Merkataritza

AEBek eta Txinak muga zerga gehiago jarri dizkiote elkarri

Trumpen administrazioak Txinaren 1.333 produkturi arantzelak igo ondoren, AEBetako 106 produkturen inportazioa garestituz erantzun du Pekinek.

Txinako mugazaiak Qingdaoko portu batean. YU FANGPING / EFE
Iker Aranburu.
2018ko apirilaren 4a
16:32
Entzun

AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gerra gero eta produktu sorta zabalago batera hedatzen ari da. Asteartean, AEBetan saldu ahal izateko muga zerga handiagoak ordaindu beharko dituzten Txinako produktuen zerrenda luze bat kaleratu zuen. Argudiatu zuenez, hainbat urtez Txinak AEBetako enpresen jabetza intelektuala "lapurtu" izan duelako jarri ditu zigor horiek.

Produktu elektronikoak, robotak, tren makinak, botikak, armak eta LED argiak agertzen dira 1.333 produkturen zerrenda horretan. Trump saiatu da oinarrizko kontsumo produktuak salbuesten, AEBetako saltokietan produktu askoren garestitzea saihesteko.

Muga zerga horiek aste batzuk barru dira indarrean jartzekoak, baina Pekinek ez du itxoin nahi izan Trumpen aurrean makurtzen ez dela erakusteko. AEBetako autoen, produktu kimikoen, sojaren eta beste 103 produkturen inportazioei %25eko arantzela jarriko diela iragarri du gaur goizean.

Txinako Finantza Ministerioak ziurtatu du bere neurriek bete egiten dituztela Munduko Merkataritza Erakundearen arauak. Erakunde horretan AEBak salatuko dituela iragarri du Lu Kang Finantza Ministerioko bozeramaileak, eta ukatu egin ditu estatubatuarren akusazioak.

Astelehenean, Pekinek AEBetako beste 128 produkturen inportazioa garestituko zuela iragarri zuen, Washingtonek bere altzairuari eta aluminioari jarri dizkion muga zergei erantzuteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.