50.000 afiliaturen langa gainditzea espero du LABek aurten

2023. urtea 49.476 afiliaturekin amaitu, eta «parekorik ez duen hazkundea» izan dutela azpimarratu dute. Bigarren sindikatua da Hego Euskal Herrian, eta 50 urte beteko ditu aurten.

LABen agerraldia sindikatuaren 50. urteurrena aurkezteko.
Izaskun Garcia eta Igor Arroyo, LABen Bilboko egoitzan emandako prentsaurrekoan. FOKU / ARITZ LOIOLA
marcos tedin
Bilbo
2024ko urtarrilaren 22a
15:00
Entzun

50 urte beteko ditu aurten LAB sindikatuak, eta «ospatzeko» moduko datuak aurkeztu dituzte gaur Izaskun Garcia antolakuntza idazkariak eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak. Bilboko egoitzan emandako prentsaurreko batean, Garciak adierazi du sindikatuak «parekorik ez duen hazkundea» izan duela azken hamar urteetan, afiliazioa %24,73 igo baita. Egun, LABek 49.476 afiliatu ditu Euskal Herri osoan, eta espero dute aurten 50.000ko jomuga gainditzea.

Horrez gain, ordezkariek adierazi dute Hego Euskal Herriko bigarren sindikatu bilakatzea lortu dutela, ELAren atzean. EAEn, indartu egin dira bigarren sindikatu gisa, %20ren langa gaindituta, eta Nafarroan, berriz. %17,95eko ordezkaritza izatea lortu dute. Datu hori aintzat hartuta, bigarren sindikatua da LAB Hego Euskal Herrian. Iparraldean, nahiz eta «bertako ordezkaritza neurtzeko estatistika ofizial orokorrik» ez egon, Garciak aipatu du sindikatua «nabarmen» handitu dela.

Prentsaurrekoan, LABen helburuak eta asmoa azpimarratu nahi izan ditu Arroyok: «Gure asmoa ez da gaur egungo sistema politiko eta ekonomikoaren joko arauen barruan egin daitekeen horretara mugatzea. Joko arauak aldatzea da gure bokazioa». Ordezkariak aitortu du kapitalismoak dakartzan erronka berriei erantzun berriak emateko beharra duela sindikalismoak: «Azken urte hauetan, sindikalismoa birpentsatzeko ariketa batean murgilduta gaude. Asko aldatu dira lan harremanak, besteak beste digitalizazioaren, uberizazioaren, azpikontratazioaren ondorioz».

Feminismorantz egindako urratsengatik LAB «aitzindaria» izan dela esan du Arroyok. Haren hitzetan, sindikatua aurrenekoetakoa izan da «euskal sindikalismoan nagusi zen androzentrismoa auzitan jartzen, zuzendaritza parekide baten alde egiten, emakumezko lehenengo idazkari nagusia  izendatzen eta barne plan feminista bat abian jartzen». Garciak emandako datuek Arroyok esandakoa indartzen dute: 2013tik hona, 6 puntu igo da emakumeen errepresentazioa LABen, %38tik %44ra.

50. urteurrena

«Korrontearen kontra jaio ginen, eta korrontearen kontra egin dugu bidea». Hala deskribatu du Arroyok LABen historia. Salatu du «apartheida» pairatu dutela sindikatua sortu zenetik beretik, bai enpresetan bai sektore publikoan. Hala ere, LABek handitzen jarraitzea lortu du, «militanteek egunero egiten duten ahaleginari esker».

Sindikatuaren urteurrena ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu dira, apiriletik maiatzera bitartean egingo direnak. Apirilaren 8an, sindikatuaren historiaren inguruko dokumental bat estreinatuko dute Bilboko Euskalduna jauregian, eta, horren ostean, emanaldiak eta solasaldiak egingo dituzte herriz herri, Euskal Herri osoan.

Maiatzaren Lehenean, manifestazio nazionala egingo dute Iruñean. Egun horretan, ekitaldiak eta jaialdia izango dira Nafarroako hiriburuan. Horrez gain, argazki liburu bat aurkeztuko dute, sindikatuaren 50 urteotako ibilbidea eta izaera irudikatzen dituena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.