Adegik ohartarazi du industria «atzeraldi baten atarian» dagoela

Gipuzkoako patronalaren arabera, sektorean enplegua galduko da, bigarren urtez jarraian. Uste du Europatik kanpoko enpresei, eta bereziki Txinakoei, betebeharra ezarri behar zaiela Europako produktoreei erosteko.

Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendari nagusia, Donostian gaur egindako agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU
Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendari nagusia, Donostian gaur egindako agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU
jokin sagarzazu
Donostia
2026ko otsailaren 6a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denbora gutxian bere mezua aldatu behar izan du Adegi patronalak. Orain ez asko zioen langileak falta zirela sektore guztietan, baita industrian ere, langile «kualifikatuak» bereziki. Orain dio sektore horretan behintzat ez dela behargin gehiago behar. Industria «atzeraldi batean atarian» dagoela ohartarazi du Jose Miguel Aierzak, Gipuzkoako enpresarien elkarteko zuzendari nagusiak. Eta aurreikuspen hau egin du: aurten Gipuzkoan sortuko den enplegu guztia eraikuntzaren eta zerbitzuen sektorean sortuko da: 2.000-3.000 lanpostu inguru. Industrian, aldiz, galdu egingo da, edo hori gertatzeko «arriskua» dago behintzat.

Iaz, sektore horretan 208 lanpostu suntsitu ziren, 324 industria manufakturetan. Lehen aldia da hori gertatu dena 2008tik 2014ra arteko krisialdi ekonomikotik eta pandemiaren urtetik (2020), Patxi Sasigain Adegiko lehiakortasun eta berrikuntza arduradunak nabarmendu duenez. Ez dira kopuru oso handiak, baina «kezkatzeko moduko» joera bat irudikatzen dutela adierazi du.

«Europa bere industria ekosistema kritikoen gaineko kontrol subiranoa galtzen ari da»

JOSE MIGUEL AIERZAAdegiko zuzendari nagusia

Funtsean, industria «geldiune» batean dagoela ohartarazi dute patronaleko buruek. Eta arrazoi nagusi bat aipatu dute: eskarien gutxitzea. Azaldu dutenez, nagusiki Gipuzkoarentzat «estrategikoak» diren bi azpisektoretan gertatzen ari da hori: makina-erremintan eta autogintzarako osagaietan. Iaz, industriak oro har «eutsi» egin zion fakturazioari dagokionez; aldiz, oso bestelakoa izan zen datozen urteei begirako lan kargari begiratuz gero.

Adegiren inkestaren arabera, industriako bi enpresatik batek dio eskaera zorro «ahula» duela. Sektore guztiak kontuan hartuta, hirutik batek esaten du hori. «2021eko urtarriletik izan den daturik okerrena da hori», azpimarratu du Aierzak. «Datozen urteak zailak izango direla iradokitzen du horrek».

Europak «erreakzionatu» egin behar du

Egoera zein den irudikatzeko, bi adibide jarri ditu Adegiko eledunak. Bata, Gipuzkoako enpresa historiko batena, 70 urte dituena eta urtean 100 milioi euro inguru fakturatzen dituena —ez du izenik eman—. «Aste honetan bildu gara haiekin, eta, esan digutenez, 2025a inoizko urterik onena izan da haientzat; aldiz, oraintxe inoizko eskari zorrorik txikiena dute». Alegia, «datozen bi-hiru urteetan gutxienez enpresa horrek aktibitate gutxiago izango duela eta hori enpleguan islatuko dela». Adegiren inkestako beste datu bat: industriako enpresen %14k «dagoeneko enplegua murrizteko beharra aurreikusten dute».

Beste kasu bat aipatu du Aierzak, kasu honetan Bizkaikoa: Metal Group. Ixteko erabakia hartu du, eta 192 langile utziko ditu kalean. Haren irudiko, enpresa horrena gertatzen ari denaren beste adibide bat da. «Bezero nagusi bat zuen, Volkswagen, eta hark erabaki du Euskal Herriko ekoizle horri erosten zizkion osagaiak orain Txinako enpresa bati erostea».

Adegiko buruak azaldu duenez, ez da kasu bakana, eta gertatzen ari dena ez da euskal industriara mugatzen. Ohartarazi du Europa «bere industria ekosistema kritikoen gaineko kontrol subiranoa» galtzen ari dela. «Gaur egun, autonomia hori mehatxu larri baten pean dago, automozioaren eta ingeniaritza mekanikoaren moduko sektore funtsezkoetan gertatzen ari den desindustrializazio azeleratuaren ondorioz». Europako tokiko fabrikazioa «une kritiko batean» dagoela azpimarratu du.

%25

 

Adegiren inkestaren arabera, industria sektoreko enpresen %25ek diote euren merkatuak atzeraldian daudela. Makina-erremintaren eta ekipo ondasunen azpisektorean, pertzepzio hori ia enpresen erdiek dute: %44k, hain zuzen. «Datu horiek kezka handia sortu behar digute», adierazi du Aierzak.

Konponbideaz galdetuta, tokiko erakundeetan baino gehiago Europako Batasunean eta bereziki haren araudietan bilatu behar dela adierazi du patronaleko bozeramaileak. «Bertako enpresen lehiakortasuna indartuko duten politikak behar ditugu, bereziki Asiatik datorren lehia gero eta gogorragoari aurre egiteko». Eta adibide bat jarri du: haren ustez, Europan instalatzen diren kanpoko enpresei tokiko fabrikazioko gutxieneko baldintza batzuk ezarri beharko litzaieke, «AEBek eta Txinak egiten duten moduan».

Hala ere, bertako enpresen «lehiakortasuna, produktibitatea eta errentagarritasuna indartuko duten» soluzio batzuk etxean ere bila daitezkeela uste du Aierzak. Eta azken urteetan patronal guztiak nabarmentzen ari diren gai bati heldu dio: lan absentismoari. Adegik eginiko inkesta eskuetan, adierazi du Gipuzkoako enpresen bigarren kezka nagusia dela hori, lan kostuen eta soldaten igoeren atzetik. Hirutik batentzat da arazo bat, zehazki %37rentzat; iaz baino hiru puntu gehiago. Adegiko buruaren arabera, «arazo estruktural» horrek «industriaren hazkunde potentziala mugatzen du, bete-betean eragiten dio enpresen lehiakortasunari».

Horren harira, aste honetan bertan Cebek Bizkaiko patronalak proposatu du absentismoa murrizteko neurriak lan hitzarmenetan txertatzea. Horri buruz zer iritzi duen galdetuta, Aierzak esan du «ongi etorria dela proposatutako edozein neurri». Dena den, hark azpimarratu du absentismoaren gaiak ez duela bakarrik enpresen kezka bat izan behar, «gizarte osoari» dagokiola horri buruz hausnartzea. «Eragile guztiok diagnosia partekatu beharko genuke, eta, datuak ikusita, argi dago zein den».

industriaren ekoizpena apaldu egin da

Datu estatistikoek ere berresten dute Adegiren mezua: euskal industria ez dago bere onenean. Hori bai, begiratutako iturriaren arabera, desberdina da ondoez hori. Esaterako, INE Espainiako estatistika erakundeak gaur bertan jakinarazi ditu 2025eko industria produkzioaren datuak, eta horien arabera, zenbaki negatiboak izan dira Hego Euskal Herri osoan: Nafarroan, %12,1 txikitu da industriaren ekoizpena 2025eko abenduan, 2024koarekin alderatuz gero; EAEn, berriz, %2,6koa izan da erorikoa.

Datu osoagoak eman ditu Eustatek, baina EAErako soilik. Horien arabera, industriaren ekoizpena %0,6 txikitu zen EAEn, energiaren (-%3,3) eta bitarteko ondasunen (-%1,9) erorikoen ondorioz —bitarteko ondasunak dira ekoizpen prozesu baterako erabiltzen direnak, ez azken kontsumorako; esaterako, makinak egiteko metalezko zatiak—.
Baina txikitze hori Arabako datu negatiboaren ondorioz da (-%4,5), oso gutxi bada ere handitu egin baitzen industriaren ekoizpena Gipuzkoan (+%0,7) eta Bizkaian (+%0,3).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.