Korrika

«24. Korrika euskararen pizkundearen Korrika izatea nahi genuke»

'Euskara gara' lelopean abiatuko da Korrika, martxoaren 19an, Atharratzetik Bilbora. Korrikan parte hartzea euskararen pizkundean ale bat jartzea dela diote AEKren Nazio Kontseiluko kideek.

Lurdes Etxezarreta eta Bixente Claverie, AEK-ko nazio kontseiluko kideak
Bixente Claverie eta Lurdes Etxezarreta AEKren Nazio Kontseiluko kideak, Korrikako materialaz inguratuta. JON URBE / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2026ko otsailaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lurdes Etxezarreta Artabe (Larrabetzu, Bizkaia, 1975) eta Bixente Claverie (Maule, 1976) AEKren Nazio Kontseiluko kideek gertutik bizi dute badatorren 24. Korrikaren antolaketa. Euskararen biziberritze baten beharraren testuinguruan dator aurtengoa, eta, lekuko hori hartuta, «pizkundearen Korrika» izatea nahiko lukete biek ala biek. Euskal Herria zeharkatuko du hamaika egunez, Atharratzetik (Zuberoa) Bilbora. Ehun euskaltegi, 14.000 ikasle eta korrika batzorde mordo bat buru-belarri dabiltza lanean euskararen aldeko festa eta aldarria uztartzeko.

Nazio Kontseiluko ordezkari zarete biak; bata, Bizkaikoa, eta bestea, Ipar Euskal Herrikoa. Zer motibaziorekin joaten da jendea AEKren euskaltegietara?

LURDES ETXEZARRETA ARTABE: AEKren xedea da Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea. Aurtengo datuei erreparatuta, oso pozik gaude oro har, hainbat herritarrek euskara ikasteko hautua egiteaz gain, asko gurera hurbildu direlako. Guk euskal hiztun aktiboak lortu nahi ditugu kalean, eta euskal kultura ardatz duen dinamika bat eskaintzen dugu. Datuei erreparatuz gero, gure euskaltegietara datorrena, oro har, 40 urte inguruko emakumezkoa da. Eta motibazioari dagokionez, askok esaten digutena da bertako hizkuntza delako ikasi nahi dutela, beste askok seme-alabekin euskaraz mintzatzeko, eta jubilatu taldeak ere arrakastatsuak dira. Gero, batez ere EAEn, administrazio publikoan lanpostu bat lortzeko egiaztagiri baten bila datozenak ere badira. Nafarroan eta Iparraldean ez direnez egiaztagiri horiek behar gehienetan, aldatu egiten da motibazioa.

BIXENTE CLAVERIE: Bai, hori da. Ipar Euskal Herrian euskara ez da ofiziala. Badugu hizkuntza politika bat, baina ez da ausarta. Niretzat, plantan emana dena ez da hizkuntza politika: ez ditu behar diren irizpideak betetzen. Ondorioz, ikasleak ez dira titulu baten bila etortzen gurera. Halere, gero eta ikasle gehiago dauzkagu Iparraldean. Eta motibazioetan hiru multzo agertzen dira: alde soziala, praktikoa eta kulturala. Etortzen dira, bistan denez, euskara ikasteko, baina ez da bakarrik hori xerkatzen. Bide bat da jakiteko nortzuk garen euskaldunak, eta hori ere deskubritu nahi dute. Bai hizkuntza, eta bai kultura. 

Korrikak zer funtzio du horretan guztian?

L. ETXEZARRETA: Duela 45 urte atera zen lehen Korrika. Eta 45 urte geroago, helburu bertsuekin ateratzen da. Alde batetik, euskararen aldeko kontzientzia suspertzera; eta bestetik, AEKren eguneroko lana duintasunez aurrera eramateko diru bilketa egitera. Korrikak euskararen aldeko olatu handi bat sortzen du. Tresna bat da herria bizirik dagoela erakusteko. Indibidualismo garai honetan, bada taldearen indarra islatzen duen zerbait, taldean egiten delako, eta islatzen dena da euskaraz bizi nahi dugun herri bat garela. Gainera, aurtengo Korrikaren mezuak jendartea du helburu. Euskaratik urrunago dagoen jendea ere euskarara ekarri nahi du, erakusteko badela hemen komunitate bat euskaraz ardaztua.

B. CLAVERIE: Korrika dinamika sozial eta kultural handi baten parte da, eta, Lurdesek esan duen bezala, soziologia plural horren barruan parte sentitzen dira atxikitzen direnak. Eta maluruski, segitzen dugu Korrika antolatzen, duela 45 urte bezala, helburu berberekin, ez gara aski lagunduak, eta, bai ikasleen eta bai langileen baldintzak bermatzeko, beharrezkoa da Korrika.

Eta hor zer funtzio dute Korrika laguntzaileek?

L. ETXEZARRETA: Laguntzailearen figura 13. Korrikan sortu zen. Garai haietan konturatu ginen bazegoela jende asko Korrikan parte hartu nahi zuena baina ez zuena modurik urrun zegoelako, edo dena delakoagatik. Hori bada beste modu bat Korrikari ekarpena egiteko, 15 euroren truke. Gainera, edizioko pina jasoko dute, eta hainbat abantaila ere baditu, astero zozketetan parte hartzeko aukera, 600 opari baino gehiago ditugu banatzeko, AEKn eta Korrikan deskontuak, buletina informazio osatuarekin... eta garrantzitsuena, Korrikaren parte izatea. 

B. CLAVERIE: Bai, norbanakoarentzat bi urterako AEKrako laguntza zatituz gero, ematen du euro erdi bat hilabeteko, baina guretzat, 15 euro horiek biderkatuz gero, oso lagungarri zaizkigu. Hori egiten dugu ale ekonomikoa behar-beharrezkoa delako guretzat.

«Ez gara aski lagunduak, eta, bai ikasleen eta bai langileen baldintzak bermatzeko, beharrezkoa da Korrika»

BIXENTE CLAVERIE AEKren Nazio Kontseiluko kidea
AEK-k aldarrikatzen dituen beste gakoetako bat da euskara ikasteak doakoa izan beharko lukeela. Hortik urrun da errealitatea, eta, hiru administrazioen zatiketarengatik, are zailago bihurtzen da helburu hori. Nola kudeatzen da hori guztia?

B.CLAVERIE: Ipar Euskal Herrian jasotzen dugu laguntza EEP Euskararen Erakunde Publikoaren aldetik. Baina jasotzen dugun laguntza horren gainean ez dago inolako irizpiderik. Beraz, 650.000 euro jasotzen ditugu urtean, baina arazoa da gero eta ikasle gehiago hurbiltzen zaizkigula, eta halere diru laguntza ez denez emendatzen, ikasle kopurua handitu arau pobretzen gara gu, argi eta garbi. Baina gure misioa argi dugu: euskaldunak sortzea, eta misio horretan segitzen dugu. Diru mailak ez du izan behar ikasle batentzat aitzakia euskara ez ikasteko, eta, nahiz eta gure tarifak oso apalak diren, ez da beti erreza, baina segituko dugu doakotasunaren bidea aldarrikatzen, eta Korrika beste tresna bat da hamar egunez aldarrikatzeko. Batez ere, gainera, gu herriko hauteskundeetan sartuko garelako martxoan. Beraz, beste aitzakia bat emanen du eskatzeko doakotasuna egun batez lortzeko.

L. ETXEZARRETA: Uste dugu helduen euskalduntzea estrategikoa dela Euskal Herria euskaldunduko badugu; transmisioarekin eta hezkuntzarekin batera, hirugarren hanka helduen euskalduntzea da. Bestalde, hiru administrazioen menpe gaude, eta egoera oso desberdina da. Doakotasunari begira, guk berdintasuna eskatzen dugu Zuberoatik mendebaldera, zeren bestela, segun eta non bizi zaren, baldintzak desberdinak dira. Guk eskubideen esparruan kokatzen dugu euskara ikastea. Hiru ideia horiek kontuan hartuta, finantzaketa honela kokatzen dugu: egia da EAEn, Nafarroan eta neurri batean Iparraldean ere diru-laguntza sistema bat badagoela. Diru-laguntza sistema horiek denak oso ondo etorriak dira, eta lortzen da euskara ikastea matrikula merkexeago lortuta.

Finantzaketa modu horrek zer ondorio ditu?

L. ETXEZARRETA: Ikasleek batzuetan sekulako bidegurutzeak pasatu behar dituzte diru laguntza bat kobratzeko. Guk doakotasuna ez dugu ulertzen administrazioek gaur egun ulertzen duten moduan. Guk uste dugu ikasleek ez luketela dirurik aurreratu behar euskara ikasteko, eta gehienek dirua aurreratu egin behar dute. Matrikulazioa ia doakoa izan den eskaintzetan, matrikulazioak gora egin du. Hau da, dirua bada oztopo euskara ikasteko. 

«Euskararen etorkizuna jokoan dago, eta euskaltzaleak aktibatzeko eta antolatzeko garaia da. Korrikan parte hartzea pizkunde horretan ale bat jartzeko era bat da»

LURDES ETXEZARRETA AEKren Nazio Kontseiluko kidea

Beraz, zer aldarrikatzen dugu? Lehenengo eta behin, marko orokor bat. Gu ezin gara egon zain nor dagoen gobernuan, zer diru sail esleitzen dion euskalduntzeari… Beraz, uste dugu sortu beharko litzatekeela Euskal Herri mailako agentzia bat hau guztia modu bateratuan koordinatzeko. Ikasle horiei erraztu egin behar zaie prozesua. Bestalde, hiru erakunderekin negoziatzen dugu finantzaketa. Nafarroaren kasuan, Euskarabidearekin; EAEn, HABErekin; Ipar Euskal Herrian, EEPrekin. Baina finantzaketa ezin da izan oztopo gure lana duintasunez egiteko eta gure xede hori lortzeko; beraz, egoera nahikoa korapilatsua da.

Azken Korrikatik hona, gero eta gehiago hedatu da euskararen egoeraren inguruko kezka. Nola lantzen da hori euskaltegietan?

B. CLAVERIE: Euskara hizkuntza minorizatu bat da, eta errealitatea desberdina da Euskal Herriko toki diferenteetan. Baina hizkuntza batek bizirik iraun dezan, behar da lotu gizartearekin, naturala izateko harreman hori. Gure ikasleei ematen diegun erronka da euskaraz bizitzekoa. Erronka hori eramaten dugu karrikara: ez gara bakarrik egoten euskaltegian. Euskara jalgi hadi plazara esaten zuen bezala kantuak, hori eramaten saiatzen gara egunero euskaltegietara.

L. ETXEZARRETA: Ezagutzan, erabileran eta sustapenean ari garen erakunde bat gara. Larrialdi linguistiko betean gaude, datu guztiek hori diote, biziberritze prozesu horretan eten bat dagoela, eta leku batzuetan atzerapena ere bai. Euskal herritar hiztunak nahi baditugu, ezagutzaren unibertsalizazioan urratsak egin behar ditugu. Kontseiluak esan duen moduan, etorkizuna jokoan dago, eta euskaltzaleon garaia da.

Pizkundearen ekitaldian, antolatzeko deia egin zien Kontseiluak euskaltzaleei. Korrikan laguntzea bada modu bat antolatzeko, ezta?

L. ETXEZARRETA: Korrikaren eta AEKren mezua guztiz lerratuta daude Kontseiluaren mezu horrekin: euskararen etorkizuna jokoan dago, eta euskaltzaleak aktibatzeko eta antolatzeko garaia da. Korrikan parte hartzea pizkunde horretan ale bat jartzeko era bat da. 24. Korrika euskararen pizkundearen Korrika izatea nahi genuke.

B. CLAVERIE: Bai, eta, agian, gogoratu behar dugu Korrikan parte hartzeaz gain biharamunean ere segitu egin behar dela.

L.ETXEZARRETA: Korrikaren uholde eta emozio horiek guztiak aprobetxatu nahi ditugu. Hamabigarren eguna prestatzen ari gara, hau da, Korrika amaitu osterako ekintzak. Aipatu dugu, 24. Korrikan helduen euskalduntzea bere osotasunean (ezagutza, erabilera eta sustapena) lehen lerrora ekarri nahi dugula, eta zehatzago AEKren ateak zabalik daudela transmititu nahi diogu Korrikan parte hartzen duen hurbileko komunitate horri guztiari. Izan ere, Korrikan parte hartzen duen erdal komunitateari ere dei bat izan nahi du Korrika honek, Euskal Herriak Euskara gara izatera iritsi nahi du-eta. AEK bidelagun izango dute, AEKren zerbitzu guztiak (Ahize, Praktikatu eta irakaskuntza) herritar zein eragileen eskura jarriko ditugu, eta hauek ezagutarazteko antolatzen ari gara hamabigarren egunaren ostekoak.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA