«Enpresa guztiak egokitu beharko dira AA adimen artifiziala erabiltzera. Ordenagailuak erabiltzen hasi zenean, ez zen galdetu ea zenbateraino zabalduko ziren, eta prozesu hau antzekoa da: guztietara iritsiko da». Nerea Aranguren BAIC Adimen Artifizialaren Euskal Zentroko presidenteordeak egin du alderaketa erakundeak eginiko bigarren ikerketaren aurkezpenean. Izan ere, ikerketa horretan erremintaren bilakaera handia sumatu dute azken urtean: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresen %17,4k erabiltzen dute gaur egun, eta duela urtebete %12,2 ziren.
BAIC Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailaren menpeko erakunde bat da, eta ikerketan enpresek AArekin duten harremana neurtu du. «Adimen artifiziala ez da etorkizuna, oraina da», laburbildu du BAICeko zuzendari nagusi Leire Marronek: «Euskal agenteen [enpresak, erakunde publikoak, hezkuntza zentroak...] %80,4k sumatua dute AAren erabilerarekin zerikusia duen aldaketa kulturala, eta %20rentzat oso nabarmena izan da aldaketa hori».
«Lehen, kode batzuk ontzat emateko berrogei ordu behar izaten genituen. Orain, berriz, AArekin, ordu gutxiko kontua da. Programazio laguntzaile oso azkarra da»
NEREA ARANGUREN Mondragon taldeko presidenteordea
Ikerketaren arabera, gaur egun langileen %0,89k dihardute AArekin. 9.500 inguru dira guztira, baina 1.200 gehiago beharko lirateke egungo premia asetzeko. BAICen kalkuluen arabera, behar hori handituz joango da urtez urte, eta aurten AA erabiliko duten 1.407 profesional kontratatuko dituzte enpresek. Eta zein sektoretan erabiltzen dute gehien? Hiru nabarmentzen dira alde handiz: jardun zientifiko eta teknikoa, manufaktura industria, eta informazioa eta komunikazioa.
BAICek nabarmendu du AA «lehiakortasun eta hazkunde motorra» dela. Txostenaren arabera, teknologia hori txertatzen duten enpresek diote adimen artifiziala erabiltzeak ekarri duela %8,7 handitzea beren fakturazioa. Alde horretatik, agenteen %57 langileren bat trebatzen ari dira AAren erabileran, eta guztien artean 577 milioi euro inbertituko dituzte AA garatzeko.
%0,89Langile guztien artean zenbat diharduten AArekin. BAICen arabera, 9.500 langile inguruk dihardute AArekin Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Guztien %0,89 dira horiek.
Baina zertarako erabiltzen da AA enpresa batean? Gaur egun, batez ere optimizazioan, AA sortzailea baino askoz gehiago erabiltzen delako AA erreaktiboa. «BAICeko kide den enpresa batek dio AAri esker %10 murriztu duela bere fabrikazio prozesuetan erabiltzen duen energia kantitatea. Beste batek logistika arlorako erabili du AA, eta %20 murriztu du ibilgailuen erregai kostua, nondik joan zehatzago kalkulatzen duelako», argitu du Marronek.
Aranguren Mondragon taldeko presidenteordea ere bada, eta beste bi erabilera eredu eman ditu: «Programazio laguntzaile gisa prozesuak asko azkartzen ditu. Prozesu horietan funtsezkoa da azkar erantzutea. Lehen, kode bat ontzat jotzeko 40 ordu inguru behar izaten genituen, eta, orain, berriz, ordu gutxiko kontua da». Beste erabilera laguntza tekniko zerbitzuekin (SAT) du zerikusia: «Bezeroari buruz bildutako informazioa hobetu kudeatzen bada —haren aurrekariak, erabilera, arazoak...—, hobeto lagundu dezakezu, eta bidaiak aurreztu ditzakezu».
«Euskal agenteen [enpresak, erakunde publikoak, hezkuntza zentroak...] %80,4k sumatua dute AAren erabilerarekin zerikusia duen aldaketa kulturala, eta %20rentzat oso nabarmena izan da aldaketa hori»
LAURA MARRON BAICeko zuzendari nagusia
Ikerketak., oro har, oso datu positiboak erakutsi ditu, besteak beste ez duelako neurtu AAk suntsitu ditzakeen enpleguak. Hari buruz galdetuta, Marronek esan du «interesgarria» izango litzatekeela hori ere neurtzea, baina ez dutela daturik.
AAri egozten zaion beste arazo bat da energia kantitate handia behar duela, batez ere datu base handiak elikatzeko. Gai horri dagokionez, Marronek zehaztu du BAICen helburua dela trantsizioa ahalik eta jasangarriena egitea, eta gaineratu du euskal enpresek gaur egun egiten duten AAren erabilera ez dela bereziki kutsagarria: «Industrian erabiltzen den AAren %80 adimen artifizial tradizionala da, eta energetikoki askoz arinagoa da. AA sortzailea gutxi erabiltzen da, eta, hain zuzen, sortzaileak behar ditu datu base handi horiek».
AAren erabilerak hainbat eztabaida etiko ere sortu ditu, eta, txostenean, horiei buruz ere galdetu dute, baina ondorioztatu dute oraindik «ibilbide handia» egiteko dagoela. Izan ere, soilik agenteen %12k egiten dute bat AAren inguruan Europa Batasunak ezarritako arauekin. Marronek, dena den, datu hori xehatu du, eta argitu du duela gutxi zabaldu direla araudi horiek, eta horregatik dela kopuru hain txikia.
Jaione Ganzarain Jaurlaritzako Teknologia eta eta Berrikuntza sailburuordea ere egon da aurkezpenean, eta iragarri du bizpahiru hilabete barru aurkeztuko dutela gobernua lantzen ari den AAri buruzko plana. Argitu du BAICen ikerketaren zain zeudela plana fintzeko.