Lan merkatua

Aldaketa urtea autonomoentzat

Indarrean sartu da langile autonomoen kotizazio sistema berria, irabazien araberakoa. Otsail amaierara arteko epea dute oinarria zehazteko, eta urtean sei aldiz alda dezakete

Aldaketa urtea autonomoentzat.
jokin sagarzazu
2023ko urtarrilaren 04a
00:00
Entzun
Urtearen hasierarekin batera autonomoen kuota sistema berria martxan jarri da Hego Euskal Herrian. Berrikuntza nagusia da irabazten dutenaren arabera kotizatuko dutela Gizarte Segurantzan; orain arte, autonomoek beraiek aukeratzen zuten zenbat ordaindu nahi zuten, gutxieneko batekin. Sistema berriak Hegoaldeko 216.000 autonomoei eragiten die.

Zertan datza sistema berria?

Autonomoak kotizatzen hasiko dira irabazten dutenaren (errendimendu garbien) arabera. Hamabost tarte ezarri dira, eta horietako bat aukeratu behar da, nork bere negozio aurreikuspenen arabera. Tarte horretan zehaztutakoa kotizatu behar da hilero —ikusi azpiko taula—.


Erreformaren helburua da kotizazioak autonomoen benetako diru sarrerei egokitzea, eta jasotzen dituzten prestazioak horretara egokitzea; besteak beste, amatasun eta aitatasun baimenak, langabezia sariak, gaixotasunagatiko bajak eta etorkizuneko erretiro pentsioak. Orain arte, autonomo askok gutxienekoa kotizatzen zuten —293,94 euro, 2022an—, eta haien prestazioak ere gutxienekoak ziren.

Zer epe dago aldaketa egiteko?

Urtarrilaren 1etik otsailaren 28ra arteko epea jarri da sistema berrira egokitzeko, eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren webgunean egin daiteke hori.

Nola zehazten da kuota?

Irabazten denaren arabera. Kotizazioa oinarria ezartzeko erreferentzia, orain, langileak bere kontura egiten dituen jardueretatik lortutako etekin garbien arabera zehazten da. Horiei gastu generikoengatiko kenkari bat aplikatu behar zaie, %3 edo %7koa. Errendimenduen gutxi gorabeherako kopuru hori atera ondoren, hamabost tarteetatik zeinetan dagoen ikusi behar da. Tarte bakoitzak gutxieneko eta gehieneko kotizazio oinarri bat du ezarria. Tarte horren barruan oinarria aukeratu behar da, eta horren arabera zehazten da kuota. Gizarte Segurantzak simulagailu bat sortu du bere webgunean kalkulu hori errazteko.

Noiz aldatu behar da kuota?

Errendimendu garbiak kotizazio oinarrikoak baino handiagoak edo txikiagoak direnean, kuotak doitu beharko dira, Gizarte Segurantzaren Importass izeneko atarian.

Urteko irabazien aurreikuspenak argi ez daudenean, zer?

Autonomo askoren kasuan ohikoa da hilabeteen artean aldaketa handiak egotea irabazietan eta zaila izatea urtebetean zenbat irabaziko duten aurreikustea. Hala ere, hamabost tarteetako bat aukeratu behar da derrigor, eta urtean zehar irabaziak oso aldakorrak badira, sistemak aukera emango du kotizazio oinarria aldatzeko, urtebetean sei aldiz.

Eta betetzen ez badira?

Aukeratutako kotizazio oinarriak behin-behinekoak dira. Urteko etekinak, azkenean, aurreikusitakoak baino txikiagoak badira, Gizarte Segurantzak ofizioz itzuliko du aldea. Aitzitik, urteko behin betiko errendimenduak aurreikusitakoak baino handiagoak badira, egoera erregularizatu egin beharko da eta aldea ordaindu.

Zer gertatzen da tarifa finkoekin?

Lehen aldiz autonomo gisa erregistratutakoentzat tarifa berri bat sortu da, kuota murriztua deiturikoa. 80 eurokoa izango da lehen hamabi hilabeteetan, eta beste urtebetez luza daiteke. Langileak lanbide arteko gutxieneko soldata (SMI) baino diru sarrera txikiagoak dituela erakutsi beharko da. Oraingo tarifa finkoak bi urte iraungo du: lehen urtean, 60 eurokoa da eta bigarren urtean 200 euroraino handitzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.