530 milioi euroko isuna jarri diote Tiktoki, datuak Txinara bidaltzeagatik

Datuen babeserako Irlandako agentziak jarri dio isuna, Europako bezeroen informazioa Txinako Gobernuaren esku gera zitekeelako. Tiktokek ziurtatu du ez zuela informaziorik eman.

Tiktok enpresaren bulego batzuk, Los Angelesen. ALLISON DINNER / EFE
Tiktok enpresaren bulego batzuk, Los Angelesen. ALLISON DINNER / EFE
Iker Aranburu.
2025eko maiatzaren 2a
16:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Tiktok batu da Europako gainbegiratzaileen isunak jaso dituzten enpresa teknologikoen zerrendara. Irlandan jarri diote isuna, 530 milioi eurokoa, herritarren datuak legez kanpo Txinara bidaltzeagatik, eta erabiltzaileei ez jakinarazteagatik informazio pertsonal horrek Txinako zerbitzarietan bukatuko zuela. 

Datuen Babeserako Irlandako Batzordeak (DPC) argudiatu duenez, Tiktokek Europako datuen babeserako arauak hautsi ditu, ez baitu bermatu Txinara iritsitako informazioa sekretupean gordeko dela eta ez dela Pekingo gobernuaren eskuetan geratuko. Txinako arauak Europakoak baino bigunagoak dira,  hango gobernuari aukera ematen baitio konpainiei informazio asko emateko. 

Tiktokek Irlandan du Europarako egoitza, eta, horregatik, hango erakundeei dagokie datuen babeserako arauak betetzen ote dituzten gainbegiratzea. 

Txinako konpainiak azaldu du helegitea aurkeztuko duela, baina apirilean onartu zuen «informazio kantitate mugatu bat» Txinako zerbitzarietan gorde zuela. Edonola ere, azpimarratu du Txinako agintariek ez ziotela inoiz Europako erabiltzaileei buruzko informaziorik eskatu eta ez diela inoiz halakorik eman.

Gaineratu duenez, 12.000 milioi euroren inbertsioak egiten ari da Europan bertan datu zentroak eraikitzeko. Ziurtatu du DPCren erabakiak «auzitan» jartzen duela «Europako Batasunaren lehiakortasuna»,  eta «neurtu gabeko ondorioak» izan ditzaketela mundu zabalean lan egiten duten beste enpresa askorentzat. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.