Euskal Produktuak

Nafarroako ekoizpen ekologikoa handitzen

Nafarroako ekoizpen ekologikoa gora doa. Horren ispilu da NNPEK Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak gero eta kide gehiago biltzen dituela: zortziehun dira jadanik.

Garagardo dastaketa Nafarroako VII. Azoka Ekologikoan. BERRIA
2022ko abenduaren 15a
15:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

NNPEK Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluan beste 108 bazkidek eman dute izena urtarriletik uztailera, eta ekoizleak dira gehienak: 91 nekazari eta bederatzi abeltzain. Lau elaboratzaile eta lau banatzaile ere batu dira elkartera. Horiek horrela, zortziehunera iritsi da kide kopurua.

NNPEK-k, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa bultzatzeaz gain, azokak eta beste hainbat jarduera antolatzen ditu. Esaterako, irailean Nafarroako VII. Azoka Ekologikoa antolatu zuen, Noainen. Bisitariek produktu sorta zabala aurkitu zuten: 2.500 elikagai ekologiko baino gehiago jarri zituzten salgai, eta ia-ia denak Nafarroakoak. Orotara 33 erakusmahai ipini zituzten, tokiko ekoizpena bultzatzeko.

Trantsizio agroekologikoa izan da aurtengo azokaren gai nagusia, eta Ipar Euskal Herriko, Andaluziako eta Nafarroako kolektibo batzuek parte hartu zuten. «Garaia da, gure nekazaritzaren eredua aldatu behar dugu, bertakoa eta ekologikoa egiteko», esan zion BERRIA egunkariari Kattalin Barber NNPEK-ko kideak. «Espazio honek aukera asko ematen dizkigu, azokaren helburua baita Nafarroako nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa ikusaraztea, zabaltzea eta sentsibilizatzea».

Elikagai osasungarriak

Orografiagatik eta kokapen geografikoagatik, Nafarroako lurraldean zenbait klima daude. Horren ondorioz, aprobetxamendu desberdinak daude, eta horiek sektore ekologikoko nekazaritza produkzio desberdin asko sortzen dituzte.

Produkzio ekologikoen aniztasuna produkzioko eta eraldaketako ustiategien egiturazko aniztasunari zor zaio, eta hori merkaturatzean islatzen da, bai baitira, batetik, elikagaiak Europako Batasunetik kanpo esportatzen dituzten enpresak, eta, bestetik, familia egiturako enpresak, beren produkzioa beraiek eraldatu eta bide laburren bidez merkaturatzen dutenak.

Nekazaritza ekologikoaren bidez, elikagai seguru eta osasungarriak ekoizten dira. «Gainera, tresna ezin hobea da gure lurraldearen ekonomia, gizartea eta ingurumena kudeatzeko, eta, hala, guk aurrera egiteko elikagaien arloko subiranotasuna lortzearren», NNPEK-ko kideen hitzetan.

Azken batean, nekazaritza kudeatzeko eta nekazaritzako elikagaiak ekoizteko sistema orokor bat da; barruan hartzen ditu ingurumeneko jardunik hoberenak, biodibertsitate handia, natura baliabideen zaintza eta animaliaren ongizateari buruzko arau zorrotzen aplikazioa. Horrela, gero eta kontsumitzaile gehiagok nahiago dituzte substantzia eta prozesu naturaletatik lortutako produktuak. «Kultura soziala da, eta paisaiaren nahiz elikaduraren kultura, interes publikoko ondasun bat, ingurumeneko, gizarteko eta garapen ekonomikoko politikak garatzeko tresna izan behar duena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA