ELAk eta LABek ez dute asmorik 1.500 euroko gutxieneko soldataren eskaerarekin amore emateko. Martxoko greba orokorraren ondoren, udazkenean bide politikoak jorratzen jarraitu nahi dute. Alde horretatik, aldarrikapenari buruz hitz egiteko bilera eskatu diote Maria Txibite Nafarroako presidenteari. Are gehiago, iritzi diote kopuru hori Nafarroan ezartzeko «ekimen politikoa» Txibitek berak hartu beharko lukeela.
Sindikatuek azaldu dutenez, bi dira pauso hau ematera eraman dituzten arrazoiak. Batetik, CEN enpresari elkarteak eta CCOO eta UGT sindikatuek uko egin izana gutxieneko soldata ezarriko lukeen ogibide arteko akordio bat negoziatzeari. Eta, bestetik, parlamentuak uko egin izana hura legez ezartzeko lege proposamena eztabaidatzeari.
Azken hori martxoaren 12an izan zen, eta EH Bilduk eta Geroa Baik proposatu zuten. Haren bitartez, langileen estatutua aldatzeko eskaera bat bultzatu nahi zuten, Espainiako Gobernuari zuzenduko zitzaiona.
Bi ezezko horien aurrean, sindikatu abertzaleek nabarmendu dute oso garrantzitsuak izan direla langileek urte osoan eginiko protestak, eta erantsi Txibitek ezin diela entzungor egin: «Nafarroako Gobernuak ezin du baztertu 1.500 euroko gutxieneko soldataren aldarrikapena, eta presidenteak jarrera aldarazi behar die PSNri eta CEN patronalari, negoziazio kolektiboaren bidez akordioak lortzera bultzatuz».
Sindikatuek argi dute Nafarroak eta bide batez Euskal Herriak bere errealitate sozial eta ekonomikoarekin bat datorren gutxieneko soldata bat izateko eskubidea dutela eta borrokan jarraituko dutela erakunde publikoek «beharrezko pausoak eman arte».