Lan gatazkak

Akordiorik ezean Bizkaiko metalgintzako grebak luzatu egingo direla iragarri dute

CCOO, LAB eta UGT borroka luzatzeko prest daude, baina hil bukaerako lanuzteen ondoren erabakiko dute nola. ELArekin harremanetan jarraitzen dute.

Greba deialdiaren berri ematen duten afixak. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko urriaren 6a
17:56
Entzun

«Hil amaierako hiru greba egunen ostean akordiorik ez badago, greba gehiagotara deituko dugu». LAB, CCOO eta UGT sindikatuek mezu argia bidali diote FVEM Bizkaiko metalgintzako patronalari. Lanuzteak deitu dituzte urriaren 27rako, 28rako eta azaroaren 2rako, eta, deialdi horren bidez, patronalaren jarrera bigundu nahi dute urriaren 13ko bilerara begira. ELAk ere grebara deitu du egun horietarako, deialdi propioa egin du, baina, eta Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak onartu du haiek astebeteko grebara deitzea nahiago zutela. Arabako metalgintzako ituna sinatu ondoren aldentze bat egon da Bizkaiko mahaian, eta ikusteko dago ELAk bat egingo duen mobilizazioekin. Hark du ordezkaritzarik handiena (%40,5).

Bizkaiko metalgintzako negoziazio mahaiko gehiengoa osatzen sindikatuak ez daude amore emateko. Are gehiago, Arabako metalgintzan sinaturiko lan hitzarmenaren ondoren patronalari «aitzakiak» amaitu zaizkiola uste dute. Haien ustez, posible da, besteak beste, erosahalmena bermatuko duen eta lanaldia murriztuko duen hitzarmen bat sinatzea. Izan ere, nabarmendu dute enpresek haien salneurrietara eraman dituzte inflazioaren kostuak: «Lana badago. Salbuespenak egongo dira, baina, oro har, sektorean lan egiten ari gara. Enpresek salneurriak igo dituzte, eta krisiaren kaltea leundu dute. Aldiz, langileek haien gain hartzea nahi dute», salatu du Iratxe Azkuen LABeko ordezkariak.

Arabako metalgintzako mugarria garrantzitsua da, ELAren aldentzeak hor baitu oinarria. Haren ondoren, ELAk gutxieneko eduki batzuk adostea eskatu zuen Bizkaiko mahaian, eta beste sindikatuek ez zuten hori onartu. Dena den, bi aldeen arteko harremanak ez daude hautsita, komunikazioa irekita dago, eta ikusteko dago nola antolatzen dituzte piketeak, manifestazioak eta bestelako mobilizazioak. Egun, alderik handiena hil bukaerako greba egunen osteko estrategian dago. ELAk dagoeneko esan du greba mugagabe bat deitzearen aldekoa dela; LABek, CCOOk eta UGTk, aldiz, greba egun horien ondoren ikusiko dute zein formaturekin jarraitu.

Eta ondoren, zer?
Greba egun horien osteko estrategian pentsatuz joatea logikoa da, egun patronalaren eta sindikatuen jarrerak oso urrun daudelako. Hamabi bilera egin dituzte dagoeneko, eta, sindikatuen ustez, patronala atzera egiten ari da. «Malgutasunaren aurkako neurriak leuntzea eskatu du, eta bajen osagarriak murriztea. Esaterako, itunak langileko 100 orduko lan poltsa bat dago enpresen esku, eta hori handitu egin nahi dute», azaldu du Yari Blasco CCOOko ordezkariak.

Diru kontuetan ere urrun daude jarrerak. Sindikatuek soldatakKPI+%1 eguneratzea eskatzen dute, baina zaila izango da horri eustea. FVEMek, aldiz, %8,75ko igoera eskaini du hiru urterako. KPIarengandik oso urrun dagoen eskaintza bat da, eta, sindikatuen arabera, patronalak ez du nahi soldaten eguneratze sistema KPIari lotuta joatea. Sindikatuek esana dute ez dutela onartuko itunaren indarraldiaren amaieran erosteko ahalmena galtzea eragingo lukeen akordiorik. Arabakoak, esaterako, bermatzen du (2025. urtearen amaieran).

Bizkaiko metalgintzako lan hitzarmena Euskal Herriko lan itunetan gehien zabaldua da. 52.000 langilek dihardute haren babespean, eta, besteak beste, Sidenor eta Cie Automotive lantokien itunen oinarria da. Era berean, mantentze azpikontrata askoren baldintzak ezartzen ditu, besteak beste, Coca Colarenak eta Petronorrenak. Urtean 18.416 euroko gutxieneko soldata ezartzen du, eta aurreko itunaren indarraldia abenduan amaitu zen.

FVEM: «Greba deialdi hau arduragabea da»
FVEM metalgintzako Bizkaiko enpresen elkarteak sindikatuek eginiko greba deialdia gaitzetsi du. Adolfo Rey kudeatzailearen ustez, «arduragabekeria hutsa» da, eta sindikatuei leporatu die ez mugitu izana azken bost hilabeteetan. Reyk eskaera zehatza egin die hilaren 13ko bilerara begira: «Haien eskaera plataforma mugitu behar dute». Haren arabera, patronalak hiru eskaintza ezberdin egin ditu orain arte eginiko hamabi bileretan. Jakina da azkenekoan %1,5 handitu zituela aurreko soldata eguneraketa eskaintzak. Zentzu horretan, ez dio atea itxi eskaintza berriz egokitzearen aukerari:«Gure jarrera aztertzen ari gara, eta gure estrategiaren arabera jokatuko dugu. Hori bai, argi dugu haiek mugitzen ez badira ezinezkoa dela lan hitzarmena egotea».

NEGOZIAZIOAREN GAKOAK
Bizkaiko metalgintzako itunak 52.000 langileri eragiten die. Euskal Herriko lan itun zabalduena da.
1. CCOO-LAB-UGT. Hiru sindikatuen artean ordezkarien gehiengoa dute (%59). Haiek sinatu zuten aurreko ituna.
2. Zer eskaini du FVEMek?%3,25eko soldata igoera aurten, %3koa 2024an, eta %2,5ekoa 2024an. Malgutasunaren aurkako neurriak ere leundu nahi ditu, besteak beste.
3. Zer nahi dute sindikatuek? KPI+1 da lehen eskaintza. Marra gorria erosteko ahalmena ez galtzea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.