Arabako Mahastiak sor-markaren sustatzaileak ez daude amore emateko. Nahiz eta Espainiako Auzitegi Gorenak jatorri izen horri ateak itxi, oraindik azken aukera bat baduela azaldu du: Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jotzea. Ez du oraindik erabakia hartu, baina iruditzen zaio horretarako eskubidea duela, sor-marka eten zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak «argi eta garbi bortxatu zuelako epaitegien babesa jasotzeko oinarrizko eskubidea».
Agiri baten bitartez, ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak ziurtatu du «oso larria eta bidegabea» dela Auzitegi Gorenak atzo jakinarazitako epaia, eta ez duela errespetatzen Arabako Mahastiak bultzatzen zutenen defentsarako eskubidea. Gogorarazi duenez, Auzitegi Gorenak ez du tramiterako onartu EAEko Auzitegi Nagusiaren 2024ko azaroko epaiari ABRAk berak jarritako helegitea, eta ontzat hartu ditu EAEko Auzitegi Nagusiak Arabako Mahastiei bidea ixteko aurkeztutako perituen frogak.
ABRAk nabarmendu du froga horiek —ustez erakusten dutenak ezingo liratekeela bereizi Errioxako eta Arabako Mahastietako ardoak— ez direla berez perituen txostenak, «baizik eta Errioxako kontseilu arautzaileak ustezko aditu akademiko batzuei eskatutako txostenak». Aditu horiek ardoari buruzko beste argitalpenik ez daukatela ziurtatu du ABRAk.
Horiek horrela, ABRAk gogorarazi du Auzitegi Konstituzionalera jotzeko aukera baduela.
Bide hori jorratu ala ez, ikusteko dago zer egingo duten Arabako Mahastiak bultzatu duten upategiek —hamabost inguru—. Haietako batzuek argi eta garbi adierazi izan dute Errioxa jatorri izena utzi egingo dutela, eta, sor-marka propiorik ezin badute izan, marka kolektibo bat eratzeko aukera mahai gainean dago —jabetza pribatuko markak, sagardogile batzuek Gorenak-ekin egin zuten moduan—.