ADMINISTRAZIO PUBLIKOAK. Udalentzako negoziazio mahaia abian jarri da Eudelen konpromisoekin

ELAk Eudelek nahi duen eremua indartzea egotzi die CCOO, LAB eta UGTri

Erredakzioa
2005eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko udaletako lan baldintzak arautzeko hitzarmen bateratu baterako negoziazio mahaia zabaldu da. Mahai horretan eseriko dira CCOO, LAB eta UGT sindikatuak, eta EAEko Udalen Elkartea, Eudel. Hala ere, mahaia abian jartzeko Eudelek konpromiso batzuk hitzartu ditu jada adierazpen batean sindikatu horiekin, «negoziazio mahai birtual bat saihesteko», azaldu zion Berriari Arantzi Sarasola LABeko ordezkariak.

Akordioa iristen bada, hura tokiko erakunde guztietan errespetatzeko eta errespetarazteko konpromisoa da horietako bat. Hori bermatzeko eta akordioen jarraipena egiteko bi aldeekin, erakundeek eta sindikatuekin, osatutako batzorde bat eratzeko konpromisoa ere hartu dute Eudelek eta sindikatuek.

Aldundiei eta ELAri irekita

Funtzionario zein langile arrunten lan baldintzez hitz egingo da mahai horretan. Aldeetako baten, Eudelen, asmoa Eufaleba (Arcepafe) hitzarmena ordezkatzea da hiru mailako akordioekin: bat funtzionarioen eta langile arrunten bien baldintza orokor zenbait hitzartzeko, eta beste bana klase bakoitzarentzat funtzionarioentzat eta langile arruntentzat.

Zenbait gairi buruz negoziatzeko konpromisoa ere hartu dute aldeek, hala nola behin-behinekotasunaz, zerbitzu publikoen pribatizazioaz eta azpikontratetako langileen baldintzez. Negoziazio mahaia Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundiei eta ELAri irekita dagoela ere jakinarazi dute aldeek. LABen ustez konpromisoen gainetik negoziazio mahaia ez da baldintza egokienetan abiatu eta sindikatuak udaletan zabaltzen diren negoziazio mahaietan egoteko asmoa du. Udaletako negoziazio eremu horri egokiago irizten dio ELAk eta horiek zabaltzearen alde borrokatuko da. EAEko Udaletarako Negoziazio Mahaia zabaldu duen adierazpena «edukigabekoa» eta «erretorikoa» dela esan zuen. «Eudeli interesatzen zaion negoziazio eremua indartu» dutela leporatu zien ELAk beste sindikatuei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.