eta hasierako agurrekin hasi dira bertsolariak. 

Mendiluze: «Insersorekin Benidormera/ joan nintekeena kasik/ Sarasuaren hitzak kantatuz/ etorri naiz oso pozik/ zaharra ez dela izandakoa/ luzaroan dena baizik».

Peritz: «Bertso eskolako kideak/ bidean erori dena/ indarra eman didana/ ta batzuetan baimena/ maitasunez, argiz, muxuz/ amortiguatu nauena/ eraman duena nire/ tristura ordu laurdena/ zu, konfiantzatxoz bezain/ super urduri zaudena/ ezergatik baldin bada/ zuregatik da hau dena».

Illarregi: «Nahiz muga non dagoen/ askok esan didan/ amildegi ertzean/ hor nabil dilindan/ nik salto egingo dut/ gorantza segidan/ ikus dezagun ea/ hegan badakidan».

Alkaiza: «Zu, zure orgatxo ta zera/ afariz solidario/ kapitalan kontrario/ guazen dena aldatzera/ artea aurrera atzera/ bertsoarekin zorretan/ lehertzear den mundu honetan/ ni nator inmolatzera».

Soto: «Gaur gauden baino eskertuago/ ez gintezkeenez egon/ plaza honetan behin kantatzeko/ gogoz aspalditik nengon/ beraz kriskitin krasketik larrosa krabelin/ Ilunbe, arratsalde on».

Laburu: «Kafe, bainilla ta mango/ zein zein dan ez det esango/ baino ni ez naiz beste inoren/ barkillo izango».

Ordena hau agindu du zozketak: Aitor Mendiluze, Aner Peritz, Joanes Illarregi, Saioa Alkaiza, Julio Soto eta Agin Laburu. 

Olaia Inziarte bozgorailuetan. Gauza bakarra erran nahi du horrek: badator sintonia.

Interesgarria izango zaizu
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA