Adreilua digeritzeko... 'banku txarra'

EBk behartuta, Madrilgo gobernuak laster sozietate bat sortuko du arazoak dituzten bankuen aktiboak bere gain har ditzanSozietatearen xedea etxeak saltzea da, eta galerak EBko erreskatearekin ordainduko dira

Etxebizitzak salgai. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
2012ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Urtarrilean, Espainiako Gobernura iritsi berritan, Mariano Raxoik ukatu egin zuen banku txar bat eratuko zuela. Orain beste behin ere bere hitza jan egin beharko du Espainiako gobernuburuak, ezinbestean: Europako Batasunak inposatu egin dio formula hori ezartzea. Ekainean 100.000 milioi eurora arteko finantza erreskatea onartu ondotik, uztailean erreskate horren gaineko memoranduma hitzartu zuten Espainiak eta EBk. Bertan jasotzen da banku txar bat sortzea. Abuztu amaierarako horren gaineko legea zehazteko eskatzen zaio Espainiari, azarorako abian jar dezan. Hasiera batean, gaurko ministro kontseiluan espero zen neurri hori zehaztea, baina gobernuak iragarri duenez, «ziurrenik» astebete atzeratuko du.

Uneotan ez dago argi zer izaera juridiko izango duen, bankua, inbertsio funtsa edo sozietatea izango ote den. Banku txar izena hartu arren, banku izateko aukera gutxi dago. Inbertsio funtsaren abantaila da inbertitzaile pribatuei aukera irekitzen diela bertan sartzeko. Dena den, ziurrenik higiezin aktiboak kudeatzeko sozietate izaera hartuko du.

Funtsean, bankuek digeritu ezin dituzten aktiboak hartuko ditu bere gain. Hasierako balorazioarekin alderatuta egungo merkatuetako prezioan jaitsiera handia izan duten aktiboak bereganatuko ditu. Izan ere, arazoak dituzten bankuak beren kabuz ez dira gai arrisku hori estaltzeko.

Kreditu eta etxebizitzak

Aktibo toxiko horiek dira, batik bat, burbuilaren garaian higiezinen sektorearen zalantzazko kredituak eta krisi urteetan beren gain hartu dituzten etxebizitza, hirigintza proiektuak eta lursailak. Zalantzazko kredituen artean daude kuoten ordainketetan izandako huts egiteak eta atzerapenak edo laster kategoria horretan sar daitezkeen kredituak. Gainera, Europako Batasuneko memorandumak jasotzen du beste aktibo batzuk ere hartu ahalko dituela sozietateak, baldin eta «beren balorazioan jaitsiera handi bat» izan badute. Horien artean sar daitezke beste produkzio sektore batzuei emandako kreditu batzuk eta hipoteka mailegu batzuk. FROB Bankaren Berregituratze Ordenaturako Funtsak kudeatuko du sozietatea.

Hasiera batean erreskatatu diren bankuen aktiboak hartuko ditu: Bankia, CatalunyaCaixa, Novagalicia Banco eta Banco de Valencia. Adreiluaren lasta gainetik kenduta, arazoak dituzten banku horiek balantzeak onbideratu ahalko dituzte, eta jarduera ekonomikoa finantzatzeko erabil dezakete dirua. Horrek ez du esan nahi gehiegikeria handienak egin dituzten erakundeak sarituko direla. Memorandumak hala behartzen duelako, beste dekretu bat kaleratuko da gaur, eta erreskatatu diren bankuak moldaketak egitera behartuko dituzte. Bideragarriak ez diren proiektuak likidatzeko ahalmena izango du FROBek.

Era berean, nahiz eta orain likidezia eta kapital baldintzak bete, etorkizunean baldintza horiek ez betetzeko arriskua dutela ikusten bada, banku gehiagotan esku hartuko du FROBek. Izan ere, etxeak merkatura ateratzen diren heinean, prezioek beherantz jarraituko dute, eta jaitsiera horrek berakarazoak eragin diezazkieke orain egoera hobean diren beste banku batzuei. Egoera horri aurre egin ezin dioten neurrian, eurak ere laguntza jaso eta banku txarrera jotzeko bidean egon daitezke. Hortaz, etorkizunean zerrenda handiagoa izango da.

Banku txarraren zeregin nagusia izango da bere gain hartu dituen aktibo horiek saltzea. Kontrolatuko duen etxebizitza parkea handia denez, merkatua neurri batean kontrolatzeko ahalmena izango du, eta, horregatik, salmenta prozesuak urteak irautea espero da. Banku txarrari ez zaio komeni etxe eta aktibo guztiak denbora gutxian saltzea eta prezioek beherakada izatea. Ez litzateke errentagarria, eta finantza sektorea hankaz gora utz dezake. Prozesuak hamar urte iraun dezake. Edo gehiago. Merkatua oneratzeko behar den denbora.

Horregatik,ezin da zehaztu zenbateko galerak eragingo dituen. Hasiera batean, galera handiak izango dira. Azken finantza erreformen ondorioz, bankuei baldintza gisa ezarritako hornidurek aktiboen balorazioan %35eko galera aurreikusten dute batez beste. Arazoa da gaur egungo merkatuen prezioan gainbehera %60 ingurukoa dela kalkulatzen dela. Diferentzia hori bankuak hartuko du bere gain, baina dirua EBren erreskatetik helduko da. Aktiboak unean uneko merkatuko prezioa baino garestiago salduz gero, estatu laguntza gisa hartuko da, eta hori ere finantza erreskatetik kenduko da. Prozesu amaieran ikusi ahalko da zenbateko galera eragin duen.

Horregatik, luzera begira etxebizitza merkatuaren bilakaera erabakigarria izango da. Uneotan arazo nagusia da inork ez dakiela zenbat balio duten bankuek balantzetan dituzten etxeek eta maileguek, ezta etorkizunean zenbat balioko duten ere. Arazo horren jakitun, aktiboak «epe luzeko balio ekonomikoan» salduko direla dio EBren memorandumak.

Eredu hori ez da berria. Etxebizitza burbuilak izan dituzten beste herrialde batzuetan ere erabili dute banku txarra: Irlandan, Suedian, AEBetan, Belgikan, Alemanian... Irlandan, 2010eko udazkenean, NAMA Aktibo Nazionalak Kudeatzeko Agentziak herrialdeko hiru banku nagusien 71.000 milioi euroren aktiboak hartu zituen bere gain. Aktibo horietako batzuk %50 eta %60ko deskontuarekin saldu ziren hasieran, eta etxebizitza merkatua %66 jaistera ailegatu da. 2010ean 1.180 milioi euroren galerak eragin zituen. Iaz, ordea, 247 milioi euroren irabaziak izan zituen. Beste adibide bat Suedia da. 90eko hamarkadaren hasierako etxebizitzaren burbuilaren leherketa izan eta gero, bi banku txar sortu zituen, eta horri esker hazkunde ekonomikoari berrekin zion. Bost urte behar izan zituen aktibo toxikoak saltzeko.

Etxeak eraitsiko dira ziurrenik

Higiezin sektoreari ere eragingo dio. Irlandan, kasurako, bukatu gabekohirigintza proiektu batzuk eraisten hasi dira. Espainian azken hamarkadan gehiegi eraiki denez, bide beretik joko dute. Horren beldur dira etxegileak, higiezin agentziak eta sustatzaileak, argi dagoelako amaitu gabeko proiektu batzuk nekez salduko direla.

Bestelako ondorioak ere izango ditu. PPren gobernuak ukatu egin du alor publikoan eraginikizango duela, baina memorandumak neurriok hartzea «gomendatzen du»: zergak igotzea, lan erreforma ezartzea, lan merkatu eraginkorrago baterako neurri gehigarriak hartzea, zerbitzu profesionalak liberalizatzea eta argindar tarifaren defizita konpontzea, besteak beste. Izan ere, ezer ez da doan. Are gutxiago 100.000 milioi ematen badituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.