Ipar Euskal Herriko laborariek abenduaren 12an blokeatu zuten Beskoitze eta Ahurti (Lapurdi) arteko A64 autobiderako sarrera, Frantziako Laborantza Ministerioak behien dermatosi nodular kutsakorraren kontra plantan ezarri zuen protokoloarengatik kexua adierazteko. Izan ere, protokoloak ezartzen du etxalde batean izurri kasu bat agertuz gero behi tropa osoa hil behar dela. Hala, laborariek errana zuten behar bezainbeste egonen zirela, eta bi aste iraun du blokeatzeak, eguberri garaia barne. Azkenean, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko prefeturak joan den ostiralean iragarri zuen blokeatzeak kentzen hasiko zirela, eta, dirudienez, autobidea berriz irekirik dago atzotik geroz.
ELB eta CR sindikatuek deiturik iragan da Ahurtiko blokeatzea hasieratik, baina ELBkoek joan den asteartean utzi zuten, abenduaren 23an. Hiru egun berantago, abenduaren 26an, CR sindikatukoak departamenduko prefetarekin bildu ziren dermatosiaz ez ezik Mercosur akordioez eta PAC laborarien diru laguntzez ere mintzatzeko. Bilkuraren harira, prefeturak iragarri zuen CRkoek blokeatzea kenduko zutela.
Gisa berean, erran zuen txertaketa kanpainari beste bultzada bat emanen diotela Pirinio Atlantikoetan. Hain zuzen, abenduaren 19an abiatu zuten txertaketa departamenduan, laborarien kexak lasaitzeko asmoz. Baina eskari nagusiak hor segitzen du, espero zen erantzunik ez baitute jaso: behi tropa osoak ez hil behar izatea. ELB sindikatuak blokeatzea kendu zuenean, argiki erran zuen «indarrak atxiki» behar zituztela oraindik, gero ere «presioa» egin ahal izateko. Hala, tropa hilketak eginen dituzteno laborariek protestan segituko dute nola edo hala.
Andeatzeak konpontzeko
Bidea blokeatzeari utzi badiote ere, Ahurti eta Beskoitze arteko bide parte hori ezin da hain errazki berriz ireki, andeatzeak izan baitira joan diren bi asteetan. Prefeturak jakinarazi duenez, garbiketan ibili dira asteburuan, eta, orain, autobidearen bi lerroak irekirik dira, zenbait lekutan izan ezik, segurtasun hesi batzuk hautsiak izan baitira. Adibidez, Baionatik barnealdera bidean, laugarren ilkitzetik ezin da iragan mementokotz, eta hirugarrenean atera behar dute autoek; hots, Beskoitzeko herri barnetik iragan behar dute.
Egoera ondoko egunetan normalduko da, bazterrak garbitzen eta konpontzen dituzten artean.