Patronalak dionez, absentismoaren arazoa larriagotzen ari da azkenaldian. LAB sindikatuaren arabera, ordea, enpresaburuek uste dute langileek hartzen dituzten gaixo baimenak ez direla benetakoak, eta horixe bera da absentismotzat jotzen dutena. Aitzitik, azalpenik gabe lana huts egiten duten beharginak bakanak direla ondorioztatu du Ipar Hegoa fundazioak, Ikusmiran txostenaren 21. zenbakian. Horretan oinarrituz, LABek patronalari leporatu dio absentismoa prekaritatea ezkutatzeko «ke lainotzat» erabiltzea.
Enpresaburuek absentismotzat jotzen duten horren parterik handiena «langileek eskubide gisa erabiltzen dituzten egunak» dira, Edurne Larrinaga Ipar Hegoa fundazioko azterketa arduradunaren hitzetan. Hego Euskal Herriko 2024ko datuen arabera, aldi baterako ezgaitasunek horien guztien %75 osatzen dute, gurasotasun baimenek %11,7 eta ordu sindikalek %0,4.
%8,8Lan gaixotasunen ugaritzea. Osalanen arabera, lan gaixotasunek %8,8 egin zuten gora 2025eko apirilean. Hala ere, LABek salatu du prebentzio zerbitzuek «gero eta gutxiago zabaltzen» dutela kasu horien berri.
«Ezin izan dugu kalkulatu zaintzagatik hartutako baimenen ehunekoa zenbatekoa den, daturik ez baitago», Larrinagak aipatu duenez. Hala ere, Ipar Hegoako arduradunak «nahikotzat» jo ditu emandako datuak absentismoa izango litzatekeen hori benetan zenbatekoa den islatzen baitute.
Ikusmira txostenaren arabera, «absentismoa kapitalaren interesak defendatzen dituen patronalak asmatutakoa eta eragindakoa da, patronala baita istripuen eragile masiboa eta laneko gaitzen sortzaile nagusia».
Espainiako Gizarte Segurantzak 102.000 ezbehar aitortu zituen lan istripu gisa iaz Hego Euskal Herrian, eta horien artean 64 heriotza izan ziren. «Horiek ez dira izan ziren guztiak», Inko Iriarte LABeko Lan Osasuneko idazkariak adierazi duenez.
«Absentismoa kapitalaren interesak defendatzen dituen patronalak asmatutakoa eta eragindakoa da, patronala baita istripuen eragile masiboa eta laneko gaitzen sortzaile nagusia»
EDURNE LARRINAGAIpar Hegoa fundazioko azterketa arduraduna
Horrekin lotuta, «mutualitateek enpresen interesak babesteko duten rol aktiboa» txarretsi du Iriartek: LABeko arduradunaren hitzetan, laneko gaitzak kontingentzia arrunt modura sailkatzen dituzte, eta, hala, «langileei kalte egin».
Aparteko orduak
LABek hizpidera ekarri du aparteko orduekin dagoen arazoa ere: «Soldatapekoen artean, %26,8k egiten dituzte ordu estrak kobratu gabe. Horri esker, 3.893 langileren soldatak aurrezten ditu patronalak; beste era batera esanda, banatzen ez duten lanagatik ia 4.000 langilek ez dute kotizatzen gizarte segurantzan», Larrinaga Ipar Hegoako arduradunak azaldu duenez.
«Benetako arazoa lan merkatuaren egiturazko prekaritatea da, gure osasunari, bizi baldintzei eta aukerei kalte egin eta arrakalak sakontzen baititu»
INKO IRIARTELAB sindikatuko Lan Osasuneko idazkaria
Presentismoa ere txarretsi dute: «Langile askok ez dituzte beren eskubideak erabiltzen, ez dituzte baimenak hartzen edo gaixo egon arren lanera joaten dira, enpresaren errepresaliarik izan ez dadin».
LABen iritziz, absentismoa ez da soilik langileen huts egitea: uste du patronalak tresna gisa erabiltzen duela «eztabaida kapitalaren interesetara eramateko eta langileen eskubideetan murrizketak egiteko»: «Benetako arazoa lan merkatuaren egiturazko prekaritatea da, gure osasunari, bizi baldintzei eta aukerei kalte egin eta arrakalak sakontzen baititu», Iriartek azpimarratu duenez.