Egoera beltz dagoela bukatuko da 2012. urtea, eta beltz jarraituko du datorren urte ia osoan ere. Argiune bakanak 2013aren amaieran etortzea espero du Eusko Jaurlaritzak, ekonomiak orduan utziko baitio uzkurtze etengabeari. Egoera ilunenak lan merkatuan jarraituko du: aurten galduko diren 23.000 lanpostuei beste 15.000 batuko zaizkie datorren urtean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Atzo argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak irailari dagokion Koiunturaz txostena. Maiatzean kaleratutakoarekin alderatuta, ez da ustekaberik, orduko susmo txarrak bata bestearen ondotik egiaztatzen ari direla ez bada.Udaberrian, Jaurlaritzak uste zuen urtearen bigarren erdian bizkortuko zela barne produktu gordinaren jaitsiera, eta azken datuek uste hori berretsi dute: %0,9ko erritmoan uzkurtu zen ekonomia urteko bigarren hiruhilekoan, %1,6 izango da hirugarrenean eta %2,1 laugarrenean —%1,7 uste zuen maiatzean—. Egia da urte osorako ekonomiaren jaitsiera puntu bat arindu duela Ekonomia Sailak —%1,3tik %1,2ra—, baina horren arrazoia da bigarren hiruhilekoa ez zela izan iragarritakoa bezain txarra.
Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, urritik abendura arteko tartea izango da okerrena ekonomiarentzat, urtarriletik aurrera uzkurtze tasak motelduz joango direlako: %1,9 lehenengoan, %1,4 bigarrenean eta %0,4 hirugarrenean. Lehen datu positiboak 2013 amaieran dira etortzekoak, orduan BPGak %0,5 hazi beharko luke eta. Azken txostenean, berriz, hirugarren hiruhilekorako espero zuen suspertzea.
Esportazioen ahultzea
Atzeraldia etengo ez denez, lan merkatuak ere okertuz jarraituko du. Aurten %2,4 txikituko da enplegua (23.000 lanpostu) eta %1,6 datorren urtean (15.000). Langabezia tasa, ordea, ez da hein horretan igoko, Eusko Jaurlariotzak uste duelako herritar askok lan merkatua utzi egingo dutela. Langabezia tasak %12,6an bukatuko du urtea, eta %13an 2013a.
Atzeraldia bizkortzea hainbat faktoreri dagokio. Batetik, barne faktoreak daude: administrazioek eta herritarrek gerrikoa estutzeak barne kontsumoa %1,3 txikituko du aurten, eta %1 datorren urtean. Enpresen inbertsioek amiltzen jarraituko dute: -%4,8 eta -%3,4. Jaitsiera hori arindu ahal izan dute orain arte esportazioek, baina Europako Batasuna oso-osorik atzeraldian egoteak indarra kendu die. Hurrengo urtearen bigarren erdira arte ez bide dute atzerrirako salmentek berriro hazkunde erritmo sendorik hartuko. Atzo bertan Alemanian kaleratutako bi erakuslek — industriaren jarduera eta enpresaburuen konfiantzarena— beheranzko joera handia erakutsi dute.
Gastu publikoaren aldetik, datorren urtean bultzada handirik ez du jasoko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak. Herenegun, Finantzen Euskal Kontseiluaren bileran, aldundiek eta Jaurlaritzak kalkulatu zuten 2013an 11.825 milioi bildu ahal izango dituztela zergetan. Aurten baino 400 milioi gehiago dira, baina horrek ez du esan gastatzeko diru gehiago izango dutenik. Izan ere, diru horrek ez ditu gastuak estaliko, eta 2013an zorra bidez estali ahal izango den defizita askoz txikiagoa izango da. Diputazioek ezingo dute zenbaki gorririk izan, eta Jaurlaritzak, berriz, BPGaren %0,7koa baizik ez —%1,5 aurten—. Kopuru biribiletan, horrek esan nahi du Jaurlaritzak aurten baino 700 milioi gutxiago izango dituela gastatzeko.
Finantzen Euskal Kontseiluaren bilera hori azkenaldiko kalapitatsuena izan da, batik bat, ez delako adostasunik izan opor fiskaletatik berreskuratutako diruarekin egin beharrekoari buruz. Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren botoekin, Kontseiluak berretsi zuen dirua aurten erabili behar dela. 309 milioi dira, eta horietatik 200 milioitik gora dagozkio Jaurlaritzari. Arabak eta Bizkaiak aurkako botoa eman zuten, Luxenburgoko Auzitegiak helegiteak artean ez duela azken hitza esan enpresek aldundiei itzuli beharreko diru kopuruari buruz.
Aldundien arteko ika-mika
Eztabaida gogorrak atzo jarraitu zuen, hedabideetan. Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak ziurtatu zuen «erabateko hutsa» dela dirua orain banatzea, atzera enpresei emateko aukera dagoelako. Gaineratu zuen erabaki horren bidez Jaurlaritzak aurten izango duen defizita estali nahi duela. Antzeko salaketa egin zuen Bizkaitik Jose Luis Bilbaok ere, eta Gipuzkoako Aldundiaren aurka egin zuen, «gobernuari bere kontuak makillatzen» laguntzeagatik.
Helena Franco Gipuzkoako Ogasun diputatuak ukatu egin zuen Bilduren eta PSEren artean inolako itun politikoa egon dela opor fiskalen inguruan, eta «harriturik» azaldu da Bizkaiaren eta Arabaren jarrerarekin, iazko urrian dirua aurten itzultzea hitzartu baitzuten. «Guk etxeko lanak egin ditugu, eta dirua prest dugu. Agian, beste batzuek arazoak dituzte eta horiek estali nahian dabiltza», gaineratu zuen Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak.
2013. urtean beste 15.000 enplegu galtzea espero du Jaurlaritzak
Aurreikusi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %13an egonkortuko dela langabezia tasa, askok lan merkatua utzi egingo dutelako2012an, barne produktu gordina %1,2 da txikitzekoa; datorren urtean, berriz, %1,3
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu