45 urteko gizon bat hil da Arrigorriagan (Bizkaia), Heidelberg enpresan —lehen Cementos Rezola zena— lanean zebilela. Istripua 14:20an gertatu da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Larrialdi zerbitzuak bertaratu egin dira, baina ezbeharra gertatu den unean bertan hil da langilea.
Bizkaiko Suhiltzaileek jakinarazi dute makina batean harrapatuta geratu dela behargina, eta LABek makina hori tornu bat dela baieztatu du.
Sindikatuak gehitu du ezen, euren informazioaren arabera, makina horrek ez duela betetzen indarrean dagoen segurtasun araudia, ez dauzkalako babestuta zati mugikorrak: «Horrek eragin du langilea harrapatuta geratzea eta hiltzea».
Istripua zerk eragin duen ikertzen ari da Osalan.
LABen zenbaketaren arabera, lan istripuan Euskal Herrian hildako 57 behargina da.