MintzaOn programaren helburua da ikasleen euskarazko ahozko konpetentzian laguntzea eta erabilera modu ludikoan sustatzea. Internet bidezko mintzapraktika saioak dira, eskolaz kanpoko orduetan garatzen dira, eta doakoak dira.
LH3 eta LH4ko ikasleekin antolatu da oraingo edizioa, baina hurrengo ikasturtean LH3tik LH6ra bitarteko ikasleei zabalduko zaie, eta ikasturte osoan zehar gauzatuko da.
Eskolatik kanpo euskara erabiltzeko aukera gutxi duten ikasleentzat eta euskara praktikatzeko aukera gehiago behar dituztenentzat pentsatutako egitasmoa da. 5-7 pertsona inguruko taldeak sortzen dira, eta, arratsaldez, astean 45 minutuz, dinamizatzaile baten gidaritzapean, euskara lantzen da, ondo pasatuz eta modu parte hartzaile eta dibertigarrian.
Lehenengo edizio honek harrera oso ona izan du eta 40 talde daude martxan. Guztira 271 pertsona. Bilboko ikastetxeen laguntza eskertzekoa izan da programa familiei zabaltzeko egin duten lanagatik, eta azkenean, 32 ikastetxetako ikasleak ari dira parte hartzen programan.