Aurreko udetan euria izaten zen Euskal Herriko toki askotako herritarren maldizioen biktima nagusia, baina tenperaturei buruzko kexuek aurre hartu diete zaparradei uda honetan. Klima aldaketaz hitz egin liteke, hondartzetan batzen den jendetzaz, lehorteaz... baina bero itogarria uxatzea urgentea izaten da oso, eta berehalako soluzioaren bila dabil gero eta euskal herritar gehiago: aire girotuaren botoiaren bila.
«Lanez gainezka gaude. Aparatuak instalatzeko urte eta erdiko epealdiak ematen ari gara». Horrela mintzatu da Alicia Sobejano, Donostiako Tempo Climatizacion dendakoa. Gipuzkoako etxeetan ez zen apenas aire giroturik jartzen, baina azken hiruzpalau urteetan eskaera handia sumatu dute. 2023an hasi ziren aire girotuen salmenta handitzen, eta 2025ean eskaria bikoiztu egin zen. «Orain, aurreko urtean baino lau edo bost aldiz gehiago saltzen ditugu».Â
«Lanez gainezka gaude. Aparatuak instalatzeko urte eta erdiko epealdiak ematen ari gara»
ALICIA SOBEJANO Tempo Climatizacion dendako arduraduna
Udak beroagoak izan ohi dira Araban Gipuzkoan baino, eta, beraz, han ere eskaera izugarri handitu da. «Duela lau urte, lau edo bost etxetan jarri genuen aire girotua; aurten, berriz, jada ehun aurrekontu baino gehiago egin ditugu, eta Gasteizen 30 etxe ingurutan jarri dugu honezkero», zehaztu du Isidro Fernandez Gasteizko CDI klimatizazio enpresako gerenteak. Eskaera hain handia denez, bezero berriei esan behar izan diete irailera arte ezingo dietela erantzun.Â
«Duela lau urte, lau edo bost etxetan jarri genuen aire girotua; aurten, berriz, jada ehun aurrekontu baino gehiago egin ditugu, eta 30 etxe ingurutan jarri dugu honezkero»
ISIDRO FERNANDEZ CDI enpresako gerentea
Hala ere, prezioek ez dute behera egin. Sobejanok esplikatu duenez, aire girotuko aparatuek berdin balio dute, baina eskulana garestitu da, geroz eta ekipo gehiago instalatu behar dituztelako.
CDIn ere langile gutxi dituzte enpresan eskaini nahiko luketen zerbitzua emateko, eta Fernandezek beste arazo bat ere badagoela gehitu du: makinak falta dira. Kontua da eskariak oso bizkor egin duela gora eta biltegiak hustu zaizkiela. Makinak Txinan eta Japonian egiten dira, eta handik ekartzeko denbora behar da.
Prezio askotakoak
Aire girotua behar dela erabaki eta gero, hura bakoitzaren etxera eta bizitzara egokitzea tokatzen da. Hoztu beharreko tokiak zenbat metro koadro dituen, instalatzeko zailtasunak zein diren eta bezeroak zer marka nahi duen, horren arabera egiten dira aurrekontuak, Sobejanok azaldu duenez. Paretako split modeloko aparatuak dira Euskal Herrian gehien saltzen direnak, kanpoko unitate bat eta barruko beste bat duena. Izan ere, beste modelo batzuk baino errazago instalatzen dira, ez baita obrarik egin behar.
Badira 150 eurotik gorako aire girotuko gailu mugikorrak, baina aurrekontua 5.000 edo 6.000 eurokoa ere izan daitekeela aipatu du Fernandezek, «egongela eta hiru logela klimatizatu nahi badituzu». Esan duenez, bi gama daude: gama baxukoak Txinan egiten dituzte, eta gama «onekoak», aldiz, Japonian. Mitsubishi, Daikin eta Toshiba izan ohi dira premium marka horiek, eta bezero gehienek horiek erosten dizkiete CDIn. «Esango nuke saltzen ditugun aparatuen %70 Mitsubishi eta Daikin markakoak direla». Sistema osatuagoak direnean, gailuaren kostuari gehitu behar zaio hura instalatzearena, eta batzuetan, gehiago balio du.
Bezeroen artean, denetarik daukate. «Adinekoak gaizki pasatzen ari dira beroarekin, eta haurrak dituen jendea ere bai», ziurtatu du Sobejanok. Familia bakarreko etxeetan jarri dituzte gailuak, baina baita etxebizitza blokeetan ere. «Beroa denek berdin pasatzen dugu», gehitu du Fernandezek.

Zailtasunak eta laguntzak
Beroa denen kontua den arren, etxeen artean desberdintasunak badaudela nabarmendu dute bi enpresetan. Izan ere, legez debekatua dago gailuen kanpoko unitatea fatxadan ikustea, eta balkoi edo terrazarik gabeko etxe askotan, nahi izanda ere, ezin dute jarri. Sobejanok azaldu du fatxadan bertan metalezko bi sareta jarrita funtzionatzen dutenak instalatu daitezkeela, eta aparatua barruko patioan jartzeko aukera gehitu du Fernandezek. Batera zein bestera, ordea, bizilagunen onespena ezinbestekoa da.
Gasteizko Udalak kontu hori hizpidera ekarri du, eta aire girotua instalatzeko neurriak malgutzeko aukera aztertzen ari da. «Irtenbide bat bilatu beharra dago», azpimarratu du Fernandezek.
Ez dago laguntza publikorik aire girotua instalatu nahi izanez gero, baina Sobejanok aipatu du gasolio galdara bat izan eta aire girotuko sistema batekin ordezkatu nahi izanez gero badagoela diru laguntzaren bat. Energia eraginkortasuna da horren arrazoia: aire girotuak energia elektrikoa behar duenez, garbiagoa da, eta ez da galdara bezain kutsakorra.
Mundua, gero eta beroago
Beroaldiaren kontrako erremedioak bilatzea ez da Euskal Herriko kontua soilik, mundu osoan ari baita aire girotuaren eskaria handitzen. IEA Nazioarteko Energia Agentziak atera berri duen txosten baten arabera, aire girotuko tresnen bidalketak aurreko urtekoak baino %25 gehiago dira orain. Klima beroa duten herrialde askotako ekonomian erdiko klasea gero eta zabalagoa izateari egotzi diote gorakada, bai eta lehen hozteko behar urria zuten toki ugaritan mugako beroaldiak gertatzeari ere.
Hala ere, herrialde batetik bestera desoreka handia dago aire girotuaren erabileran. IEAren arabera, Japonian eta Estatu Batuetan etxeen %90 ingurutan dago aire girotua, eta Europan, Indian eta Asia hego-ekialdean, berriz, kopurua %20tik gertuago dago. Txinakoa izan da garapenik nabarmenena: 2015ean etxeen %53k zuten aire girotua, eta 2025ean, berriz, ia %79k.
Egia da etxea oasi bihurtu daitekeela aire girotuari esker, baina erosotasun hori ez da aire girotuaren zabalkundeak dakarren ondorio bakarra. Korronte elektrikoa behar du aire girotuak derrigor, eta gailuen gorakada horren esanguratsua izateak erronkak dakarzkio elektrizitate sistemari ere. Are gehiago orain, eztanda hori munduko energia krisi betean dagoela etorri baita, hots, elektrizitatea bere horretan geroz eta gehiago behar denean —industria deskarbonizatzeko, auto elektrikoak eta datu zentroak elikatzeko...—.
IEAren arabera, lekua hoztera bideratutako elektrizitatea %50 inguru hazi da 2015 urtetik, eta jada munduko argindar eskaeraren %14 da —haizagailuak eta hiriko hozte sistemak kontuan hartuta—; Ekialde Hurbilean eta Afrika Iparraldean, %25eraino iritsi da.
Iaz, 2.900 terawatt ordu baino gehiago erabili ziren hozteko sistemetarako, eta kopuru hori Europako Batasunaren elektrizitate eskari totala baino handiagoa da. Aurrerantzean ere aire girotuaren eskaria handitzea espero denez, IEAk kalkulatu du 2035. urterako 4.500 terawatt ordu beharko direla. Hori gutxi balitz bezala, beste 700 terawatt ordu beharko dira baldin eta aurreikuspenak bete eta El Niño-k izugarrizko beroaldiak ekartzen baditu hurrengo urteetan.