Lau egunen faltan, greba orokorrerako prest eta baikor daude sindikatu deitzaileak: «Greba orokor arrakastatsua espero dugu». ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuetako ordezkariek azaldu dute 1.750 langile batzordek eta ehun eragile inguruk dagoeneko bat egin dutela deialdiarekin.
Ikusi gehiago
Goizean goizetik, piketeak antolatuko dira. Gero, lau hiriburuetan manifestazio nagusiak irtengo dira, 12:30ean: Bilbon, Plaza Eliptikoan; Donostian, Pio XII.aren plazan; Gasteizen, Bilboko plazan; Iruñean, Gazteluko plazan. Gainera, ordu berean, Eibarren (Gipuzkoa) Unzaga plazatik irtengo da, eta Tuteran (Nafarroa), Foruen plazatik.
Arratsaldean manifestazio deszentralizatuak egingo dira, halaber. 18:00etan Bilbon, Bizkaiko Diputazioaren aurrean, Donostian Katalunia plazan, eta Gasteizen Andre Maria Zuriaren plazan. Iruñean, berriz, Baluartetik abiatuko da 18:30ean. Hiriburuetan bezala, herri ugaritan egingo dituzte mobilizazioak.
Zutabeak hiriburuetan
- Bilbo. 11:30ean lau zutabe irtengo dira: Zabalburutik, Deustutik, Rekalde zumarkaletik eta Bilboko udaletxetik. Plaza Eliptikoan elkartuko dira.
- Donostia. 11:30ean hiru zutabe aterako dira: Tabakaleratik, Anoetatik eta Antiguatik.
- Gasteiz. 11:30ean hiru zutabe abiatuko dira: Lakuatik, Boulevard merkataritza zentrotik eta Esmaltacionesen fabrika zaharretik.
- Iruñea. 11:00etan bost zutabe irtengo dira: Nafarroako Unibertsitate Publikotik, Atarrabiatik, Txantreatik, Berriozartik eta Barañaindik.
LABen Iruñeko egoitzan eta inguruan bildutako material guztiari begira, antzematen zen sindikatuek grebarako makineria jada aktibatua dutela. «Lan ikaragarria egiten ari gara lantokietan, baina baita auzoetan eta herrietan ere. Jende pila bat ari da lanean modu aktiboan. Gure oinarrietan badago borrokarako grina eta prestasuna greba ondo ateratzeko», nabarmendu du Imanol Karrera LABen Nafarroako koordinatzaileak.
Atxikimendu kopurua zantzu ona dela uste dute sindikatuek. Nafarroan bertan «200 langile batzordek baino gehiagok» egin dute bat, eta «toki askotan UGT eta CCOOren babesarekin», Karreraren arabera. «Lantokietan kontraesanak daude, eztabaida pizturik da, eta modu zabalean ikusten da grebaren helburuak baduela zentzua», gaineratu du.
«Lan ikaragarria egiten ari gara lantokietan, baina baita auzoetan herrietan. Jende pila bat ari da lanean modu aktiboan»
IMANOL KARRERA LABen Nafarroako koordinatzailea
Hego Euskal Herri osoan, berriz, 1.750 atxikimendu daudela eta hurrengo egunotan gehiago iritsiko direla zehaztu dute Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak, Donostiako ELAren egoitzan egindako agerraldian. Bat egin duten enpresen artean aipatu dituzte CAF (Beasain eta Irun), Indar (Beasain), Fagor Electronica (Arrasate), GKN (Legazpi), Torraspapel (Leitza) eta Aralar Papelera (Amezketa).
«Bidea irekirik»
Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa lortzea eta eztabaida hori agenda politikoan jartzea izan da azken hilabeteetako kanpainaren xedea, eta «bidea irekirik» ikusten dute.
Alde batetik, bi aste barru patronalekin beste bilkura bat dute hitzartua: martxoaren 24an, Confebasekin; martxoaren, 25ean CENekin. CCOO eta UGT ere gonbidatuta daude bilera horietara. Negoziaziorako deia egin dute: «Greba honen aurka erabiltzen duten argudioa da negoziatu behar dela. Bada, aste horretan aukera izango dute horretarako».
Lakuntzak argitu du patronalek oraindik ez dietela bilera deialdi horiei erantzun, baina ziurtatu du «epaia eskuetan», enpresaburuen elkarteek ez dutela argudio juridikorik negoziazio bati uko egiteko.
Bide instituzionala ere aktibatuta dago. Eusko Legebiltzarrean sindikatu deitzaileek aurkeztutako herri ekinaldi legegilea blokeatu zuten EAJk eta PSE-EEk «modu antidemokratikoan», haien ustez. Nafarroako Parlamentuan ere antzera gertatu zen, baina bertan EH Bilduk eta Geroa Baik lege proposamen bat aurkeztu eta atzo eztabaidatu zen osoko bilkuran.
PSNk eta Zurekin Nafarroak, PPrekin eta Voxekin bat egin, eta atzera bota zuten proposamena. UPN abstenitu egin zen, baina gaia aztertzeko borondatea agertu zuen. «Jada aldatu gara: ezinezkoa zirudiela uste genuen lehen, baina erronka zaila dela pentsatzen dugu orain. Inoiz baino beharrezkoagoa da orain langile guztien bultzada», esan du Karrerak. ELAko Imanol Pascualek «oso larritzat» jo du PSNren eta Zurekin Nafarroaren jarrera. Haren irudiko, agerian uzten du bi alderdiak «UGTren eta CCOOren menpeko» direla, eta «jarrera zentralista» dutela.
Madrilgo aukera
Soldata propioa lortzeko Langileen Estatutuaren 27. artikulua aldatu beharko litzateke, eta azaldu dute horri begira Espainiako Kongresuan taldeekin elkarrizketak hasi dituztela. Aurki lege proposamen bat aurkeztuko da. Bileretan, alderdiei eskatu diete haren edukia babesteko, eta PSOEri eta Sumarri hari «trabarik ez jartzeko».
Oraingo testuinguru geopolitikoari ere erreparatu diote grebari begira. Sindikatuek argi dute langileen poltsikoei kalte egingo diela Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek Iranen aurka hasitako gerrak. «Greba gerraren aurkakoa da, eta justizia sozialaren aldekoa. Ez dugu gerren konplize izan nahi, eta ez dugu gerren fakturarik ordaindu nahi», adierazi du Aranburuk, Donostian.