ELAk azaldu duenez, hartzekodunen konkurtsoan daude Inyectados Gabi eta Galter enpresak. Zaldibarren (Bizkaia). Konkurtsoaren kudeatzaileak 23 langile kaleratzeko erregulazio espediente bat aurkeztu du.
Sindikatuak dioenez, MEK taldeak bi enpresak erosteko interesa azaldu du, eta eskaintza bat egin dio konkurtsoaren administratzaileari. Hori bai, gaur egungo 52 langileetatik 29 baizik ez ditu nahi. Gainera, betiere ELAren arabera, gaur egungo enpresa ituna bertan behera utzi nahi du, eta Bizkaiko hitzarmena ezarri nahi die hartuko lituzkeen langileei. Haien lan baldintzak okertuko lituzke horrek.
ELAk eskatu dio administratzaileari «fede onez» joka dezala eta kaleratu nahi dituen langileen zerrenda atzera bota dezala.
Enpresetako langileei, berriz, eskatu die beren burua antolatzeko, eta borrokatzeko, lantalde osoari eta haien lan baldintzei eusteko. MEKen egoitzaren aurrean biltzera deitu ditu, bihar, Mallabian (Bizkaia).