AEBetako energia Europako bateriak berpizteko

AEBetako Lyten enpresak berriro jarriko du Northvolt martxan. Europako auto elektrikoen bateria ekoizle handiena zena porrot egoeran dago martxotik, eta hainbat lantegi dauzka itxita ordutik.

Zirkulu polar artikotik 200 kilometrora dago Lytenek erosi duen lantegia erraldoia, Skelleftean, Suedia iparraldean. ONAS WESTLING / EFE
Zirkulu polar artikotik 200 kilometrora dago Lytenek erosi duen lantegia erraldoia, Skelleftean, Suedia iparraldean. ONAS WESTLING / EFE
2025eko abuztuaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europak ez du gidatuko bere burujabetza energetikorako proiektu anbiziotsuena zena, baina behintzat martxan izango da berriro. AEBetako Lyten enpresak Northvolt erosi du, auto elektrikoentzako baterien Europako ekoizlerik handiena izandakoa. Suediako Gobernuak begi onez hartu du erabakia. Izan ere, enpresa porrot eginda dago martxotik, eta iaz ere 1.600 langile kaleratu behar izan zituen, mila milioi euro baino gehiagoren galera izan ostean.

Prozesua ez da egun batetik besterakoa izan, pixkanakakoa baizik. Northvolten egoera ikusita, iaz bereganatu zuen Lytenek suediarren Kaliforniako planta, AEBetan. Orain gutxi, uztailaren hasieran, Poloniako lantegia ere erosi zuen, eta orain, enpresaren aktibo nagusiak bereganatzeko akordioa lortu du, herrialdeetako gobernuen laguntzarekin. Horiek dira, hain zuzen, Skellefteako lantegi erraldoia, Suedia iparraldean, Vasteras hiriko (Suedia) lantegia eta Heidekoa (Alemania). Lytenek Northvolten jabetza intelektuala ere eskuratuko du, eta, gainera, konpromisoa erakutsi du Northvoltek Quebecen (Kanada) duen lantegia erosteko ere.

Kalkuluen arabera, aktiboek 5.000 milioi dolarreko —4.300 milioi euroko— balioa dute, gutxi gorabehera. Dagoeneko ekoizten diren bateriek guztira 16 gigawatt-ordu (GWh) energia gordetzeko ahalmena dute, eta, Alemaniako lantegiko eraikuntza lanak amaitzean, beste 15 GWh gehituko zaizkie. Lytenen arabera, lantegiek 100 GWh baino gehiago gordetzeko ahalmena izango dute etorkizunean.

Eragiketa gauzatzeko kapitalaren zati bat Stellantis, FedEx eta Honeywell enpresa handiek jarri dute, besteak beste: 625 milioi euro. Apustua argia da beraz. Eta hori aurrera eramateko, Silicon Valleyko enpresak adierazi du kaleratzeen aurretik zegoen langile kopurua berreskuratuko duela lantegietan. Guztira 6.000 langile ziren 2016an.

«Lytenek egindako erosketa garaipen handia da Suediarentzat eta Northvoltetik kaleratutako langileentzat. Akordioak Suediaren rola bermatzen du Europako energiaren burujabetzaren funtsezko eragile gisa»

EBBA BUSH Suediako presidenteordea

Hortaz, akordioa oso positiboa dela esan du Ebba Bush Suediako presidenteordeak: «Lytenek egindako erosketa garaipen handia da Suediarentzat eta Northvoltetik kaleratutako langileentzat. Akordioak Suediaren rola bermatzen du Europako energiaren burujabetzaren funtsezko eragile gisa».

Horren bidez, ez dute soilik Europaren burujabetza bermatuko, AEBena eta Europarena baizik, bateko zein besteko agintarien arabera. Helburua argia da, are gehiago gaur egungo testuinguru geopolitikoan: Mendebaldean bateriak ekoizteko ahalmena izatea, Asiako enpresa erraldoien menpekotasunik gabe. Txinako CATL eta BYD eta Hego Koreako LG eta Samsung dira gisa horretako bateria gehien fabrikatzen dituzten enpresak munduan.

Lytenen politika

Lytenek ez ditu auto elektrikoentzako bateriak ekoitzi orain arte. Estatubatuarrek litio eta sufrezko bateria mistoak egin dituzte, eta droneetarako eta defentsarako erabili izan dituzte. Ikusteko dago, beraz, zer norabide hartuko duten estatubatuarrek, ez baitago guztiz argi. Dan Cook Lyteneko zuzendari nagusiak ez du norabidea argitu: «Lytenek bereziki droneen bateriak ekoizten ditu, eta denbora dezente beharko dugu horiek autogintzara eramateko», aitortu du. Dena den, adierazi du haien plana, hasiera batean, Skellefteako lantegian zegoen jardunari eustea dela.

«Lytenen litiozko eta sufrezko baterien eskariak esponentzialki ari dira igotzen, energiaren burujabetza, segurtasun nazionala eta adimen artifizialeko zentroak bermatzeko»

DAN COOK Lyteneko zuzendari nagusia

Lehen esan bezala, autogintza enpresa handiek —Stellantisek, esaterako— egin dute inbertsioa Lytenen proiektuan, eta baliteke horrek tentsioak sortzea. Nork daki. Bi gauza utzi ditu argi Dan Cookek. Lehendabizi, Lytenen litiozko eta sufrezko baterien eskariak esponentzialki ari direla igotzen, «energiaren burujabetza, segurtasun nazionala eta adimen artifizialeko zentroak bermatzeko». Eta bigarrenik, Norvolth erosita, «Suediako talentuari» aukera emango diotela haien hasierako misioa betetzeko: «Energia garbiaren eta baterien ekoizpenaren liderrak izatea Europan eta AEBetan».

Baliteke beraz Lyten auto elektrikoetara baino gehiago bideratzea beste arlo batzuetara; hori egin du orain arte. Agian lantegi berrietan ez, ez dago argi. Baina gauza bat ziurra da: Europak epe laburrean galdua zuen ekoizpen gaitasuna irabaziko du, baina aktibo estrategiko garrantzitsu baten gaineko kontrola galduz lortuko du hori.

ASIAKO EKOIZLEEKIN EZIN LEHIATU

Northvolt Europako autogintzaren eta agintarien ume kutuna izan da. 2017. urtean sortu zutenetik, 18.000 milioi euro baino gehiago inbertitu dituzte erakundeek eta sektoreko enpresa garrantzitsuenek, Volkswagenek bereziki. Baina egon dira egitasmoarekin zalantzak agertu dituztenak ere: zenbait bezero handik, hala nola Scaniak eta BMWk, atzera bota izan dituzte hainbat kontratu handi, baterien kalitatea Asiako ekoizleena baino okerragoa zela argudiatuta. Europak desabantailak eduki ditu haiekin lehiatu ahal izateko, halako bateriak egiteko energiaren kostua handiagoa delako, eta lehengaien hornidura arazoengatik, litioarena nagusiki. Europan, gainera, ibilgailu elektrikoen salmentak ez du espero zen abiadura hartu oro har, eta desoreka handiak daude herrialdeen artean. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.