Zeremonia, tronpeta hots, desfile militar eta galako oturuntzen artean, bada Donald Trumpen eta Xi Jinpingen arteko enkontruaren emaitza praktiko bat. Bi herrialdeek hitzartu dute beste bi hilabetez luzatuko dutela bien arteko merkataritza gerraren su etena, 2027ko urtarrilera arte. Espero zen emaitza hori, oraintxe ez bati eta ez besteari ez baitzaie interesatzen tentsioa gehiago handitzea.
Luzapenaren berri Scott Bessent AEBetako Altxorreko idazkariak eman du goizean, Trumpen eta Xiren arteko negoziazio bilera ofizialaren aurretik, eta tanto bat da estatubatuarrentzat: printzipioz haiek luzapen motza nahi zuten, hiru-sei hilabetekoa gehienez, ez direlako fio Pekinek lur arraroen esportazioei buruzko konpromisoak beteko dituela.
Txinak, berriz, «egonkortasun estrategikoaren» izenean nahiago zuen su eten hori luzeagoa izatea, ahal bazen Trumpek bere agintaldia bete arterainokoa. Pekinen badago kezka, zer gerta daitekeen muga zergekin, agerian geratzen denean Txinaren merkataritza superabitak iazko errekorra aise gainditu duela 2026an.
Denbora irabazi
Nolanahi ere, su etenari bi hilabete gehituta —azaroaren 10ean iraungitzen zen—, bi herrialdeek denbora irabazi dute. Haien arteko tentsioa ez da gehiago handituko, baina ez dirudi baretuko denik ere, eta berandu baino lehen heldu beharko diete berriz merkataritzan zein beste hainbat kontutan ados jartzeko lanei.
Izan ere, bi agintarien arteko gaurko bilerak, eta haren inguruan egindako negoziazioek merkataritzako su etenaren luzapenaz beste, akordio edo irtenbide esanguratsu gutxi izan ditu, itxura guztien arabera. Lerrook idazteko orduan, negoziazioak ez dira amaitu, baina analista gehienek ez dute berritasun handirik espero.

Emaitza eskasa
Negoziazio mahaian, Txinak asmoa agertu du AEBetako nekazaritza salgai gehiago erosteko, baina zehaztasunik ez da eman horri buruz.
Adimen artifizialaren norabide arriskutsua ere hizpide izan dute, baina azken emaitzan gai horretan ez da aparteko aurrerabiderik izan, aurretik bi herrialdeetako negoziatzaileek adostutako «aldebiko elkarrizketa tresna» bat ezartzeko akordioaz aparte.
The Wall Street Journal-en arabera, egun hauetan Trumpen administrazioak arma nuklearren gaia jarri dio mahai gainean Pekini, eta zalantzak agertu ditu Txinak halakoekin probak egiteko debekua betetzen ote duen.
Xinhuak, berriz, esan du Xik Taiwan izan duela hizpide, eta gaur ere Txina bateratuaren aldeko bere jarrera sendoa berretsi diola Trumpi.
Adierazpenak
Xiren eta Trumpen hedabiderik gabeko bilkuraren aurretik, bi agintariek adierazpenak irakurri dituzte. AEBetako presidenteak bi liderren arteko adiskidetasuna goraipatu du. Xik, berriz, eskainitako abegikortasuna eskertu dio Trumpi, «1.400 milioi pertsonaren izenean», bide batez bere herrialdearen neurria gogoraraziz.
Txinako presidenteak «egonkortasun estrategikoaz» hitz egin du Trumpen aurrean, Busanen (Hego Korea) duela ia urte bete egin zuen bezala, eta gogoratu du «Txinaren eta AEBen interesak oso lotuta» daudela.

Xiren ustez, AEBek eta Txinak izkin egin behar diote liskarrari. «Ez diogu lehiaz hitz egiteari utzi behar, baina gure lehiak osasuntsua izan beharko luke, eta muga jakin batzuen barruan mantendu beharko litzateke. Elkar harrapatzeko lasterketa bat izan beharko luke, ez batek irabazteko eta besteak galtzeko borroka bat».
Adimen artifiziala
Bai Xik eta bai Trumpek, bi-biek hitz egin dute adimen artifizialaz. Trumpek ez du ezer entzun nahi adimen artifiziala bezatzeko beharraz, eta egoskor segitzen du bere azken burutazioarekin: mundu guztiak adimen artifiziala esateari utzi eta superadimenaz hitz egitea nahi duela errepikatu du gaur Xiren aurrean.
Xik, berriz, aipatu du adimen artifizialak beti gizakiaren kontrolpean egon behar duela, baina ez du besterik azaldu.
Xik eta Trumpek berriro ikusiko dute elkar azaroaren 18an eta 19an, APEC Asia eta Ozeano Bareko Ekonomia Elkarlanaren bilkuran, Txinan bertan, Shenzhenen.