Gauza bat da lan hitzarmen bat izenpetzea, eta beste bat hori betetzea. Horrekin kezkatuta dago LAB sindikatua. Nabarmendu duenez, 2024-2025eko urte politikoan, borrokarik indartsuenak sektore publikoan izan dira, hala nola osasungintzan, hezkuntzan eta zaintzan. «Akordio onak lortu dira». Aitzitik, LABek salatu du Eusko Jaurlaritzak ez duela horiek «%100 betetzeko borondaterik».
Lan gatazka horietan emakumeek izan duten protagonismoa azpimarratu du Oihana Lopetegi LABeko ekintza sindikaleko arduradunak, «eremu publikoko gatazken %43 sektore feminizatuetan izan baitira». Gaineratu duenez, gatazkak gehiago dira zaintzan, eta horrek agerian uzten du «patronalak eta administrazioak emakumeen lanari ematen dioten balio eskasa».
LAB sindikatuak aurreko ikasturtean egindako lanaren balantzea aurkeztu du gaur, eta, haren ustez, «datuek argi uzten dute langile borrokak bizirik eta indartsu jarraitzen duela Euskal Herrian». Lopetegik emandako datuen arabera, guztira 204 gatazkatan parte hartu du LABek, eta horietatik 75etan greba izan da mobilizazio tresna: gatazken %61ek negoziazio kolektiboa eta zerbitzu publikoen defentsa izan dute ardatz, eta %31k, patronalaren edo administrazioaren aldetik etorritako «eskubide murrizketei» aurre egitea.
Sektore publikoan izan dira borrokarik gogorrenak, eta horrek bi arrazoi nagusi ditu, ekintza sindikaleko arduradunaren hitzetan: «Beharginek lan eskubideak eta zerbitzu publikoen kalitatearen borroka uztartu dituzte, eta administrazio publikoak negoziatzeko jarrera itxia izan du; gatazkak luzatu egiten dira». Aipatu eremuan gauzatutako borroken %74k zerbitzu publikoen defentsa eta negoziazio kolektiboa izan dituzte ardatz.
«Datuek argi uzten dute langile borrokak bizirik eta indartsu jarraitzen duela Euskal Herrian»
OIHANA LOPETEGILABeko ekintza sindikaleko arduraduna
LABek «parte hartze aktiboa» izan du zerbitzu publikoen defentsan: «Osasungintzan, osasun publikoaren aldeko plataformekin batera mobilizatuz eta osasun mahaian ituna baldintzatu nahian; hezkuntzan, borroka indartsuetan aritu gara zerbitzua eta baliabideak hobetzearen alde, akordio onak eskuratuz, nahiz eta akordio horiek %100 betetzeko Jaurlaritzaren borondate falta salatu dugun; eta zaintzan, langileen izaera publikoaren aitortza exijituz». Hain zuzen, «negoziatzera uko egitetik lortutako akordioak ez betetzera igarotzea» egotzi dio Lopetegik Gasteizi.
Industriari dagokionez, «borroken %55 patronalaren erasoen aurkakoak» izan dira —batez ere kaleratzeak eta itxierak—, eta %40, hitzarmenaren negoziazio edo lan baldintzen hobekuntzarekin lotuta. Zerbitzu pribatuan, berriz, negoziazio kolektiboak izan du protagonismo nagusia (%62).
Lurraldeka, gatazka gehien Bizkaian izan da, baina proportzioan Araban egon da langileen mobilizazio handiena, LABek nabarmendu duenez.

«Industria sektorean, enplegu galera larriak izan dira, eta horrek are ageriago utzi du trantsizio ekosozial justu baterako beharra. LABen apustua industria bizia, bidezkoa eta jasangarria izatea da, langileekin eta langileentzat», azaldu du Lopetegik.
Dinamika nagusia, soldata propioa
Ikasturteko borroka estrategiko nagusien artean, gutxieneko soldata propioaren aldeko dinamika nabarmendu du Lopetegik: «Borroka horrek soldata arrakalak murrizteko eta aberastasunaren banaketa bidezkoago baterako tresna estrategikoa izan nahi du».
Horiek horrela, gainerako sindikatuekin batera, bi bide jorratzen ari da LAB: lanbidearteko akordioa gaur egungo eskumenen barruan, eta herri ekinaldi legegilearen bidez eskumen berriak eskuratzea.
Azkenik, langileek «arlo askotan borrokarako erakutsitako prestasuna» goraipatu du Lopetegik, hala nola zaintza sistema publiko komunitarioaren alde, lan osasunaren defentsan, euskararen aldeko borrokan, eta lan harremanen euskal esparruaren eratzeko bidean.
Hurrengo ikasturtean ere «Euskal Herriko langileentzat lan eta bizi baldintza duinak borrokatzen eta kontrabotere sindikalismoa, sindikalismo feminista, antirrazista eta ekosozialista egiten» jarraituko duela hitzeman du Lopetegik.