Beti ez da irabazten, eta Donald Trumpek galdu egin du gaur. AEBetako Auzitegi Gorenak ebatzi du Trumpek iaz ezarritako muga zergetako asko ez direla legezkoak, AEBetako presidenteak ezin zuelako erabili haiek ezartzeko baliatutako legea.
Hain zuzen, Trumpek hainbat inportaziori bizkor, ikerketarik gabe eta Kongresuaren oniritzirik gabe muga zergak ezartzeko Nazioarteko Larrialdietarako Botere Ekonomikoaren Legea erabili izan du. Hura baliatu zuen, adibidez, joan den urteko apirilean ustekabean munduko ia herrialde guztiei elkarrekiko muga zergak ezartzeko, teorian AEBen merkataritza defizit bidegabea zuzentzera zetozenak.
Defizit horrek, Etxe Zuriaren arabera, mehatxatu egiten zuen herrialdearen hazkunde ekonomikoa, eta muga zergetatik bildutako dirua —milaka eta milaka milioi dolar, Trumpen arabera— erabili ahalko zen AEBen aurrekontu defizita bera murrizteko. Â
Beste bideak
Baina hainbat enpresa elkartek eta AEBetako hamabi estatuk Trumpen jokabidea salatu zuten Auzitegi Gorenean. Haien argudio nagusia izan da muga zerga horiek egiaz estatubatuarren gaineko zergak direla, zergak ezartzea eta kanpo merkataritza kontrolatzea AEBetako Kongresuaren egitekoa dela, eta presidenteak ez duela horietarako eskumenik, are gutxiago xede horretarako larrialdietarako pentsatutako legea erabiltzeko.Â

AEBen defizit komertziala gutxitzeko ere ez dute balio izan Trumpen muga zergek. Hain zuzen, aste honetan jakin da iaz herrialdeak egindako inportazioen eta esportazioen balioen aldea %2,1 handitu zela, 1,2 bilioi dolarreraino —bilioi bat euro inguru—.Â
Etxe Zuriko buruari oraingo honetan ez dio balio izan Auzitegi Goreneko bederatzi epaileetatik sei kontserbadoreak izateak —hiru Trumpek berak izendatuak—, eta kontrako epaia etorri zaio. Gorenak ebatzi du muga zerga horien eta beste batzuen kasuan ez dagoela nahikoa arrazoirik Gerra Hotzaren garaiko lege hori erabiltzeko.Â
Galdera asko pizten dira orain. Jarraituko du muga zergekin AEBetako presidenteak, nahiz eta horretarako beste bide batzuk, beste lege batzuk erabili behar izan? Pentsatzekoa da baietz, bere administrazioko hainbat ordezkari, egungo jokalekua aurreikusterakoan, bide hori hartzeko hautuaren alde agertu baitira.Â
Kasu horretan, Trumpek bost bat lege tresna ditu eskura muga zergak ezartzeko, baina guztietan derrigorrezkoa da ikerketa bat egitea eta, beraz, denbora bat igarotzea, muga zerga berriak ezarri ahal izateko. Gerta daiteke muga zerga berriek berriz ere auzibidean amaitzea ere.Â
Eta dirua?
Beste galdera handia orain legez kanpokotzat jotako muga zerga horiekin bildutako diruen ingurukoa da. Itzuli egin behar zaie inportatzaileei? Azken datuen arabera, AEBetako enpresek eta inportatzaileek 200.000 milioi dolar ordaindu dituzte muga zergetan azken urtean (172.000 milioi euro). Horietatik bi heren inguru (114.000 milioi euro) dagozkie 1977ko legearen bitartez Trumpek handitutako inportazio zergei.Â
Gainera, Etxe Zuriaren logikaren arabera, muga zergei esker bildutako diruarekin konpentsatu behar zen Trumpek aberatsenenen mesedetan egindako zerga murrizketek kontu publikoetan utzitako zuloa. Nahiz eta egiaz diru horiekin nekez orekatu zitezkeen AEBen kontuak, diru sarrera horren galerak kezka areagotu dezake inbertsiogileen artean, herrialdearen defizita eta, ondorioz, herrialdearen zor gero eta handiagoa dela eta.
Politikoki ere, Gorenaren ebazpena ipurdiko handia da Trumpentzat. Azaroko agintaldi erdiko hauteskundeei begira —besteak beste, Ordezkarien Ganberako kide guztiak eta Senatuko ehundik 35 senatari hautatuko dituzte— AEBetako presidentea gero eta adierazpen gehiago egiten ari herritarren erosteko ahalmenari buruz, eta prezioen eskuragarritasunari buruz (affordability), gaiari buruz Alderdi Demokrata egiten ari den kanpaina arrakastatsuari aurre egin nahian. Azken aldian, Trumpen argudioa izan da herritarrei prezioen eskuragarritasun hori errazteko ezinbestekoak direla muga zergetatik lortutako diru sarrerak.
trumpen beste aukerak
232. artikulua. Nazioarteko segurtasuna arriskuan dagoela argudiatuz gero, AEBetako presidenteak muga zergak ezar diezazkieke zenbait produkturi, Merkataritza Legearen 232. artikuluaren bidez. Horixe egin zuen altzairuarekin eta aluminioarekin bere lehen agintaldian, 2018an, eta %50eko zerga horiek indarrean daude oraindik —nahiz eta Joe Bidenek eten egin zituen EBren produktuetarako—. 232. artikuluaren muga zergek ez dute denbora edo kopuru mugarik, baina, hori bai, derrigorrezkoa da Merkataritza Departamentuak ikerketa bat egitea muga zerga horiek ezarri aurretik.
201. artikulua. Presidenteak eskumena dauka muga zergak ezartzeko baldin eta produktu baten inportazioak «kalte larria» egiten badie AEBetako ekoizleei. Kasu horretan ere ikerketa baten bidez erabaki behar da kalte larria jasaten ari direla, eta Nazioarteko Merkataritza Batzordeak du horren ardura. Lau urterako muga zergak dira, baina zortzira ere luzatu daitezke. 201. artikuluaren bitartez, produktu jakinen muga zergak %50 handitu daitezke, baina urtebete indarrean egon ondoren apaldu egin behar dira. Trumpek 201. artikulua erabili zuen 2018an eguzki plakei eta garbigailuei zegozkien muga zergak handitzeko. Bidenek luzatu egin zituen, baina garbigailuena 2023an iraungi zen.
301. artikulua. Herrialde edo bloke batek AEBetako produktuen inportazioak mugatzeko neurriak hartuz gero edo merkataritza itunak hautsi dituela erabakiz gero, AEBetako presidenteak 301. artikulua erabil dezake berak ere muga zergak handitzeko. Kasu horretan tarifek ez dute mugarik ehunekoari dagokionez, eta hasieran lau urterako dira, baina mugarik gabe luzatu daitezke. Ez dira automatikoak: Merkataritza Ordezkaritzak ikerketa bat abiatu behar du, eta AEBei kalte egin dion atzerriko gobernuarekin negoziatu behar behar du. Trumpek bi aldiz erabili du 301. artikulua: 2019an, muga zerga handiagoak ezarri zizkien Txinako zenbait produkturi, Txinak teknologia transferentziari, jabetza intelektualari eta berrikuntzari buruz dituen arauak zigortzeko; horixe bera egin zien iazko abuztuan Brasilgo zenbait produkturi. Bidenek 301. artikulua erabili zuen Txinako auto elektrikoen gaineko muga zergak bikoizteko eta, hortaz, haien inportazioa seko geratzeko.Â
122. artikulua. Presidenteak %15 handitu ditzake muga zerga jakin batzuk, baldin eta uste badu merkataritza defizit handi bat zuzendu dezakeela hori eginda, eta dolarraren amiltzea geratzen badu. Ez da inoiz erabili, baina adituek diote 122. artikulua dela egokiena Trumpek AEBen merkataritza defizita txikitu nahi badu.
338. artikulua. 1930eko Smoot-Hawley legearen 338. artikuluak dio lehendakariak eskumena duela muga zergak %50 handitzeko baldin eta uste badu herrialde batek AEBetako produktuei neurrigabeko mugak jarri dizkiela. Arau hori ez da inoiz erabili inportazio zergak handitzeko, eta, Trumpek hala eginez gero, auzitegietan bukatuko dute muga zergek.Â