Auto elektrikoen salmenta %76 handitu da 2025ean Hegoaldean

Elektrikoen kuota %11,9ra iritsi da, eta hibrido entxufagarriena bikoiztu egin da, %13,2raino. Matrikulazioak %14,7 handitu dira, baina errekuntza hutseko autoenak amildu egin dira: %3,4 baizik ez dira dieselak, eta %32 gasolinazkoak.

Auto saltokiak, Oiartzungo Lintzirin industrialdean. JON URBE / FOKU
Auto saltokiak, Oiartzungo Lintzirin industrialdean. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2026ko urtarrilaren 2a
16:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

2024an galdutako bidea aurkitu du berriro auto elektrikoak. 2025ean ia-ia bikoiztu egin dira auto elektrikoen salmentak (+%76,5), eta, horri esker, merkatuaren %11,9 bereganatu ahal izan dute. Errekuntzako motor hutsa dutenen salmentak, berriz, hondoratu egin dira, eta %3,4 baizik ez dira dieselak, ez oso aspaldi jaun eta jabe izandakoak. Gasolina autoen salmenta %32 murriztu da, eta %18,8 baizik ez dira.

Elektrifikaziorako bidea Europa iparraldean baino motelago egiten ari dira Euskal Herriko gidariak, eta han baino tentu handiagoarekin. Horren seinale da gehien hazi den auto mota ez dela motor elektriko hutsa duena, baizik eta hibrido entxufagarriena: %140 handitu da haien salmenta, eta %13,2ko merkatu kuota daukate dagoeneko. Gaur egungo hibrido entxufagarriek 70 kilometro edo gehiago egin ditzakete motor elektrikoarekin, eta, bateria gastatzen denean, errekuntza motorrarekin funtzionatzen dute. 

Trantsizioko teknologia horrek arrakasta txikiagoa du Nafarroan, agian laguntza publiko txikiagoak dituelako elektrikoarekin konparatuz gero. Kontua da Nafarroako Gobernuak autoaren kostuaren %30eko zerga kenkaria ezartzen duela errenta aitorpenean, eta %5ekoa soilik hibrido entxufagarrietarako. Ondorioa da lurralde hartan saldutako auto berrien %20,5 izan direla elektrikoak eta %11,2 entxufagarriak.

Hegoaldeko beste lurraldeetan, proportzioak kontrakoak dira: %9,6 elektrikoak eta %13,7 hibrido entxufagarriak. Eusko Jaurlaritzaren laguntzek auto elektrikoak hobesten dituzte, baina errekuntzakoek ere jaso ditzakete, CO2 emisio apalekoak badira.

%16,9

Zenbat diren elektirkoak EBn. Europako Batasunean ere handitu da auto elektrikoen salmenta: 1,66 milioi izan ziren urtarriletik azarora, iaz hilabete horietan baino %27,6 gehiago, eta haien kuota %13,4tik %16,9ra igaro da. Eskandinavian merkatu gehiago bereganatu dute —%67 Danimarkan, %35,9 Suedian eta Finlandian—, Mediterraneo aldean baino —%1,6 Kroazian, %5,8 Italian—.  

Edonola ere, Hego Euskal Herrian gehien saltzen diren autoak hibrido arruntak dira, hau da, bateria elektrikoak oso abiadura txikietan soilik erabiltzen dituztenak. 17.476 saldu dira, hau da, %46. 

Hibridoetan aintzindari izan ziren japoniarrak eta hegokorearrak, eta, horren eskutik, saldutakoen zerrendaren goiko zatian daude. Toyota izan da bigarren urtez jarraian Hegoaldean gehien saldutako marka (3.611), eta Hyundai laugarren (2.508) eta Kia bosgarren (2.095) kokatu dira.

Europako autogileak motelago ibili dira trantsizioan, eta merkatu kuota galtzen ari dira. Urte ona izan dute Renault taldeko markek —Dacia bigarren izan da (3.254), eta Renault bera hirugarren (2.815)—, eta hamar lehenen artean sartu dira Volkswagen (2.009), Seat (1.707), Peugeot (1.671) eta Mercedes (1.527). Urrunago geratu dira, berriz, Citroen (1.047), Audi (1.036), BMW (865) eta Opel (552). 

Baina urteko garaileak Txinako markak dira. Lehen aldiz, gehien saldutako hamarren artean sartu da MG (1.527), eta igoera ikusgarriak izan dituzte BYDk (866), Ebrok (743), Omodak (700) eta Jaecook (661).   

 

Zifrak

%2,5

Zenbat handitu den moto salmenta Autoen salmenta ez ezik, motoena ere handitu zen 2025ean. Guztira, 10.021 moto matrikulatu ziren Hego Euskal Herrian, aurreko urtean baino %2,5 gehiago..

6.573

Matrikulatutako furgonetak. Autoak ez ezik, furgoneta asko ere matrikulatzen dira Hego Euskal Herrian. 2025ean 6.573 izan dira, 2024an baino %5,7 gehiago.

-10,8

Zenbat txikitu den kamioien matrikulazioa.  2025a ez da urte ona izan kamioi saltzaileentzat. 1.571 saldu dituzte Hegoaldean, aurreko urtean baino 190 gutxiago (-%10,8). Autobusen salmenta, berriz, ongi joan da: 437 guztira, %28,1 gehiago.

teslak elektrikoen koroa galdu du

Iaz, lehen aldiz, ez da Tesla izan munduan auto elektriko gehien saldu duen ekoizlea. Txinako BYDk kendu dio koroa, eta tarte handiz, gainera: BYDk 2,26 milioi auto elektriko saldu ditu, eta Teslak 1,64 milioi. Bigarren urtea da jarraian Teslaren salmentek behera egiten dutena, baina aurtengo jaitsiera handiagoa izan da (-%9). Modelo batzuen zahartzeak ez ezik, Teslari kalte egin dio Elon Musk bere sortzaile eta buruak AEBetako politikagintzan izandako esku hartze labur eta eztabaidatsuak ere. BYDren salmentak, berriz, %28 handitu dira, indarrez saldu baita Europan eta beste merkatu handi batzuetan. Hego Euskal Herrian ere elektrikoen garaile izan da BYD: 866 saldu ditu (+675). Eta Teslak, berriz, 717 (-71).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.