A64 autobidea blokeatu dute laborariek Beskoitzen, Parisek dermatosiaren kontra harturiko neurriengatik protestan

Biarnon eritasuna agertu ondotik, behiak txertatzeko beharra zabaldu dute Ipar Euskal Herrira ere. Etxalde batean kasu bat agertuz gero behi guztiak hiltzeko agindua eman du Frantziako Gobernuak.

ELBko kideak A64 autobidea blokeatzen, behiak hil behar izatea salatzeko. ELB
ELBko kideak A64 autobidea blokeatzen, behiak hil behar izatea salatzeko. ELB
Leire Casamajou Elkegarai
2025eko abenduaren 13a
08:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aste osoan mobilizazioak egin dituzte Ipar Euskal Herriko laborariek Frantziako agintariek behien dermatosi nodular kutsakorraren izurria kontrolatzeko harturiko neurri gogorren kontra: izan ere, Parisek manatu du kasu bat atzemanez gero tropa osoa hiltzea. Erabaki horri erreakzioz, laborariek A64 autobidea blokeatu zuten barda, Beskoitze eta Ahurti artean (Lapurdi), Okzitaniako Tolosarako norabidean. Gaur ere blokeaturik segitzen du, orduan bidearen erabiltzaileek derrigorrez atera behar dute eta Beskoitze herria zeharkatuz berriro autobidean sartu.

ELB Euskal Herriko Laborarien Batasunak eta Coordination Rurale sindikatuek deiturik iragaten ari dira blokeatzeak. Atzo 21:30ean hasi ziren traktoreak biltzen Ahurtin, eta 22:30ean moztu zuten autobidea. 02:00etarako ehun bat traktore ziren bidean, bi lerroak okupatzen. ELB sindikatuko Julen Perezek erran duenaz, bihar arte egoteko baimena ukan dute, eta, horien helburua «laborarien kexua» erakustea denez, iragarri du balitekeela azken momentura arte egotea. Lehen gaua pasaturik, 60 bat traktore geratzen omen dira blokeoan parte hartzen.

«Eritasun berria» da dermatosi nodularra, oraindik aski ezagutzen ez dena, Perezen ustez batez ere behi tropa osoen hilketa manatzeko. Azpimarratu du ELBren urteetako esperientzia, oroitarazteko dermatosi nodularrarena ez dela mota horretako lehen afera, ahate gripearen edo behien tuberkulosiaren aferekin ere antzera jokatu izan baitu Frantziako Estatuak. Perezi iruditzen zaio halako neurririk ezin dela hartu zinez argi ez baldin bada zer heineko lanjera dakarren eritasunak. «Zentzuz jokatuz gero, eritasuna hobeki ezagutzeko ikertuko lukete, eta gero erabakiak hartu».

ELB protesta
ELBko kideak A64 autobidea blokeatzen, behiak hil behar izatea salatzeko. ELB

Gogorarazi du behien tuberkulosiaren kasuan ber manuak jaso zituztela joan den urtean, kasu bat agertu eta tropa osoa hiltzeko. Duela hiru aste, alta, jakinarazi zitzaien protokoloaren aldaketa: hilketa prebentiboak eta partzialak baizik ez dituzte eginen.

Dermatosi nodularraren gaitzari dagokionez, ordea, negoziaziorik ez da oraino izan, baina, Perezek jakinarazi duenaz, ELBkoak astelehenean biltzekoak dira Pauen Pirinio Atlantikoetako prefetarekin, eritasunaren kudeaketaz hitz egiteko. Mementoko, hauek dira neurriak: txertaketa kanpaina Pirinio Atlantikoetako departamendu osoan hedatua, behi mugimenduak debekatuak txertaketa eremuetarik kanpo, neurri zorrotzak 2026ko urtarrilaren lehenera arte... 

Ariegeko kasua

Ostegunean Ariege departamenduko 208 behiko tropa bat osorik hil zuten osasun zerbitzuek. ELB sindikatuak agiri batean azpimarratu zuenez, «mobilizazio azkar bat antolatua izan da, sindikatu guziak bateraturik, hainbat herrialdetako laborariek bidea eginik etxalderaino eta gizarte zibilaren sostengua duela». Baina, Frantziako Poliziak bortitz erantzun zien protestatzera jin zirenei. ELBren erranetan, betiere, «bi eguneko borroka luzearen ondotik, administrazioaren presiopean eta akiturik», behi troparen jabeek mobilizazioa bertan behera uztea galdegin zuten, eta atzo goizean hil zituzten behi guztiak.

Beste departamendu batean ere hil dute tropa oso bat, Pirinio Garaietan. Bi hilketa kasu horiengatik ELB sindikatua jadanik mobilizatu zen ostegun arratsean, Donapaleun (Nafarroa Beherean): «200 bat laborari eta herritar» bildu ziren jendarmeriaren aitzinean, Masakreari Stop lelopean. Su bat piztu zuten, «sinbolizatzeko politika eta errepresio horiek gure ofizioa sutan eta odoletan ezartzen dutela»; ELBk politika «larderiatsu, bidegabe eta ez-eraginkorra» salatu du. Hain zuzen, Julen Perez bozeramaileak «beste politika sanitario bat» eskatu zuen, halako hilketa masiborik gabekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.