Alan Greenspan AEBetako Erreserba Federaleko presidente izandakoa hil egin da, 100 urte zituela, Parkinson gaitzak eragindako arazoen ondorioz.
Hemezortzi urtez izan zuen AEBetako diru politikako gidaritza, eta tarte horretan Aztia ezizena jaso zuen, bere agintaldian hazkunde ekonomiko handia izan zelako, sortutako krisiei bizkor erantzun zielako, langabezia jaitsi zelako eta inflazioa ere kontrolpean izan zelako.
Baina karguan jaso zituen laudorioak eta lausenguak kritika zorrotzak bilakatu ziren handik gutxira, indarrez bultzatu zuelako finantza merkatuen desarautzea, eta hori izan zelako 2008ko finantza krisiaren eta haren ondotik iritsitako Atzeraldi Handiaren pizgarri nagusia.
1987. urtean hartu zuen Greenspanek Erreserba Federaleko gidaritza, artean Ronald Reagan presidente zela. 2006an utzi zuen, Etxe Zurian George W.Bush bizi zela. Tartean igaro ziren George Bush aita eta Bill Clinton.Â
1926an jaio zen Greenspan, New Yorken. Bere hiriko unibertsitatean ekonomia ikasketak egin ondoren, Wall Streeten hasi zen lanean, azterketa ekonomikoak egiten. Merkatu libreen zale sutsua bilakatu zen, eta Alderdi Errepublikanoarentzat lanean hasi; Richard Nixonen kanpainan, hain zuzen ere.
Ronald Reaganek 1980ko hauteskundeak irabazi zituenean, Altxorreko zuzendari (Ekonomia ministro) izateko hautagai izan zen, baina hark Donald Regan hautatu zuen. 1987an, ordea, haren atea jo zuen Reaganek eta 1987an Erreserba Federaleko lehendakaritza eman zioten.

Hasi eta berehala lehen proba izan zuen: burtsek eroriko izugarria izan zuten, eta Greenspanek bizkor erantzun zuen, interes tasak jaitsiz eta finantza sistemari likidezia emanez. Hazkunde apaleko garai bat izan zen, eta Bushek Interes tasak gehiago jaisteko presio egin zion, Greenspanek ez zuen amore eman, eta hari egotzi zion orduan 1992ko hauteskundeak galdu izana. Ordukoa da, «Ekonomia da, ergel hori!» esaldi ospetsua, Clintonen aholku emaile James Carvilek esandakoa.
Clinton demokrata zen, baina ez zuen mugimendurik egin Greenspan kanporatzeko; are gehiago, haren politika jendaurrean komentatzeari utzi zion, banku zentralaren independentzia oinarritzat hartuta, eta hark ere babestu zuen finantza merkatuen desregularizazioa.Â
Hazkunde ekonomiko handiko epe bat hasi zen —batez beste, %3,5 hazi zen 1991etik 2001era—, aldaketa teknologikoek produktibitatea handitu zuten, eta diru merkeak lagunduta, burtsek eta etxebizitzen prezioek sekulako gorakada izan zuten.
Greenspanek berak ohartarazi zuen finantza merkatuak puztuta zeudela, 1996an, baina ez zuen gauza handirik egin goraldi hori kontrolatzeko, ezta etxebizitzen garestitze bizkorra moteltzeko. Gainera, bete-betean babestu zuen finantza merkatuak liberalizatzeko eta haien gaineko araudiak biguntzeko, eta horrek ekarri zuen bankuek hipotekak errazkeria handiz ematea eta haiekin finantza produktu arriskutsuak sortzea.
2006an utzi zuen Fed-en buruzagitza eta txaloak jaso zituen ezker-eskuin, bere agintaldian sortutako krisiei erantzuteko erakutsi zuen trebezia dela-eta. Baina bi urte geroago, 2008an, ikusi zen finantza merkatuekin izandako esku zabalak krisi are sakonago eta gogorrago bat eragin zuela. Eta horrekin itzali zen Greenspanen ospea.Â
Greenspanek bere burua defendatu zuen, eta 1990eko goraldiaren eta 2008ko krisiaren gehiegizko ardura leporatu ziotela erantzun zuen. «Egin ez nituen gauzengatik goretsi daute; eta orain, egin ez ditudan gauzengatik kritikatu baute», esan zuen, 2008an bertan.
Â