AIREA GIROTU, LURRA BEROTU

Munduak inoizko tenperaturarik handienak erregistratu ditu uda honetan, eta herritarrak hasiak dira beroaldiari aurre egiteko neurriak hartzen. Gero eta jende gehiagok du instalatua aire girotua etxean. Energiaren Nazioarteko Erakundearen arabera, hozteak argindar eskari osoaren %10 hartzen du.

Instalatzaile bat, etxebizitza batean aire girotua jartzen, Indian. IDREES MOHAMMED / EFE.
Igor Baigorri Perez
2023ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Munduko tenperatura goraka, aire girotuaren instalazioak goraka. Gero eta hozte sistema gehiago instalatzen ari dira beroari aurre egiteko, bai enpresetan, bai eta etxebizitza partikularretan ere. Aire girotuak beroari aurre egiten laguntzen du, etxebizitzak hoztuz. Baina, aldi berean, Lurra are eta gehiago berotzen duten gasak emititzen ditu. Gurpil zoroa.

Ikusi gehiago:Xabier Balbas: «Sortze orok du energia gastu bat; eguzki panelak dira gakoa»

Aurtengo ekaina eta uztaila inoizko beroenak izan dira, eta Munduko Meteorologia Erakundearen arabera, lehen aldiz, batez besteko egunik beroenak hamazazpi graduren tenperatura langa gainditu du. Mundu osoan ari dira bero alertak ugaritzen.

Energiaren Nazioarteko Erakundeak (IEA) ohartarazi du beroaldiak elektrizitate sareak mugetaraino behartu dituela, eta, elektrizitate eskariak gora egin du aire girotuaren eskariarekin batera. Elektrizitate eskariek eragiten dute berotegi efektuko gasak isurtzea, Lurra are gehiago berotuz. Beraz, aire girotuaren instalazioak ez luke arazoa konponduko, baizik eta gero eta zulo handiago bat estaliko luke.

Harvard Unibertsitateko ikerketa baten arabera, gas isurpenen erritmoa mantentzen bada, herrialdeen %70ek eta herritarren ia erdiek beharko dute aire girotua 2050. urterako. Arazoa larriagoa da ekuatoretik gertu dauden herrialdetan, hala nola Indian eta Indonesian.

Baina irtenbideak ez dira arazoarekin proportzionalak. Munduko lekurik beroenetan bizi diren 2.800 milioi pertsonatik, hamarretik bakarrak du aire girotua edo bestelako hozte aukeraren bat etxean. Energiaren Erakundearen arabera, Estatu Batuetan eta Japonian etxeen %90ek baino gehiagok dute aire girotua, Asiako hego ekialdean etxebizitzen %15ek eta Indian eta Afrikan %5ek.

Harvardeko ikerketak aurreikusten du 2050. urterako Indiako eta Indonesiako biztanleen %99k beharko duela aire girotua, AEBetako %96k eta Alemaniako %92k. Gaur egun, Indonesiako %9k dute etxean zerbitzu hori, eta Indiako %5ek.

Horrez gain, IEAren elektrizitate merkatuaren txostenak adierazten du hozteak elektrizitate eskari guztien %10 inguru hartzen dituela batez beste. Herrialderik beroenetan, udan, elektrizitate eskaria bikoiztu behar izatea eragin dezake horrek, sarearen ahalmena muturreraino eramanez.

Mundu osoko arazoa

Tenperatura igo, argindar eskaria handitu. Texasen, adibidez, 24 gradu baino gehiago daudenean, elektrizitate eskariak %4ko igoera du graduko. Hau da, 30 gradu daudenean, batezbestekoa baino %24 gehiago igotzen da eskaria. Aldi berean, Indian, egoera berdinak %2 igotzen du eskaria graduko. Hau da, 30 gradutan, eskaria %12 igotzen da, aire girotu gutxiago dutelako.

Izan ere, Indiako zein AEBetako hego ekialdeko sare elektrikoek elektrizitate eskari errekorra lortu zuten ekainean eta uztailean. Baita beste herrialdek batzuek ere: Brasilek, Txinak, Kolonbiak, Japoniak, Malaysiak eta Thailandiak, esaterako.

Energiaren Nazioarteko Erakundearen txostenaren arabera, aire girotuaren beharrak eragindako eskariaren hazkundeak beste hainbat arazo ekartzen ditu, hala nola gabeziak, murrizketak, itzalaldiak eta etenaldiak. Horien irtenbide gisa, askotan, sareari eusteko beharrezkoa da zentral elektriko zaharragoak eta kutsagarriagoak erabiltzea, horiek oso eraginkorrak direlako. Adibidez, Txinako zentral batek, ordu bakarrean, 800 tona ikatz inguru erre zituen ekainean, Shanghaiko biztanleak fresko mantentzeko.

Eraginkortasuna

Txostenak, gainera, beste arazo bat ekarri du hizpidera: aire girotuen beraien eraginkortasuna. Elektrizitatearen prezioa handia da, eskaria handia delako, eta horrek pertsonen poltsikoa berotzen du. Badirelako prezioari begiratuz txarragoak diren gailuak, eta, gainera, kaltegarriagoak dira ingurumenari begiratuz, baita ekonomikoki ere.

Eraginkortasun txikiko aire girotuko gailuen ondorioz, askotan, freskura mantentzeko behar denaren bikoitza baino gehiago ordaintzera irits daiteke kontsumitzailea argindarrarengatik. Merkatuko azken datuen arabera, munduan saltzen den aire giroturik ohikoenak errendimendurik handiena duen produktuaren eraginkortasunaren erdia baino gutxiago dauka. Gainera, txostenaren arabera, gailu eraginkor batek ez du zertan beti prezio handiagoa izan.

Eraginkortasun falta mundu osoan zehar gertatzen den joera da. Thailandian, adibidez, kopuru berdinagatik eros daitezke bi produktu, zeina batak bestearen eragin bikoitza duen kontsumoari eta hozteari erreparatuz. Eraginkortasun txikiagokoa aukeratuz gero, 1.800 eurotik gora galtzen dira, batez beste, produktuaren bizitzan zehar.

Osasun eta sistema arazoak

Adinekoek eta ez horren pertsona zaharrek beharrezkoa dute aire girotua jada, herrialde askoren klima egoera ikusita. Hardvarden arabera, beroak pertsona gazte eta osasungarriak hil ditzake.

Horiek ekiditeko, beharrezkoa da aire girotuaren eta beste hozte sistemen hazkundea. «Aire girotuak sare elektrikoa proban jarriko du. Mundu guztiak momentu berean erabiliko du aire girotua, eta horrek argindarraren eskari maximoa dakar», adierazi du Peter Shermanek, Harvardeko ikerlariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.