Jaitsieraren eraginaren adibide bat: 160.000 euroko hipoteka mailegua, %0,5eko diferentzialarekin, eta 30 urtean bueltatu beharrekoa. Kasu horretan hileroko kuota 890 eurotik 613ra pasatuko da. Hau da, 277 euro gutxiago hilean (%31), 3.324 euro gutxiago urtean. Hipotekak itzultzeko epea zenbat eta luzeagoa, jaitsiera are handiagoa.
Hileko kuoten jaitsierak ikusgarriagoak izango dira datozen hilabeteetan, duela urtebete Euribor indizeak goranzko joera izan baitzuen, irailean goia jo arte %5,384an.
Zorua eragozpen
Hala ere, badira jaitsierarik nabarituko ez duten herritarrak ere: beren hipoteka maileguetan zoru klausulak dituztenak; gutxieneko mugak, alegia. Euriborra eta hipoteka maileguaren diferentziala gehituta gutxieneko muga horren azpitik egonda ere -%3-4 ingurukoa izan ohi da-, minimo hori ordaindu beharko dute.
Euriborra bankuek elkarri dirua uzten dioten prezioaren batez bestekoa da. Indize hori erabiltzen dute hipoteka mailegu gehienak kalkulatzeko, beste indize batzuk ere badauden arren.
Euriborra jaitsi egin da, diruaren prezioa ere jaitsi egin delako. Gaur egun interes tasak %1,25ean daude Europan. Interes tasen jaitsiera da Europako Banku Zentrala (EBZ) krisiari aurre egiteko erabiltzen ari den tresna nagusia. Iazko urritik sei aldiz jaitsi ditu interes tasak, eta ez ditu jaitsiera gehiago baztertu. Jean Claude Trichet EBZko presidenteak apirilaren hasieran esan zuen %1,25ekoa ez dela beheko muga, ez duela baztertzen gehiago jaistea.
Azken hilabeteetan asko murriztu da bankuek dirua erosten duten prezioaren (interes tasak) eta elkarri uzten dioten prezioaren (Euriborra) arteko aldea. Apirilean puntu erdikoa izan da.
Hala ere, finantza erakundeentzat dirua merkeagoa izateak eta Euriborra jaisteak ez du esan nahi herritarrei hipoteka maileguak merkeago saltzen dizkietenik. Izan ere, finantza erakunde gehienek igo egin dituzte hipoteka maileguetan Euriborrari gehitzen dizkioten diferentzialak, %1 ingurura iristeraino.
Finantza erakundeek 4.144 hipoteka mailegu eman zituzten aurtengo otsailean Hego Euskal Herrian, urtarrilean baino 58 gutxiago (%1,38), Espainiako Estatistika Erakundearen (INE) arabera. Guztira ia 800 milioi euro eman zituzten hipoteketan, urtarrilean baino 70 milioi euro gutxiago (%9,6).