Europako eskualde aurreratuenen pare egotea bihurtu ohi da lehentasun agintari politikoen ahotan. Desioa eta errealitatea askotan ez datoz bat, ordea. Europako Batzordeak asteon argitaratu du 2016ko lehiakortasun indizea, hiru urtean behin 263 eskualderen egoera neurtzen duen azterketa. Hegoaldeko euskal lurraldeak —EAE eta Nafarroa— aintzat hartzen ditu, eta Ipar Euskal Herria Akitaniaren barruan sartzen du. Europako ispilura begira jarrita, bueltatzen duen irudiak zer pentsatu ematen du. Ekonomikoki aberatsak dira EAE eta Nafarroa, baina eremurik lehiakorrenetatik oso urrun jarraitzen dute, eta atzera doaz, gainera.
Zer da lehiakortasuna? Barne produktu gordinak neurgailu gisa dituen mugak ikusita, ongizatea eta aurrerapena beste aldagai batzuen bidez adierazteko ideia hedatu da. Indizearen helburua hori da: irudi osoago bat eskaintzea. Lehiakortasuna litzateke eskualde batek duen abilezia giro erakargarri eta eramangarri bat sortzeko, herritarrek eta enpresek bizi eta lan egin dezaten. Guztira, 11 aldagai neurtzen ditu azterketak. Instituzioen kalitatetik berrikuntzara, eta azpiegituretatik negozioen sofistikaziora.
Azken neurketan, EAE 119. sailkatu da, eta Nafarroa, 148. postuan. Biek egin dute atzera 2013. urtearekin alderatuta. EAEk hamasei postu galdu ditu sailkapenean, eta Nafarroak, hamazazpi. Aberastasun mailarekin, aldea esanguratsua da. Biztanleko BPGa hartuta, EAE 51. eremurik aberatsena da, eta Nafarroa, 62.a. Lehiakortasun indizean askoz beherago sailkatuta daude, ordea. Aberastasunari dagokionez, EBko batezbestekoen gainetik daude, nabarmen. Lehiakortasun indizean ehun da puntuaziorik handiena; bada, 60 puntu ditu EAEk, eta 51 puntu Nafarroak.
Sailkapenean behera egiteak esan nahi du egoerak okerrera egin duela? Ez du zertan. 2010 eta 2016 bitarteko eboluzioa aztertu du Bruselak. Hegoaldeari dagokionez, emaitzek egonkor jarraitu dute. Hots, ez da %5etik gorako edo beherako aldaketarik egon. Beste eskualde batzuk azkarrago hobetu izanak eraman ditu atzera EAE eta Nafarroa, azken finean. EBko eskualdeak bost multzotan sailkatzen ditu Bruselak, garapen mailaren arabera, eta hor bai, Hego Euskal Herria maila handiena duen taldean dago.
Osasuna eta goi ikasketak
Toki bakoitzaren indarguneak eta ahuldadeak zeintzuk diren definitzen saiatzen da neurketa. Hego Euskal Herriaren kasuan, puntuaziorik onenak lortzen ditu bi esparrutan: osasunean eta goi mailako ikasketa eta etengabeko prestakuntzan. Osasunean, esaterako, EBko hamabigarrena da EAE. Aurreko azterketan, 25. postuan zegoen. Nafarroa 30. postuan dago. Goi mailako ikasketetan ere nota ona dute, baina hor ere sailkapenean atzera egin dute 2013. urtetik hona. Berrikuntzan emaitza onak lortu ditu EAEk, halaber.
Azterketa guztiekin bezala, emaitzak tentuz hartzea komeni da. Datu asko eskualde mailakoak dira, baina gutxi batzuetan herrialdekoak hartzen dira kontuan. Oinarrizko dimentsioaren neurketan, esaterako, egonkortasun makroekonomikoaren kalkuluan Espainiako egoera da aintzat hartu dena, eta horrek kalte egin die Hegoaldeko emaitzei.
Gainerako alor guztietan eskasagoak dira emaitzak. Bitxia bada ere, sailkapenik txarrena azpiegituretan lortzen du EAEk. Autobideak, trenak, hegaldiak eta abiadura handiko trenbideak hartzen dituzte kontuan atal horretan. Lan merkatuaren eraginkortasunean, prestakuntza teknologikoan eta negozioen sofistikazioan ere atzean agertzen da. Antzeko gaitzak ditu Nafarroak. Kasu horretan, negozioen sofistikazioa du puntuaziorik eskasena. Balio erantsiko lanpostuak eta enpresa berritzaileak leudeke hor.
2016ko azterketak tresna berri bat ere jarri du martxan. Eskualde bakoitza alderatu du biztanleko BPG antzekoa duten beste hamabost eskualderekin, eta horien aldean dituen indarguneak eta ahuldadeak azaltzen ditu. EAEren kasuan, antzeko eskualdeen artean daude Lazio eta Emilia-Romagna Italian, Suedia mendebaldea, Praga Txekian, Hannover Alemanian, eta Chesire Ingalaterran. Osasunean eta goi mailako ikasketetan gainditzen ditu horiek, baina ahulagoa da azpiegituretan eta lan merkatuan.
Nafarroari dagokionez, Italiako Veneto, Flandriako mendebaldea, Ingalaterrako Gloucestershire, eta Alemaniako Goi Frankonia ditu pareko eskualde gisa, besteak beste. Alderaketan galtzaile atera da. Ez du indargunerik besteen aldean, eta ahulago agertu da sei aldagaitan; horien artean, azpiegiturak, instituzioak, lan merkatua eta prestakuntza teknologikoa.
Azterketaren arabera, Londres eta haren ingurunea da EBko eremurik lehiakorrena. Aurreko bi neurketetan emaitzarik onena atera zuen Utrechtek, eta honetan bigarren agertzen da Herbehereetako hiriaren eskualdea, Berkshire, Buckinghamshire eta Oxford eskualdearekin batera. Europako Batasunarekin dibortzioa ofizialki hastear dagoela, Ingalaterrak lau eskualde sartu ditu hamar lehiakorrenen artean. Hiriburuak eta eremu metropolitano handiak dira nagusi aurreneko postuetan. Kontrako aldean, zerrendako azken hamar lekuetan gehiengo dira Errumaniako, Bulgariako eta Greziako hainbat eskualde.
Aberatsak, baina ez horren lehiakorrak
263 eskualderen lehiakortasuna neurtu du Europako Batzordeak. EAE 119. postuan sailkatu da, eta Nafarroa, 148. postuan: biek egin dute atzera zerrendan. Osasunean lortu dute emaitzarik onena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu