Aholkularitza juridikoa

COVID-19a dela-eta bertan behera utzitako hegaldiak: bidaiarien eskubideak berresten dituzten epaiak

Bilboko Merkataritza arloko 2. epaitegiak aire konpainia batzuk zigortu ditu, eta konpentsazioak eman beharko dizkiete pandemia dela-eta bertan behera utzitako hegaldietako bidaiariei. Kasu guztietan, konpainiak saiatu ziren ordainketa saihesten, baina horretarako alegatu zituzten arrazoiak epaitegiek atzera bota dituzte orain.

Gero eta bidaiari gehiagok ERREKLAMATU bezalako zerbitzuetara jotzen dute hegaldien erreklamazioak egiteko. ERREKLAMATU
2021eko maiatzaren 26a
11:27
Entzun

COVID-19ak milaka eta milaka hegaldi bertan behera uztea eragin du mundu osoan, eta aire konpainiek hainbat estrategia erabili dituzte txartelen dirua ez itzultzeko edo kalte ordainik ez ordaintzeko. Milioi asko daude jokoan, eta enpresa horiek zerbitzu juridiko ahaltsuak dituzte. Halere, legea argia da, eta auzi horietan bidaiariek irabazteko aukera handia dute, kasua espezialisten esku utziz gero. ERREKLAMATUn lortu dugu gure bezeroek beren dirua berreskuratzea COVID-19arekin lotutako erreklamazio guztietan. Eta erreklamazioa epaitegietara iritsi denean, epaiek arrazoia eman digute.

Ondoren, aire konpainien trikimailuak ikusiko ditugu, eta haien gakoak aztertuko, azken hilabeteetan kaleratu diren epaietako batzuekin.

1.- Ez dizute dirua itzultzen, eta bonuak eskaintzen dizkizute aurrerago hegaldi bat hartzeko

Azken urtean izan dugun kasurik ohikoena: zure hegaldia bertan behera utzi dute pandemiaren ondorioz, eta aire konpainiak konpentsazio bat eskaintzen dizu, voucher edo bidaia bonuak emanez. Dirua itzultzea eskatzen baduzu, esaten dizute ezin dela itzuli txartelaren prezioa.

Trikimailu horren bidez, aire konpainiek milioika euro aurreztu dituzte, ez dutelako txartelen dirua itzuli, nahiz eta arauek bidaiaria babestu, inongo zalantzarik gabe. Horren froga da horrelakoetan erreklamazioa ez dela gehienetan auzitara iristen, konpainiarekin akordioa eginez bideratzen delako, gure bezeroen alde beti.

Beraz, koronabirusaren ondorioz —nahiz ohiz kanpoko beste edozein arrazoirengatik— bertan behera utzitako hegaldietako bidaiariek eskubidea dute beti txartelaren dirua berreskuratzeko edo destinora eramango dituen garraiobide bat izateko, bai eta bidaian zehar informazioa eta laguntza jasotzeko ere, Europako 261/2004 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

Horregatik, ez gaude beharturik inolaz ere aire konpainiek eskaintzen dituzten bidaia bonu horiek onartzera. Eta hegaldiaren dirua erreklamatzen badugu, itzuli egin beharko digute. Horrelakoetan, egokiena da ERREKLAMATUra jotzea eta gure esku uztea, lasaitasun osoz. ERREKLAMATUn, irabaziz gero baizik ez dugu kobratzen; zehazki, zuretzat lortzen dugun zenbatekoaren %20. Eta kontsulta eta informazioa doakoak dira.

ERREKLAMATU Bilboko abokatu talde bat da, hegaldien erreklamazioetan espezializatua. ERREKLAMATU

2.- Ez dizute dirua itzultzen hegaldia agentzia baten bidez erosi zenuelako

Azken urte honetan oso ohikoa bihurtu den beste egoera bat: zure hegaldia bertan behera utzi dute pandemiaren ondorioz, eta, aire konpainiari txartelaren dirua itzultzeko eskatu ondoren, ezinezkoa dela esaten dizute, zure hegaldia agentzia bitartekari batean erreserbatu zenuelako.  

Hori gertatu zitzaien azken Gabonetan Bizkaiko hiru bikoteri; Bilbo– Lisboa–Kanaria Handia hegaldi bat erreserbatu zuten, TAP aire konpainia portugaldarrarena. Bidaia baino egun batzuk lehenago, konpainiak hegaldiak aldatu zituen, eta, hura ikusita, bidaiariek beren planak baztertzea erabaki eta txartelen dirua itzultzea eskatu zuten. TAP konpainiak, ordea, uko egin zion dirua itzultzeari, esanez erreserba Lastminute.com agentziaren bidez egin zela eta aire konpainiak ez duela inolako loturarik agentziak kobratzen duen komisioarekin.

Baina 2021eko martxoan emandako epai batean, Bilboko Merkataritza arloko 2. epaitegiak TAP zigortu zuen bikote horiek erreklamatzen zuten kopurua, 1.902 euro, itzultzera, adieraziz «bidaia agentziak txartelen salmentan bitartekari izateak ez duela baztertzen demandatzailearekin kontratu zuena aire konpainia dela, zeinak, agerikoa denez, jaso duen eta demandatzaileek ordaindu duten prezio baten truke, bidaiarien garraioa egiteko beharkizuna hartu zuen bere gain».

ERREKLAMATUn zerbitzu osoa euskaraz eskaintzen dute. ERREKLAMATU

3.- Zure hegaldia bertan behera uzteko arrazoia ez zen koronabirusa izan

Aire konpainia batek zure hegaldia pandemiagatik bertan behera uzten badu, jarri harremanetan ERREKLAMATUrekin, eta egiaztatu benetako arrazoia hori den, litekeena da-eta aire konpainia dagokizun kalte ordaina ez ordaintzeko ahaleginetan ibiltzea.

Bilboko bikote batek bi hegaldi zituen Bilbotik Pragara joateko, 2020ko martxoan. Aire-konpainiak, Brussels Airlines-ek, bertan behera utzi zituen, ohiz kanpoko arrazoiak aipatuz: COVID-19aren pandemia. Baina Edreams-k, erreserbaz arduratu zen agentziak, bidali zien jakinarazpen oharrean ez zen inon ere aipatzen osasun egoera izan zenik hegaldi hura bertan behera uzteko arrazoia. Gainera, aire konpainiak aukera eskaini zien bidaiariei hegaldien orduak aldatzeko, eta hori ez dator bat COVID-19ak eragindako gorabehera batekin.

Eta zergatik da garrantzitsua hegaldiak bertan behera uzteko arrazoia? Aire konpainiak konpondu ezin dituen ohiz kanpoko inguruabarrengatik gertatu baldin bada, COVID-19ak sortutako egoera, adibidez, erabiltzaileek eskubidea dute txartelaren dirua itzultzeko, eta ez, ordea, kalte ordaina jasotzeko; izan ere, kalte ordaina ordaindu behar du hegaldia bertan behera uzteko arrazoiak konpainiari egotzi ahal zaizkionean bakarrik.

Horrenbestez, bi bidaiariek ERREKLAMATUra jo zuten, hegaldia bertan behera utzi izanaren benetako arrazoiak jakin nahian, zerbitzu hori dohainik ematen baitugu. Informazioa lortu ondoren, hegaldia erreklamatzea erabaki zuten. Berriki, Bilboko Merkataritza arloko 2. epaitegiak ebatzi du arrazoia dutela, esanez ezin dela frogatutzat eman hegaldia bertan behera uzteak loturarik zuenik pandemiarekin. Hortaz, konpainia zigortu du, eta 2.124,92 euro ordaintzera behartu, hau da, txartelen diruaren itzulketa gehi 800 euroko kalte ordaina bidaiari bakoitzarentzat.

ERREKLAMATU
www.erreklamatu.com
944-02 75 96 / 688-65 19 44

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.