85.000 euro baino gutxiago fakturatzen duten autonomoek BEZa urtean behin deklaratu beharko dute

Orain arte hiru hilabetean behin egin behar zuten aitorpena, eta hiru aitorpen horiek hiru ordainketagatik ordezkatu ditu Espainiako Gobernuak, administrazio lanak errazteko asmoz. Kongresuko Diputazio Iraunkorrak onartu beharko du lege dekretua.

Dendari bat lanean Zeberion, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Dendari bat lanean Zeberion, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko azaroaren 24a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gobernuak oniritzia eman dio autonomoentzako neurri bati. Oso oparoa izan da hauteskundeen aurreko azken Ministroen Kontseilua, eta, beste hainbat lege dekretuen artean, autonomoen inguruko bat ere onartu dute. Testu horretako neurri gutxik izango dute eragina Hego Euskal Herrian, baina batek bai: BEZaren ingurukoak. Nahitaez aplikatu beharko dute foru ogasunek. 213.000 langile autonomo daude Hego Euskal Herrian gaur egun.

Espainiako Gobernuak onartutakoaren arabera, neurriak urtean 85.000 euro baino gutxiago fakturatzen dutenei eragingo die: BEZaren deklarazio bakarra egin beharko dute urte osoan. Orain arte lau egiten zituzten, hiru hilabetean behin. Orain, hiru aitorpen horiek hiru ordainketagatik ordezkatu nahi ditu Madrilek. Apirilean, uztailean eta urrian egin beharko dituzte autonomoek ordainketak, eta dagokion ogasunak kalkulatuko du ordainketa horien zenbatekoa, aurreko urteko ekitaldian izandako emaitzen arabera.

«Lau aitorpen egiten zituzten lehen, eta bakarra egingo dute orain; horrek lanak erraztuko dizkie administrazio eta burokrazia kontuei dagokienez», adierazi du Arcadi España Espainiako Ogasun ministroak. Hala ere, lege dekretua ez dago oraindik ezarrita, eta Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorrak onartu beharko du.

Autonomoen elkarteen eskakizunak, baina, ez doaz bide horretatik. 85.000 euro baino gutxiago fakturatzen dutenei BEZa kentzea eskatu izan dute haiek, eta PP eskakizun horrekin lerratu da kanpainan; konpromisoa hartu du neurri hori ezartzeko agintera iristen bada.

Neurriak autonomoen errenta aitorpenean ere izango du eragina —Hegoaldean, foru ogasunen eskumena da, eta ikusi beharko da haiek ere hala egingo duten—. Madrilen dekretuaren arabera, 85.000 euro baino gutxiago fakturatzen dutenek ez diote hiru hilean behin PFEZaren dirua ogasunari aurreratu beharko, baldin eta aurreko errenta aitorpenean ogasunak dirua itzuli bazien edo behar baino gehiago ordaindu bazuten. Hala, autonomo horiek diru gehiago izango dute eskura eguneroko gastuetarako.

Kuota sistema, izoztuta

Autonomoen kuota sistemaren inguruan, bestalde, ez dute akordiorik lortu Espainiako Gobernuak eta autonomoen elkarteek, eta, hortaz, izoztuta jarraituko du. Iazko urte hasieran jarri zuten indarrean autonomoen kotizazio sistema berria, eta horren helburua da autonomoek irabazten dutenaren arabera kotizatzea. Gaur egun hamabost tarte daude, eta autonomoek horietako bat aukeratu behar dute, beren diru sarreren aurreikuspenen arabera. Tarte horiek hiru urtean behin berritzen dira, eta 2032ra arte eguneratuko dira.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA