Aeronautika sektoreak %14,9 handitu du fakturazioa, «merkatuen dinamismoak» hauspotuta

Datozen urteetan ere gora egiten jarraitzea espero dute. Hegan klusterrak Batzar Nagusia egin du, eta, 2025eko datuak emateaz gain, Carlos Alzola izendatu dute presidente.

Ezkerretik, Carlos Alzola, Hipolito Suarez eta Martin Fernandez Loizaga, aeronautika alorreko emaitzak azaltzen. HEGAN
Ezkerretik, Carlos Alzola, Hipolito Suarez eta Martin Fernandez Loizaga, aeronautika alorreko emaitzak azaltzen. HEGAN
gotzon hermosilla
2026ko ekainaren 10a
15:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egoera geopolitiko gatazkatsuak ekarritako ziurgabetasuna gorabehera, 2025a ez da urte txarra izan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industria aeronautikoarentzat. Aitzitik, sektoreak gora egin du fakturazioan, esportazioan eta enplegu kopuruan. Zehazki, 3.413 milioi euro fakturatu zituen 2025ean, aurreko urtean baino %14,9 gehiago. Alor horretako eragileek «merkatuen dinamismoari» egotzi dizkiote emaitzak: diotenez, sektorea «hazkunde iraunkorreko egoeran» dago, eta datozen urteetan ere gora egiten jarraitzea espero dute.

Hegan klusterrak Batzar Nagusia egin du Miñaoko teknologia parkean (Araba). Aeronautika eta espazio arloko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eragile nagusiak biltzen ditu klusterrak, 82 orotara; sektore horretako enpresak dira gehien-gehienak, baina unibertsitateak, teknologia elkarteak eta aliatuak ere badaude klusterrean. Batzarrean, 2025eko datuak aurkeztu ditu Heganek, eta emaitzak oso positiboak dira: fakturazioan izandako gorakadaz gain, enpleguan ere gora egin dute, eta 15.133 langile dituzte mundu osoan, aurreko urtean baino %4,4. Langile horietatik 6.259 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan daude, eta hor ere hazkundea izan dute, 2024an baino %8,6 gehiago baitira.

Eta nondik dator gorakada hori? Klusterra osatzen duten eragileek aitortu dute egoera geopolitikoak «distortsioak» sortzen dituela, baina, hala eta guztiz ere, sektorea «hazkunde iraunkorreko egoeran» dago: hegazkintzan eta espazio arloan merkatua dinamikoa da, alor instituzionalean eta pribatuan, eta, gainera, negoziorako aukera berriak topatu dituzte segurtasunean, teknologia dualetan eta beste zenbait esparrutan.

Europak sektoreari aitortzen dion garrantziak ere badu zerikusia emaitza positibo horietan. Klusterreko bazkideen aburuz, Europa gero eta kontzienteagoa da «burujabetza industriala eta teknologikoa babestu eta indartzeko beharraz». Hala ere, klusterra osatzen duten eragileek uste dute gehiago egin daitekeela: haien iritziz, Europa beste lehiakide batzuek garatutako teknologia eta energia iturrien menpeko bilakatzeko eta bere industria ahultzeko arriskuan dago, eta horren aurrean «batuta» jardun behar du «bere aberastasun, segurtasun eta babeserako funtsezkoa den sektore kritiko bati eusteko».

Zifrak

 
168
 

Hegan klusterreko enpresek mundu osoan dituzten instalazioak. Heganeko enpresek 168 instalazio dituzte munduan. Horietatik 107 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan daude. Alemanian, Brasilen, Espainian, Frantzian, Txinan, AEBetan, Indian, Maltan, Mexikon, Polonian, Portugalen, Erresuma Batuan eta Errumanian ere badituzte lantegiak.

 

1.690
 

Heganeko enpresek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako fakturazioa, milioi eurotan. 2025ean, klusterra osatzen duten enpresek 1.690 milioi euroko fakturazioa izan zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurreko urtean baino %13,5 gehiago.

 

Edonola ere, klusterreko kideek uste dute hazkundearen meritu osoa ez dela merkatuen dinamismoarena, eta haien enpresek erakutsitako «sendotasuna eta heldutasuna» goretsi dute: «Euskadiko industria aeroespazialak egoerara egokitzeko gaitasuna eta indarra erakusten jarraitzen du». Bereziki, berrikuntzan, digitalizazioan eta garapen teknologikoan egindako ahalegina nabarmendu dute.

Aurrera begira ere, baikor

Orain arte, Hegan osatzen duten enpresak baikor agertu dira etorkizunak ekar dezakeenaren aurrean, eta azken aurreikuspenek berretsi egin dute baikortasun hori. Aeronautika zibila da enpresa horien bezero nagusia, eta espero dute 2050erako oraingoa halako bi izango dela aireko bidaien munduko eskaria, eta 2044. urterako 43.000 hegazkin berri beharko dituztela.

Espazioari lotutako industrian ere negoziorako eta hazkunderako aukera apartak ikusten dituzte Heganeko kideek. Zantzu guztien arabera, jarduera horrek gora egingo du datozen urteetan: arlo espazialarekin lotutako munduko ekonomiak 620.000 milioi euroko balioa izan zuen 2025ean, eta halako bi izango da hamar urte barru. Datu bat eman dute, espero duten hazkunde horren erakusgarri: 2025ean, 17.000 satelite inguru zeuden planetaren inguruan jirabiraka, eta 2030ean 70.000 izango dira. Bi alor horiez gain, segurtasunean, hiri mugikortasun berrian, teknologia dualetan, abiazio jasangarrian eta beste zenbait esparrutan negoziorako aukera handiak ikusten dituzte aeronautiko sektoreko enpresek.

2025eko datuen berri emateaz gain, Heganeko kideek batzarra baliatu dute klusterreko presidente berria izendatzeko. Orain arte, Aernnovako idazkari nagusi Hipolito Suarez aritu da langintza horretan, eta, aurrerantzean, ITP Aero enpresako zuzendari nagusi Carlos Alzola izango da Heganeko presidentea.

SENER TALDEAK %31,4 handitu ditu diru sarrerak

Hegan klusterreko kide den enpresa batek, Sener taldeak hain zuzen ere, 2025eko emaitzen berri jakinarazi du: 933 milioi euroko diru sarrerak izan zituen, aurreko urtean baino %31,4 gehiago. Aeronautika sektoreko beste zenbait enpresaren moduan, defentsa eta arlo militarra dira haren jardueraren zutabeetako bat, eta horretan ere «joera positiboa» izan du negozioak, misilak egiteko nazioarteko zenbait programatan parte hartu baitu: zehazki, IRIS-T, Meteor, Taurus KEPD 350 eta Patriot sistemari lotutako programetan. Senerrek jorratzen dituen gainerako arloetan ere, hots, azpiegitura eta garraiobideetan, energian eta datu zentroen diseinuan, kontratu berriak lortu zituen taldeak 2025ean. Orotara, haren eskaera zorroa 1.912 milioi eurokoa izan zen, aurreko urtean baino %23,8 gehiago.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE