Aire eta espazioko sektorearen bultzadarekin, Danobatgroupek 336 milioi eurora igo du fakturazioa

Danobat, Soraluze eta Goimek enpresak biltzen dituen taldeak %6 handitu zituen salmentak iaz. AEBak izan dira esportazioen helmuga nagusia.

Danobat enpresaren lantegia, Elgoibarren. DANOBATGROUP
Danobat enpresaren lantegia, Elgoibarren. DANOBATGROUP
Irune Lasa.
2026ko ekainaren 2a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Makina-erremintaren sektorearentzat iazko urtea zaila eta ziurgabetasunez betea izan da, eta Txinako lehiakideen presio gero eta handiagoari igarri dio bereziki. Testuingurua halakoa izanik ere, Danobatgroupek goranzko joerari eutsi dio. Taldearen fakturazioa 336 milioi euro izan da 2025ean, aurreko urtean baino %6 handiagoa.

Danobatgroupek adierazi duenez, «balantze positibo horren oinarrian zera dago, Danobat eta Soraluze enpresek nazioartean duten jarduera handia». Funtsean, taldearen balio erantsiko produktuen %90 esportatu egin ditu taldeak.

Merkatuen artean, AEBetakoa nabarmendu dute, hara joan baitira esportazioen %19, aurreko ekitaldian baino hiru puntu gehiago. Alemanian eta Italian ere gehiago saldu du taldeak, baina Europako merkatu nagusiak maila historikoen azpitik daude oraindik.

Sektoreka, aire eta espazioko alorrak abiada hartu duela antzeman du Danobatgroupek: «Gaur egun, taldearen jardueraren motor nagusi gisa finkatu da, eskaera guztiak kontuan hartuta %31ko kuota lorturik», ekipo ondasunen eta ingeniaritza orokorraren gainetik.

2026ari eta 2027ari begira, «sendo» dagoela azaldu du Danobatgroupek, eta 350 milioi eurotik gorako eskaera zorroa duela. Taldea Mondragon Korporazioko kidea da, eta 1.492 langile taldea dauka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE