Hilabete beranduago bada ere, Espainiako Gobernuak jada iragarri du zer egingo duen Auto Plus planarekin. Izen hori eman dio auto elektrifikatuen erosketa sustatzeko programari, azken urteetako Moves planaren ordezkoari. Berritasun handiena da Madrilek bereizi egingo dituela Europako Batasunean egindako autoak eta handik kanpo —batez ere Txinan— egindakoak, eta horrela barne ekoizpena sustatu nahi duela.
Moves III planarekin 7.000 euro arte lor zitezkeen errekuntzako auto zaharra txatartegira bota eta auto elektriko berria erosiz gero. Auto Plus plan berriarekin, berriz, gehienez 4.500 euro eskuratu ahal izango ditu erosleak, baina honako baldintza hauek bete beharko ditu horretarako: autoak motor elektrikoa besterik ez izatea (laguntzaren %50), 35.000 eurotik beherako prezioa izatea (laguntzaren %25) eta haren bateria eta muntatze lanak Europan eginak izatea (beste %25).Â
Baina hiru baldintza horiek betetzen ez dituzten auto batzuek ere jasoko dute laguntza, txikiagoa bada ere. Horrela, zerrendetan sartuko dira 0 etiketa duten auto guztiak (elektrikoak eta hibrido entxufagarriak), 45.000 eurotik beherakoak eta Europan eraikitakoak. Gainera, plan berriarekin ez da derrigorrez auto zaharra bota beharko laguntza jasotzeko.
5.000 euro arteko laguntzak izango dira furgoneta eta kamioi arin elektrikoak erosten dituztenentzat. Moto elektrikoen erosleek 1.100 euro artekoak eskuratu ahal izango dituzte.
Atzerako eragina
Azken urtean asko handitu da auto elektrifikatuen salmenta: hibrido entxufagarrien merkatu kuota bikoiztu egin zen Hego Euskal Herrian, %13,2raino, eta ez zen urrun geratu elektrikoena, %11,9koa izan baitzen. Urtarrilean apaldu egin da elektrikoen tasa (%10,6), besteak beste, ez zegoelako garbi zer nolako laguntza izango zuten.Â
Planak atzerako eragina du, eta, horrenbestez, 2026ko urtarrilaren 1etik auto elektrifikatua erosi dutenek eskatu ahal izango dute. Espainiako Gobernuak berak kudeatuko du laguntza.
Â