Ezin gara besoak gurutzatuta geratu". ZF-TRWk Iruñean 123 langile kaleratzeko lana erregulatzeko espedientea kosta ahala kosta inposatu zuen, eta horietatik 101 jada kalean dira. Bi hilabete geroago, fabrikan geratzen diren 520 langileen oporrak betetzeko 189 behin-behineko kontratatu nahi ditu.
ELAk eta LABek enpresari exijitu diote hasierako espedientea baztertzeko eta "abiapuntura" itzultzeko. "Azalpena sinplea da. Lan eskarien arabera lan baldintzak inposatu zitzaizkigun, eta lan zama hori ez bada aldatu, nola da posible oporretan langileek atseden hartu behar dutela ez kontuan hartzea? Legeak hala dio. Beraz, argi geratu da lana bazegoela eta espedientea gezur handi bat zela eta multinazionalaren helburu bakarra zela 123 lankide kaleratzea", azaldu du Pedro Larreak.
Catalanek funtsezkotzat jo du iritzi publikoari egoera horren berri ematea, gizartaren babes handia jaso zutelako langileek lan gatazka piztu zenean. Multinazionalaren jarrera sindrome psikotikotzat jo du. "Kaleratuek zerbait egiteko eskatzen digute. Euren familien lepotik barre egin dutela esan digute batzuek. Ezin gara euren larruan jarri ere. Astakeria bat da kaleratzeko arrazoi berberekin behin-behinekoek kontratatzea". Egoerak, dena den, langile guztiei eragin die. "Asteburu honetan gure senideek galdetu digutenean zer demontre gertatzen den lantoki honetan hori guztia gertatzeko ez dakigu zer erantzun, nahiz eta egunero bertan izan".
Hala, ELAk eta LABek astelehenean lan txanda bakoitzean bi orduko lanuzteak egiteko eskatu dute, eta gainerako sindikatuei bat egiteko eskatu diete: "CCOOk eta UGTk dute gehiengoa, eta eurei dagokie proposamenak egitea espediente hori bertan behera uzteko". Sindikatu guztiek itxaropena dute epaileek arrazoi emango dietela. Izan ere, lana erregulatzeko espedienteari buruzko ahozko saioa egin zen maiatzaren 19an, eta epaitegiak baliogabetu egin dezake. "Fiskalak dio nondik norako guztiak langileen aldekoak direla", esan du Catalanek.
VWekin arazoak
Volkswagengo langileen batzordeak salatu zuenez, ZF-TRWren produkzioaren zati bat Poloniara eramateak arazoak eragin ditu VWen ekoizpenean; Poloniako fabrikari kalitate eskaseko piezak egitea egotzi diote. Hala, azken egunetan Iruñeko ZF-TRWren lantokiak hartu du berriro produkzio horren ardura. Larrearen ustez, horrek ez du azaltzen behin-behinekoen kontratazioa. "Gure haserrea ez du VWen arazoak eragiten, baizik eta aitzakia horrekin 189 langileren kontratazioa proposatzen digula lantokiko sekzio guztietarako".