AEBak, Kanada, eta geografiaren patua merkataritzan

Donald Trump herra berezia agertzen ari zaio Kanadari bere bigarren agintaldian. Mark Carneyren gobernuak haren eskakizun muturrekoei aurre egiten dien neurri berean ari dira puzten AEBetako presidentearen haserrea eta muga zergak.

Kanadara pasatzera doan kamioi bat Ambassador zubian, Detroiten. ARI SAPERSTEIN / EFE
Kanadara pasatzera doan kamioi bat Ambassador zubian, Detroiten. ARI SAPERSTEIN / EFE
Irune Lasa.
2026ko irailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Merkataritza gerrarik ergelena» deitu zion The Wall Street Journal-ek iaz Donald Trumpek Kanadaren eta Mexikoren kontra piztutakoari. Abuztu honen amaieran, egunkari kontserbadore horrek kontua are ergelagoa bihurtu dela berretsi du editorial batean.

Adjektiboak arintzen ez du laguntzen AEBetako presidenteak toponimian imajinazio eskasarekin esku hartzeko duen zaletasunak. Azken kasketan, Trumpek agindua eman du America izena jartzeko AEBen eta Kanadaren arteko mugan dagoen Ontario aintzirari. Trumpi bost axola dio lehenengo mapek duela laurehun bat urte jaso izana Ontario izen aproposagoa, irokesen hizkuntza taldetik datorrena —ez dago argi huroien ontare izenetik datorren (aintzira handia edo aintzira polita), edo irokes hizkuntzako kanadario edo skanadario hitzetatik (ur distiratsua, ur ederra)—. America behar du izan, Trumpek dioelako.

Purrustada horrek, dena den, ondo azaltzen du azken asteetan zenbateraino gaiztotu diren AEBen eta Kanadaren arteko hartu-emanak. Ontario aintziraz gain munduko muga politikorik handiena (8.900 kilometro) eta, beraz, geografiaren patua partekatzen duten auzoen artean ez da giro.

Negoziazioak, hautsita

Bi aldeak negoziatzen aritu dira abuztuan; Kanadak gaur egun Europako Batasunak, Japoniak eta Hego Koreak —umiliazio handien ostean— dituzten baldintzen antzekoak nahi zituen; hots, AEBek muga zerga batzuk apaltzea. Izan ere, Kanadaren esportazio garrantzitsuak daude zerga horien pean —altzairua eta aluminioa (%50), zura (%45) eta automobilak (%25)—.

(ID_16386454) ONTARIO AINTZIRA, MERKATARITZA GERRA, TRUMP
Donald Trumpek bere sare sozialetan zabaldutako irudia. 

Bazirudien Ottawak beherapenen bat lortuko zuela, baina elkarrizketen azken txanpan, adostasun nagusia iritsita eta azken xehetasunak falta zirela, Kanadaren ordezkariak mahaitik altxatu ziren. Trumpek, haserre, egun gutxiko epea eman zien negoziazio mahaira itzultzeko, zerga gehiago ezartzeko mehatxua eginez.

Kanadarrak ez ziren itzuli mahaira, eta AEBek %50eko muga zerga gehiago ezarri zituzten, bostehundik gora salgaien gainean —eztia, garagardoa, hockey makilak, makillajea, eskularruak... —. AEBek guztira 20.000 milioi dolarreko balioko esportazio kanadarrak ere zergapetzen dituzte orain. Trumpek, gainera, esan du urtarrilaren 1etik aurrera muga zerga %50era handituko diela Kanadatik AEBetara saltzen diren autoei.

Bitarte honetan, irailaren 8az geroztik Kanadak bere muga zergekin erantzun dio Trumpi, kanadarrei zergatan ezarritako «dolar bakoitzarengatik dolar bat» ordainaraziz AEBetako salgai jakin batzuei.

Onartezina

Ottawako iturriek azaldu zutenez, Etxe Zuriak negoziazio mahaian azken unean ezarri nahi zizkieten baldintzengatik joan ziren etxera, onartezinak zirelako: baldintza bat zen kontsumo produktuen etiketetan frantsesa kendu ahal izatea, eta eduki digitaletan hizkuntza horrek kuota murritzagoak izatea. Onartezina Kanada burujabe batentzat.

Howard Lutnick AEBetako Merkataritza idazkariak ukatu egin zuen baldintza hori jarri zuela, eta esan zuen kanadarrek hasieratik ez zutela akordiorik nahi; guztiaren atzean Mark Carney lehen ministroaren Alderdi Liberalaren kalkulu politikoak daudela. Zehatzago esateko, urriko Quebeceko hauteskundeak eta Albertako erreferenduma. Carneyk, berehala, auzitan jarri zuen Lutnickek esandakoa, eta berretsi egin zuen frantsesaren inguruko baldintzena.

%5,5

 

Kanadako esportazioen zer ehuneko zergapetu berri duen Trumpek. AEBen eta Kanadaren arteko merkataritza harremana 800.000 milioi dolar ingurukoa da, eta Kanadatik AEBetarako esportazioen %5,5i eragingo diete Smoot-Hawley legea erabiliz Trumpek ezarritako muga zergek. Izan ere, Trump ez da ausartu muga zergak jartzen energia gaien —petrolioaren eta gasaren— eta mineral kritikoen esportazioei.

AEBen azken uneko beste baldintza bat Kanadak beste herrialdeekin merkataritza akordiorik ez egitea zen, kanadarren arabera. Hori ere onartezina da Kanadako Gobernuarentzat. Are gehiago orain, Trumpen oldarraldien ondorioz ekonomiaren dibertsifikazioa bihurtu baita Carneyren gobernuaren estrategia nagusia.

Europarekin nahi

Trump itzulita, Kanadarentzat zaurgarritasun handia bihurtu da AEBekin ekonomikoki horren integratuta egotea. Horregatik, harreman komertzialak dibertsifikatzea da ihesbide nagusia Ottawarentzat. Horretarako, Kanadak bereziki Europa du buruan. Hori garden ikusi da azken hilabeteetan, eta baita aste honetan bertan ere, Kanadako lehen ministroak «etorkizunerako aliantza» iragarri baitu Europako Parlamentuan.

Carneyren beste asmo bat da Kanada zubi bihurtzea EBren eta Pazifikoko Lankidetzarako Ituneko Ozeano Bareko hamabi herrialdeen artean.

Gero, zaurgarritasunak arintzea lortu bitartean, eta nahiz eta oraindik bere esportazioen %70 inguru AEBetara egin, Kanadak baditu indarguneak ere auzoarekin duen harreman gorabeheratsuan. Trumpek ikusi nahi ez badu ere, AEBetako ekonomia bera oso integratua dago Kanadakoarekin. Hango petrolio astuna aproposena da AEBeko findegientzat; Kanadako argindarraz hornitzen dira AEBetako iparraldeko estatu asko; Kanadako altzairua eta aluminioa oinarrizkoak dira, adibidez, AEBetako automobil ekoizleentzat...

Esaterako, Michigan eta Maine estatuen esportazioen parte handi bat doaz Kanadara —%40 inguru—. Eta hain zuzen, bi estatu horietako salgaiak dira Carneyren gobernuaren elkarrekiko muga zergen jomuga nagusia. Eta ez da kasualitatea: bi estatu horietako hautagai errepublikanoak larri dabiltza azaroko legealdi erdiko bozetara begira.

Zaharrak berri

Hori da Kanadaren beste aukera bat, AEBetan muga zergen kontrako jarrerak sustatu eta Trump ahalik eta gehien indargabetzea. Geografiaren patuari iltzatuta, egoerari eustea, AEBetako beste presidente baten itxaropenean.

USA CANADA WH
Mark Carney eta Donald Trump, iazko urrian, Etxe Zurian. SHAWN THEW / EFE

Horri buruz, merezi du gogoratzea Trumpek 1930eko lege bat erabili duela Kongresuari baimenik eskatu gabe Kanadari %50eko muga zergak ezartzeko, muga zergen Smoot-Hawley legea.

Herbert Hoover garai hartako AEBetako presidente errepublikanoak, lege horrekin, 1929ko crash-aren osteko Depresio Handiaren ondorioetatik babestu nahi izan zituen nekazariak eta industria. 20.000tik gora inportaziori muga zerga oso handiak ezarri zizkien, eta haiei erantzunez beste herrialdeek ere beren zergak ezarri zituzten —hain zuzen, Kanada izan zen lehena erantzuten—. Aditu askoren iritziz, muga zerga horien guztien eraginez merkataritzak izandako itzelezko beherakadak depresioa okertu besterik ez zuen egin: ekonomia globala erori egin zen, eta AEBetako inportazioak eta esportazioak bi heren murriztu ziren 1929tik 1932ra bitartean.

1932. urtean, muga zergak kenduko zituela esan zuelako eta beste hainbat arrazoirengatik, Franklin D. Roosevelt demokratak irabazi zituen AEBeko presidentetzarako hauteskundeak; beste herrialdeekin negoziatzen hasi zen, eta muga zergak apalduz joan zen.

Historiaren lezioak kontuan izan gabe, AEBetako gaur egungo presidenteak hor jarraitzen du muga zergen mehatxua egiten mundu osoari, eta herra berezia erakusten ari da Kanadako Gobernuaren kontra, hark aurre egin diola eta. Baina ez dirudi patuak Trump Etxe Zuritik botatzeko asmorik duenik.

USMCA ituna, kolokan

AEBen eta Kanadaren arteko ezinikusi komertzialak eztabaidatzeko gune egokia izan zitekeen USMCA, AEBen, Mexikoren eta Kanadaren arteko merkataritza librerako ituna. NAFTA Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna zen lehen, harik eta Donald Trumpek bere lehenengo agintaldian moldaketa batzuk behartu eta izen berria eman zion arte. Aldaketa kosmetikoak izan ziren, baina salgarriak Trumpentzat: «Inoiz lortu den merkataritza hitzarmenik handiena, ederrena, orekatuena eta modernoena. Ez da inoiz horrelakorik izan».

Askotan aipatu izan da adibidea, itunaren ondorioz, hiru ekonomien arteko integrazioaren erakusgarri: USMCAren barruan, auto osagai batek zazpi-zortzi aldiz igarotzen ditu AEBen eta Kanadaren eta AEBen eta Mexikoren arteko mugak, erabat osatutako ibilgailu batean izan arte.

USMCA Itunak sei urte bete, eta hura berriz negoziatzeko garaia iritsi da. Hala ere, gordin dago kontua. Ahaztu ditu Trumpek 2020ko itunari buruzko bere hiperboleak. Uztailaren 1ean esan zuen ez zuela akordioa berritu nahi. Eta uztail bukaeran berriz heldu zion gaiari: 

«Ez ditugu behar. Akordioa haientzat da garrantzitsua. Guretzat ez da inportantea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA