Atzo goizean, langile bat hil zen Villabonako 34 idustrialdean (Gipuzkoa). Ertzaintzako iturriek argitu dutenez, 09:30 aurretik jazo zen ezbeharra, Industrial Borobil grafika enpresan. Papera eta kartoia eraldatzen dituzte Borobilen; bobinetatik orriak egiten dituzte.Itxura denez, papera ebakitzeko makina automatiko batek harrapatu zuen langilea. Villabonako udaltzainen arabera, toraxa zapaldu zion makinak. Osasun zerbitzuetako langileek eta suhiltzaileek ezin izan zuten ezer egin hari laguntzeko. Bertan hil zen 45 urteko gizonezkoa. Ertzaintzak eta Osalan laneko osasunerako eta segurtasunerako euskal erakundeak ikerketa abiatu dute istripuaren arrazoiak ikertzeko.
LAB sindikatuak elkartasuna adierazi zien hildako langilearen senideei eta lagunei, eta gogor salatu zuen gertatutakoa. Sindikatu abertzaleek deituta, bihar 12:00etan elkarretaratzea egingo dute Villabonan, Industrial Borobil enpresaren parean. «Guztion artean sarraski hau geldiaraz dezagun», esan dute.
CCOO sindikatuak, berriz, Osasuna ez da saltzen. Lan istripurik ez lelopean, gaurko deitu du elkarretaratzera —12:00etan, enpresako atarian—. Bilkura horrekin, «euskal enpresek eta erakunde publikoek laneko osasunaren inguruan eta lan istripuei aurre egiteko erakusten duten interes eskasa» salatuko du sindikatuak.
UGTk ere lan arriskuei aurrea hartzeko araudiaren inguruko ikuskaritzak gogortzeko eskatu dio Administrazioari. «Krisi garaian inoiz baino gehiago, gainera, enpresek aitzakia gisa erabil dezaketelako beharrezko segurtasun neurri guztiak ez hartzeko».
Sindikatu abertzaleek eta CCOOk ez ezik, Tolosaldeko hainbat eragilek ere istripuaren kontra elkarretaratzea egingo dute gaur, 19:00etatik 19:30era, Tolosako Triangulo plazan.
45 urteko langile bat hil da Villabonan, papera mozteko makina batek harrapatuta
Sindikatu abertzaleek deituta, bihar 12:00etan elkarretaratzea egingo dute Industrial Borobil enpresaren parean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu