«900 euro kobratuta, ezinezkoa da hil amaierara iristea»

Zaintzan aritzen da Azucena Carhuajulca, etxeko langile egoiliarra. Azaldu duenez, gutxieneko soldatak gora egiteak mesede egingo lioke haren egoera berean dagoen langile askori.

Etxeko langileen elkarretaratze bat, Gasteizen, Martxoaren 8a dela eta. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Etxeko langileen elkarretaratze bat, Gasteizen, Martxoaren 8a dela eta. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
gotzon hermosilla
SESTAO
2026ko martxoaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azucena Carhuajulcak 32 urte ditu, Sestaon bizi da (Bizkaia), Perun jaiotakoa da, eta arreta soziosanitarioan egiten du lan, dementziak jotako adineko bat zaintzen. Egoiliarra da, hots, zaindu behar duen pazientearen etxe berean egon behar du egunean 24 orduz, astelehenetik ostiralera. Horren truke, 900 euro kobratzen du hilean, garbi, urtean hamabi soldata jasota.

Haren kasua ez da bakarra: ELE Etxeko Langileen Elkarteak ikerketa egin zuen 2025ean, alor horretan Bizkaian aritzen ziren 524 langileri galdetuta, eta emaitzetako bat izan zen langileen %3,51k 800 eta 950 euro bitarteko soldata jasotzen zutela hilean. Oso sektore feminizatua da etxeko langileena: horretan aritzen direnen %90 inguru emakume migratuak dira, ELEren ikerketaren arabera, eta haiek pairatzen dituzte lan baldintzarik kaskarrenak.

«21:00etan joaten naiz ohera, baina zaintzen dudan adinekoak menpekotasun handia du, eta gau osoan egon behar dut adi. Praktikan, 24 orduko lanaldia da», azaldu du Carhuajulcak. 

(ID_15889245) Azucena Carhuajulca
Azucena Carhuajulca.

900 euro kobratuta, lan gaitza da hileko gastu guztiei aurre egitea: «Ezinezkoa da hil amaierara iristea. Alokairua ordaindu behar da, janaria, umeen eskola, jantziak eta abar. Gastuak oso handiak dira. Nire ustez, alokairuen prezioa garestiegia da, eta, gainera, azken bolada honetan gauza guztien prezioa ari da gora egiten». Alokairuan 450 euro ordaintzen dute hilean: soldataren erdia horretan xahutu behar dute.

Haren senarrak ere lan egiten du, eta bigarren soldata horri esker lortzen dute bikoteak eta haren bi umeek aurrera egitea, baina, hala ere, gorriak ikusten dituzte hilaren bukaerara zorrik gabe iristeko.

Etxeko langileen %78

Gehiengo sindikalaren eskaera da gutxieneko soldataren zenbatekoa Euskal Herrian erabaki ahal izatea, eta kopuru bat ere zehaztu dute: 1.500 euro gordin, hamalau saritan. ELEren azterketaren arabera, inkestan parte hartu zuten etxeko langileen %78 inguruk hori baino gutxiago kobratzen dute, eta, hortaz, haien egoerak hobera egingo luke neurria onartuz gero. «Gutxieneko soldatak gora egin beharko luke, jende askori eragiten baitio, batez ere gure sektorean, zaintzaren alorrean», azaldu du Carhuajulcak. «Gure lana oso garrantzitsua da, menpeko jendearekin ari garelako».

«Guk ezin izango dugu grebarik egin; greba hau lana utzi ahal dutenentzat da»

AZUCENA CARHUAJULCA Etxeko langile egoiliarra

Hala ere, gutxieneko soldata handitzea ez da etxeko langileen eskakizun bakarra: «Guretzat oso garrantzitsua da zortzi orduko lanaldia lortzea, gainerako langileen moduan, eta etxera iritsi eta familiakoekin egon ahal izatea. Etxeko langile egoiliarren lana desagerrarazi beharko litzateke; orduantxe egongo ginateke gainerako beharginen pare eta soldataren igoeraz berba egiteko moduan». Carhuajulca EMFS Emakume Migratu Feministak-Sociosanitarias izeneko elkarteko kidea da, eta horrek behin baino gehiagotan azaldu du etxeko behargin egoiliarren lana abolitzea dutela aldarrikapen nagusi.

Egoerarik prekarioenean dauden langileak eta beharrizanik handiena dutenak gogoan antolatu du gehiengo sindikalak martxoaren 17ko greba. Paradoxikoki, langile horiek dute zailtasun gehien grebarekin bat egiteko: «Guk ezin izango dugu grebarik egin; greba hau lana utzi ahal dutenentzat da, baina zaintza ezin da gelditu, eta horretan aritzen garen langile egoiliarrok ere ez dugu gelditzerik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA