Trumpen muga zergak, haren gustuko epaileen esku

AEBetako Auzitegi Gorenak ebatzi behar du ea presidenteak eskubidea zuen muga zergak 1977ko lege batean oinarrituta igotzeko. Gaurko espero zen epaia, baina atzeratu egin da. Mila inportatzailek auzitara jo dute.

Donald Trump muga zerga bereziak iragartzen, iragan apirilean. KENT NISHIMURA / EFE
Donald Trump muga zerga bereziak iragartzen, iragan apirilean. KENT NISHIMURA / EFE
Iker Aranburu.
2026ko urtarrilaren 9a
17:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espero ez zuen tokitik etor dakioke kolpea Donald Trumpi. Hark zizelkatutako AEBetako Auzitegi Gorenaren esku dago erabakitzea azken urtean jarritako muga zerga nagusiak legezkoak ote diren ala ez. Gaur kaleratzekoa zen ebazpena, baina egun batzuk gehiago hartuko dituzte deliberoa emateko. Auzitegi horretan sei epaile kontserbadore daude —haietako hiru Trumpek berak izendatutakoak—, eta hiru liberal edo aurrerakoi.

AEBetako presidenteak 1977an nazioarteko larrialdietarako onartutako lege ilun baten atal bat baliatu zuen joan den apirilean muga zergak nahieran handitzeko eta Kongresua saihesteko, nahiz eta hura den, teorian, merkataritza politikaren gaineko erabakigunea.

Europako Batasuneko produktuei dagokienez, %20ko muga zerga berezia ezarriko ziela iragarri zuen orduan —orain indarrean daudenen gainetik—, baina tirabira eta mehatxu askoren artean, %15ekoak sartu ziren indarrean, uztailean.

Erabaki horrek protestak sortu zituen AEBetan ere, azken finean handik produktuak inportatzen dituztenek ordaintzen dituztelako. Kaltetu gutxi batzuek helegiteak aurkeztu zituzten, eta behe mailako auzitegiek arrazoi eman izan diete orain arte, ebatzi baitute Trumpek gehiegikeriaz jokatu zuela Nazioarteko Larrialdietarako Botere Ekonomikoen Legea erabili zuenean bere merkataritza politikaren tresna nagusi gisa.

AEBetako Auzitegi Gorena
AEBetako Auzitegi Gorena, Washingtonen, joan den azaroan muga zergen auzia aztertu zuenean. AARON SCHWARTZ / EFE

Afera Auzitegi Gorenera iritsi da. Azaroan entzun zituen salatzaileen argudioak, eta epaile liberalek eta zenbait kontserbadorek ere azaldu zuten zalantzak zituztela presidentearen erabakiaren inguruan. Ebazpena gaur irits zitekeela kaleratu zuten AEBetako hedabideek, baina azkenean ez da halakorik gertatuko. 

Epaiaren zain daude azken urtean Trumpek ezarritako muga zerga bereziak ordaindu dituzten 300.000 inportatzaileak. Horietatik, mila inguruk jo dute auzitara, ordaindutako dirua berreskuratzeko; gehientsuenek azarotik hona egin dute hori, auzia irabazteko aukera zutela ikusi dutenetik, alegia. Haien artean jantzi denden kate handiak eta autogintzako enpresak nabarmentzen dira, baina badira industriarako makinak egiten dituzten asko ere. AEBetako hamabi estatuk ere parte hartu dute salaketan.  

 

114.000

Aparteko zenbat milioi euro bildu dituzten AEBek muga zergen bidez. AEBetako enpresek eta inportatzaileek 200.000 milioi dolar (172.000 milioi euro) ordaindu dituzte muga zergetan azken urtean. Horietatik bi heren inguru —114.000 milioi euro— dagozkie 1977ko legearen bitartez Trumpek handitutako inportazio zergei. 

Berez, AEBetako Konstituzioaren arabera, legebiltzarkideen esku dago kanpo merkataritza kontrolatzea eta, hortaz, inportazioei dagozkien zergak onartzea. Baina azken urteetan Kongresuak hainbat arau onartu ditu eskuduntza hori gobernuei emateko. Eta gobernuak dio orain beste aukera horiek baliatuko dituztela muga zergak berriro ezartzeko. Edonola ere, beste bide horiek korapilatsuagoak dira, eta Trumpen apetaz harago doazen baldintzak jartzen dizkiote muga zergak handitzeari.  

trumpen beste aukerak

  1. 232. artikulua. Nazioarteko segurtasuna arriskuan dagoela argudiatuz gero, AEBetako presidenteak muga zergak ezar diezazkieke zenbait produkturi, Merkataritza Legearen 232. artikuluaren bidez. Horixe egin zuen altzairuarekin eta aluminioarekin bere lehen agintaldian, 2018an, eta %50eko zerga horiek indarrean daude oraindik —nahiz eta Joe Bidenek eten egin zituen EBren produktuetarako—. 232. artikuluaren muga zergek ez dute denbora edo kopuru mugarik, baina, hori bai, derrigorrezkoa da Merkataritza Departamentuak ikerketa bat egitea muga zerga horiek ezarri aurretik.

  2. 201. artikulua. Presidenteak eskumena dauka muga zergak ezartzeko baldin eta produktu baten inportazioak «kalte larria» egiten badie AEBetako ekoizleei. Kasu horretan ere ikerketa baten bidez erabaki behar da kalte larria jasaten ari direla, eta Nazioarteko Merkataritza Batzordeak du horren ardura. Lau urterako muga zergak dira, baina zortzira ere luzatu daitezke. 201. artikuluaren bitartez, produktu jakinen muga zergak %50 handitu daitezke, baina urtebete indarrean egon ondoren apaldu egin behar dira. Trumpek 201. artikulua erabili zuen 2018an eguzki plakei eta garbigailuei zegozkien muga zergak handitzeko. Bidenek luzatu egin zituen, baina garbigailuena 2023an iraungi zen.

  3. 301. artikulua. Herrialde edo bloke batek AEBetako produktuen inportazioak mugatzeko neurriak hartuz gero edo merkataritza itunak hautsi dituela erabakiz gero, AEBetako presidenteak 301. artikulua erabil dezake berak ere muga zergak handitzeko. Kasu horretan tarifek ez dute mugarik ehunekoari dagokionez, eta hasieran lau urterako dira, baina mugarik gabe luzatu daitezke. Ez dira automatikoak: Merkataritza Ordezkaritzak ikerketa bat abiatu behar du, eta AEBei kalte egin dion atzerriko gobernuarekin negoziatu behar behar du. Trumpek bi aldiz erabili du 301. artikulua: 2019an, muga zerga handiagoak ezarri zizkien Txinako zenbait produkturi, Txinak teknologia transferentziari, jabetza intelektualari eta berrikuntzari buruz dituen arauak zigortzeko; horixe bera egin zien iazko abuztuan Brasilgo zenbait produkturi. Bidenek 301. artikulua erabili zuen Txinako auto elektrikoen gaineko muga zergak bikoizteko eta, hortaz, haien inportazioa seko geratzeko. 

  4. 122. artikulua. Presidenteak %15 handitu ditzake muga zerga jakin batzuk, baldin eta uste badu merkataritza defizit handi bat zuzendu dezakeela hori eginda, eta dolarraren amiltzea geratzen badu. Ez da inoiz erabili, baina adituek diote 122. artikulua dela egokiena Trumpek AEBen merkataritza defizita txikitu nahi badu.

  5. 338. artikulua. 1930eko Smoot-Hawley legearen 338. artikuluak dio lehendakariak eskumena duela muga zergak %50 handitzeko baldin eta uste badu herrialde batek AEBetako produktuei neurrigabeko mugak jarri dizkiela. Arau hori ez da inoiz erabili inportazio zergak handitzeko, eta, Trumpek hala eginez gero, auzitegietan bukatuko dute muga zergek. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.