Carney: «Kanada eta Europa indartsuagoak dira elkarrekin»

Kanadako lehen ministroak Europako Parlamentuan hitz egin du, eta adierazi du bi aldeen arteko aliantza «itsasargi bat» izango dela gainerako demokrazientzat.

Mike Carney gaur, Estrasburgon, Europako Parlamentuan. RONALD WITTEK / EFE
Mike Carney gaur, Estrasburgon, Europako Parlamentuan. RONALD WITTEK / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko irailaren 17a
14:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kanada Europako Batasunaren «lehen kide elkartua» izateko asmoa iragarri zuen atzo Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek. Mark Carney Kanadako lehen ministroak esan izan du Kanadak «segurtasun eta ekonomia aliantza parekorik gabea» egin nahi duela Europarekin, eta hori arrazoitu du gaur, Europako Parlamentuko ordezkarien aurrean, Estrasburgon (Frantzia). Haren esanetan, Europa eta Kanada indartsuak dira nor bere aldetik, baina «indartsuagoak dira elkarrekin badaude». Horrela, nabarmendu du koalizio horrek hartzen duen izena hartzen duela ere, «itsasargi bat» izango dela «beste demokrazia batzuentzat».

Carneyk azpimarratu du Europak eta Kanadak bat egiten dutela balioetan, eta esan du Kanadak «pozarren» hartu duela Europako Batasunaren lehen kide elkartua izateko proposamena. Nazioarteko ordena ezbaian dagoen honetan, Carneyk adierazi du «lankidetza sakonago bat» sortzeak «berebiziko garrantzia» daukala, eta nabarmendu du aliantza horrek «ikuspegi positiboa» izango duela; «parekorik gabea».

Azaldu duenez, bi aldeen «autonomia estrategikoa bermatzeko» eta zenbait arlotan «lankidetza indartzeko» balio beharko luke aliantzak. Besteak beste, «mineral kritikoetan, defentsarako ahalmen industrialean, AA adimen artifizialean eta konputazioan, segurtasun energetikoan eta ordainketetan».

Airean dago oraindik aliantza horrek zer itxura har dezakeen. Izan ere, kategoria hori ez dago Europako tratatuetan estatus juridiko moduan. Hortaz, Europako Batasunak zehaztu beharko du «kide elkartu» izateak zein abantaila ematen dizkion Kanadari.

Horri dagokionez, Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidenteak parlamentuan bertan adierazi du estatus berriak —ez da izango ez estatu kide ezta estatu kide izateko hautagai ere— ate bat zabal dezakeela beste herrialde batzuekin harreman estuago bat izateko; «esaterako, Australiarekin edo Zeelanda Berriarekin». Gaineratu du «pozgarria» dela Kanadaren «interesa» ikustea, eta azpimarratu du aliantza egiteko era berria ez dela Donald Trump AEBetako presidenteari aurre egiteko modu bat izan. «Erabaki hau ez dugu hartu inoren aurka joateko. Baina lagun bat zuregana datorrenean eta elkarlanean aritzeko esaten badigu, besoak zabalik hartuko dugu», azaldu du Metsolak. Horregatik, adierazi du ez dagoela arrazoirik Europak edo Kanadak AEBen errepresaliarik jasotzeko.

Trumpek mehatxu

Espero zitekeen moduan, ordea, Donald Trump AEBetako presidenteak ez du begi onez ikusi mugimendua. Aliantza horren gaineko xehetasunen berri eduki gabe, gaur goizaldean kazetarien aurrean adierazi du Kanada Europaren aldamenera hurbildu nahi izatea AEBen «kalterako ekintzatzat» har daitekeela, eta, ohi duen bezala, mehatxu egin dio muga zergak ezarriko dizkiola. «Kanada bazkide komertzial txarra izan da. Gure aurkako ekintzatzat jotzen badut, oso muga zerga gogorrak ezarriko ditut, edo Europarekiko merkataritza etengo dut arlo askotan».

Trumpek hitz egin eta ordu batzuk geroago igo da Europako Parlamentuko atrilera Carney, eta erantzun egin dio, zeharka bada ere. «Gure gizartea ez dago ekaitz berrietatik salbu» esan du, eta Trumpen modus operandi-a ekarri du gogora: «merkataritza arma gisa erabiltzea edota muga zergak presioa egiteko erabiltzea». Hori dela eta, Kanadako lehen ministroak azaldu die parlamentariei zer urrats egin behar diren: «Gure oinarriak finkatu behar ditugu gure balioak defendatzeko, eta, gure herritarrek aurrera egin ahal izan dezaten, babes sabai bat eraiki behar dugu».

Hala ere, Carneyk ohartarazi du Europaren eta Kanadaren aliantzaren helburua ez dela «botere handiagoa» lortzea gainerakoak «menderatzeko edo kontrolatzeko», baizik eta «erresilientzia» lortzea: «Hartara, inork ezingo du gure merkatua kontrolatu, gure subiranotasuna ahuldu, gure lurralde osotasuna mehatxatu edo gure askatasuna, demokrazia eta zuzenbide estatua zapaldu».

Kazetarien galderak erantzun ditu geroago Kanadako lehen ministroak, eta bide beretik jo du: «Aliantza horrek indartsuago egingo du Europa, eta indartsuago egingo du Kanada [...] Kanadarrek ideia irmoak dituzte. Inork ez digu esango zer hizkuntzatan hitz egin behar dugun, zer kultura dugun, edota norekin egin ditzakegun nazioarteko akordioak eta norekin ez». 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA