«Adostasunak» iristen ari dira lan erreformaren negoziazioan, Diazen arabera

Enpleguaren behin-behinekotasuna murrizteaz eztabaidatzen ari dira. Madrilek nahi du aldi baterako kontratuak hiru hilekoak eta lan jakinetarako izatea

Espainiako Gobernuko kideen eta CCOO eta UGT sindikatuetako buruen bazkaria, asteartean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Azken hamarkadan Espainiako lan araudian egin diren erreforma guztien bultzatzaileek beti adierazi dute haien helburua enpleguaren behin-behinekotasuna murriztea izan dela. Erreforma bakar batek ere ez du lortu hori. Izatekotan, kontrakoa egin dute: aldi labur baterako kontratuak ugaritu dituzte kontratazio egonkorraren kaltetan. Oraingo gobernua ez da izan salbuespena; abiarazi duen erreformarekin behin-behinekotasuna borrokatu nahi duela azpimarratu du, eta, horretarako, proposatu du aldi baterako kontratuak soilik lan jakinetarako egitea, eta gehienez hiru hilabeterako.

Lan erreformari buruzko beste bilera bat egin zuten atzo, Madrilen. «Oso emankorra izan da. Adostasunak lortzen ari gara», ziurtatu zuen Yolanda Diaz Lan ministroak. Gaineratu zuenez, enpleguaren egonkortasunaz aritu ziren. Lan erreformaren beste gai batzuk —lan hitzarmenen aurrerako eragina eta prebalentzia, eta kaleratzeak— gutxiago agertu dira azken negoziazioetan.

Datorren asteazkenean jarraituko dute elkarrizketek, eta helburua da urtea amaitu aurretik erreforma BOE Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, 2022. urtearen hasieran indarrean egongo dela agindu baitio Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari. Ahal duela, sindikatuen eta patronalaren sinadurarekin onartu nahi du erreforma, baina ohartarazi die haien baiezkorik gabe ere egingo duela. Dekretu bidez onartuko du, eta, behin indarrean jarrita, hilabeteko epean berretsi beharko du Espainiako Kongresuak.

Hauek dira azken astean eztabaidatu dituzten gaiak:

KONTRATU MOTAK

Enpresa bakoitzean aldi baterako kontratua dutenak gehienez %15 izatea proposatu zuen gobernuak, baina kopuru hori alde batera utzi du, patronalaren ezezkoaren ondoren. «Arazoa ez da konpontzen ehuneko batekin», aurpegiratu zion Antonio Garamendi CEOEko presidenteak. Horren ordez, Espainiako Gobernuak proposatu du araua kontratu mugagabea izatea, eta mugatua gauza jakin batzuetarako besterik ez erabiltzea, lan karga handiak daudenerako, esaterako. Aldi baterako kontratu horiek gehienez hiru hilabetekoak izango dira, nahiz eta sei hilabetera luzatzeko aukera onartzen duen ekoizpenari lotutako arrazoiak badaude.

Aldi baterako jarduera baterako lanpostuetako bat urtean bost hilabetez edo gehiagoz bete denean, gobernuak uste du lanpostu horrek egiturazkoa bilakatu beharko lukeela, eta orduan betetzen duenari kontratu mugagabea egin beharko litzaiokeela.

Gainera, aldi baterako kontratu horien gehienezko kopuru batzuk ezarri nahi ditu, enpresen neurrien arabera. Horrela, bost langileko enpresetan, bakar bat izan ahalko da aldi baterakoa: bi, berriz, hamar langile artekoetan; hiru, 11 eta 30 artekoetan; bost, 31 eta 100 artekoetan; hamabost edo %7, berriz, 101 eta 500 langile artekoetan, eta 30 edo %4 gehienez 500 langiletik gorakoetan.

Aldian aldiro egiten diren kanpainetarako —Gabonetakoa, merkataritzan—, gobernuak nahi du aldizkako kontratu finkoak erabiltzea.

Gaixo egoteagatik edo beste arrazoi batengatik langile bat ordezkatu behar denean, berriz, ordezkapenaren neurriko kontratuak onartuko lituzke.

ZIGORRAK OSO LABURREI

Behin-behinekotasunaren aurpegirik txarrena dira egun gutxitako kontratuak. Ohikoa bilakatu da enpresa batzuek bost eguneko kontratuak egitea langileei, astelehenetik ostiralera, asteburua ez ordaintzeko. Gaur egungo legediak zigortu egiten du ostiraleko efektua deitutakoa, zazpi egunetik beherako iraupena duten kontratuek %40eko gainkostua baitute Gizarte Segurantzaren kotizazioan. Baina Espainiako Gobernuak zigor hori handitzea erabaki du. Gainera, joan den asteazkenean sindikatuei eta patronalei erakutsitako azken proposamenak dio amaitzen diren kontratu guzti-guztiek gutxienez 25 euroko zigor bat jasoko dutela.

NEKAZARITZA

Nekazaritza salbuetsita geratu da behin-behinekotasunaren aurkako neurri gehienetatik, Espainiako Gobernuak onartu egin duelako sektore horren ezaugarriei lotuta daudela aldi labur baterako kontratuak, gehienak uzta jakin bat bildu behar direnean egiten direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.