Gobernuek bankuei emandako diruaz asko idatzi da azken hilabeteotan, baina laguntza publikoa gehien jaso duen finantza erakundea ez da banku bat, AIG aseguru etxea baizik. AEBetako Gobernuak atzo iragarri zuen beste 30.000 milioi dolar emango dizkiola (23.850 milioi euro), porrot egin ez dezan. Horrekin, dagoeneko kutxa publikoetatik 180.000 milioi dolar eskuratu ditu AIGk.
Laugarren aldia da Washingtonek AIG diruz laguntzen duela. 60.000 milioi dolarreko mailegua eman zion, 40.000 milioi dolar erosi zizkion akziotan, eta 50.000 milioi eman zizkion aktibo kutsatuak gainetik kentzeko. Honez gero, AEBetako Estatua da AIGko akziodun nagusia, tituluen %80arekin.
Citigroupek 50.000 milioi dolarreko laguntza publikoa jaso du, 45.000 milioikoa Bank of Americak, 25.000 milioikoa Wells Fargok eta hamarna mila milioikoa Goldman Sachsek eta Morgan Stanleyk.
AIG laguntzea ezinbestekotzat jo du AEBetako Gobernuak, aseguru etxe hori oso handia delako eta porrotak finantza sektore osoari eragingo liokelako. Izan ere, milioika familia ez ezik, mundu osoko finantza erakundeak ere aseguratzen ditu AIGk.
Handiak dira AIGren arazoak ere. Iaz, 99.300 milioi dolar galdu zituen, horietatik 61.700 azken hiruhilekoan. Inoiz ez zuen AEBetako enpresa batek hainbeste diru galdu hain tarte txikian. Galeren zatirik handiena -25.900 milioi dolar-, mailegu hipotekarioekin lotutako tituluak eta CDS credit default swaps deitutakoen balio galtzea estaltzeko izan dira.
Laguntza publikoaren truke AIGk berregituratu egin beharko du, eta Gobernuaren esku geratuko dira bi adar: American International Assurance eta American Life Insurance Company. Bi adar horiek emaitza onak ematen ari dira, eta behar izanez gero,AEBetako Gobernuak saldu egin ditzake AIGn sartutako diruaren zati bat berreskuratzeko.
HSBC ere estu eta larri
Oraingoz dirulaguntza publikorik gabe eutsi dio Europako bankurik handienak, HSBCk. Hala ere, besteak bezalaxe, kapital beharra du AEBetako etxebizitzen merkatuan dirutza galdu duelako. 2003an 15.500 milioi dolar pagatu zituen AEBetako Household Internationalen truke, eta, horren bidez, subprime hipoteken emaile handiena bilakatu zen. Hamarnaka mila lagunek hipoteka horiek pagatzerik izan ez dutenez, ehunka milioi dolar jarri behar izan ditu HSBCk zuloa estaltzeko. Atzo jakinarazi zuen Household International itxi eta horko 6.100 langileak kalera botako dituela.
Atzo ere, HSBCk iragarri zuen 14.000 milioi eurotan handituko duela bere kapitala. HSBCren irabaziak nabarmen jaitsi ziren iaz -19.133 milioi eurotik 4.519 milioi eurora-, batik bat Ipar Amerikako adarrak 12.251 milioi euro galdu zituelako.
AIG laugarren aldiz salbatu du AEBetako Gobernuak
Aseguru etxeak dagoeneko 180.000 milioi dolar jaso ditu dirulaguntza publikoetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu