Txinatarren eta errusiarren artean prestatzen ari diren CR929 hegazkina iritsi bitartean, Airbusen eta Boeingen duopolioak kontrolatzen du hegazkin handien merkatua. Joko beti ez oso garbi horretako lehian, nolabaiteko berdinketa izan zen iaz: Airbusek eskari gehiago izan ditu Boeingek baino, baina AEBetako ekoizlea gai izan da hegazkin gehiago entregatzeko. Hegazkin egile europarrak espero du 2020. urterako bi arloetan irabazteko gai izango dela. Ordurako argitu beharko litzateke etorkizuna ba ote duen Airbusen proiektu izarra izandakoak, A380 hegazkin erraldoiak.
Atzo jakinarazi zuen Airbusek 2017an 1.109 hegazkin egiteko eskaria jaso zuela, 2016an baino %52 gehiago. Horri esker, eskarietan Boeing atzera uztea lortu zuen. AEBetako ekoizleak ere urte ona izan zuen (912 eskari).Azken txanpan irabazitako lehia izan da eskariena. Izan ere, abenduan 776 zituen Europako enpresak, urteko lehen 11 hilabeteetan lortutakoak baino askoz gehiago (433). Kontratu bakar batean 430 hegazkin saldu zizkion Indigo Partnersi. Inoizko eskaerarik handiena izan zen hori, eta urtea salbatu zion Airbusi.
Boeingi itzala egiteko sortu zuten Airbus Frantziako, Alemaniako eta Erresuma Batuko enpresa aeronautikoek, 1970eko hamarkadaren hasieran. Baina bezeroen konfiantza irabazteak luze jotzen du, eta 1995. urtean oraindik merkatuaren %18 baizik ez zuen. Joan den mendearen azken urteetan hasi ziren gauzak parekatzen, eta nor baino nor dabiltza azken urteetan.
2012az geroztik eskarietan lehenengoa izan da Airbus, baina ez, ordea, bezeroari emandako hegazkinetan. 2017an ere Boeingek 763 abioi entregatu zituen, inoizko kopururik handiena;718, berriz, Airbusek. Europarrarentzat ere marka den arren, gehiago izan zitezkeela azaldu zuen atzo Fabrice Bergier arduradun exekutiboak. Izan ere, arazo teknikoak izan ditu A320 Neo modeloaren motorraren egileetako batek, AEBetako Pratt&Whitneyk.
Orban handi bat
Baina Airbusen bilakaera onak badu orban bat. Orban handia, futbol zelai baten neurrikoa, hori baita A380 modeloak betetzen duena. 2007an estreinatu zen, etagaur egun 127 ari dira hegan. Airbusen arazoa da ez duela A380rik saldu 2015eko urtarrilaz geroztik, Hegaldi luzeetarako hegazkin egokia da A380, eta aireportu batzuetako saturazioa gainditzeko funtsezkoa dela dio Airbusek. «Bere garaia iritsiko da», ziurtatu zuen atzo John Leahy Airbuseko salmenta arduradunak. Baina 525 aulki eskaintzen ditu —835, denak turista klasean joanez gero—, eta horientzako bezeroak bilatzea nekeza da. Horregatik, aire konpainiek nahiago dute hegazkin txikiagoak erosi, betetzeko errazagoak izateaz gain, keroseno gutxiago gastatzen dutelako.
Golkoko emirerri aberatsetako aire konpainia indartsuak izan dira A380aren bezerorik garrantzitsuenak, eta haien esku dago programak jarraitzeak. Zehazki, Emiratesen esku. Arabiar Emirerri Batuetako konpainiak 103 A380 ditu eta beste 40ren zain dago, baina hilabeteak daramatza beste 36 erosteko akordioa itxi gabe. Adostasunik ez badago, «programa itxi beharko dugu», onartu zuen atzo Leahyk. Akordioa ez sinatzearen arrazoietako bat da, hain zuzen ere, auzitan dagoela A380aren epe luzeko iraupena. Emiratesek berme bat nahi du 2030etik aurrera jarraituko dutela eraikitzen, ez baitu hegazkin flota zaharkitu batekin geratu nahi. Hori ziurtatu ahal izateko, bezero gehiago beharko lituzke Airbusek, eta Txinako aire konpainiei begira ari da.
A380ren etorkizuna argitu bitartean, hegazkinaren orainaldia erabaki du Airbusek. Iaz hamabost abioi bukatu ondoren, 95 eskari ditu betetzeko, baina polikiago egingo ditu: hamabi aurten, eta zortzi 2019tik aurrera. Murrizketa horrek muga bat du: ezin dira sei baino gutxiago egin katea errentagarria izan dadin.
Airbusek Boeingi irabazi dio abioi eskarietan, azken bultzada bati esker
Bi konpainiek inoiz baino hegazkin gehiago eman zizkieten atzo beren bezeroei, baina AEBetakoa nagusitu zen arlo horretan. Eskaera gehiago jaso ezean, A380ren programa etengo du Airbusek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu